Etnografia atalak

0
Boda de hidalgos en Begoña de Francisco Vázquez de Mendieta, 1607

Boda de hidalgos en Begoña de Francisco Vázquez de Mendieta, 1607.

Laburbilduz, esan genezake, gaur egun, mendebaldeko mundu modernoan, emakumeen orrazkera eta burukoa jantziaren osagarri hutsa direla, baina ez da beti hala izan, inondik ere. Antzinatik, orrazteko eta burua estaltzeko moduak hainbat gauza esaten zituen emakumeei buruz: zer gizarte-mailakoak ziren, zein zen haien egoera zibila eta, are gehiago, zer rol eta izen zuten oso hierarkizatutako gizarte horretan. Gizarte estamentalean eta, geroago, XIX. mendera arteko mundu tradizionalean, burukoa emakumeen egoera zibila ezagutzeko erabiltzen zen.

Burukoetako bat zerrenda kizkurrez osatzen zen, zeinak, buruaren inguruan bilduta, kokots azpian lotutako txano moduko bat sortzen zuen. Horrelako burukoa ikus dezakegu Galdakaoko (Bizkaia) Andra Mari Elexaldekoan eta Argandoñako (Gasteiz) Santa Kolonban.

Bizkaiko Golkoaren inguruan dauden herrietan, horrelako eta bestelako buruko batzuk erabiltzetik, askotariko formak eta itxurak zituzten mihisezko burukoak erabiltzera pasatu ziren XIV. mendean. Bizkaiko burukoei esker ezagutzen ziren gure emakumeak lurraldetik kanpo, eta askotariko izenak jaso zituzten —tocada, tontorra, curbitzeta, juichia edo jucichia, moco edo sapa—; gainera, argitalpen askotan erreproduzitu izan dituzte, behin eta berriz.

Formen aberastasun hori erabat hautemateko, Francisco Vázquez de Mendietak 1600 inguruan margotutako hiru olio ditugu. Burukoen forma guztiak aztertuta, esan dezakegu silueta estilizatzeko joera gotikoa nagusitzen zela, zeina XV. mendean hasi zen, Frantziako eta Borgoinako burukoen modarekin.

Detalle del retablo de Santa María de la Asunción de Xemein (Bizkaia), siglo XVI

Detalle del retablo de Santa María de la Asunción de Xemein (Bizkaia), siglo XVI. Cortesía de Amaia Mujika.

Aurreko horien funtzioa Bizkaiko burukoen forma puntadunarekin nahastu zen. Elizako agintariek interpretatu zutenez, Bizkaiko burukoek agerian jartzen zuten emakumeen gorputza “deabruaren atea” zela, eta euskal elizbarrutiko gotzainek debekatu egin zituzten. Alabaina, emakumeek behin eta berriz egin zuten araudi horien aurka, burukoa eta horren itxura herriko jantziaren parte zirela ulertzen zutelako; hala, auziak eta zehapenak egon ziren horiek mantentzeagatik, eta, gehienetan, tokiko agintariek babestu egin zituzten.

Buruko horiek gutxienez XIV. mendeaz geroztik ezagutzen dira, eta horien erabilera beheratzen hasi zen XVII. mendetik aurrera; XVIII. mendearen lehenengo erdialdean guztiz desagertu ziren, Iturriza historialariak jaso duenez.

Ordutik aurrera, mihisez egindako burukoa tamaina txikiagokoa izaten hasi zen eta herriko jantzietan soilik erabiltzen zen; horren ondorio da mihisezko zapi zuria —buruko zapia, buruko zuria, izaratxoa—, XX. mendeko lehenengo laurdenean gure etxekoandreek erabiltzen zutena, beren jantzien elementu identifikatzaile bihurtuta.

Zenbait itxuratan multzokatu daitezke, adibidez, kopetan lotutako kono moztu garaia, Erdi Aroko burukoak gogorarazten dituena, edo beste aldaera batzuk, zabaltasuna atzean utzi eta buru gainean edo mototsean lotzen direnak, belarri bat, bi edo hiru utzita.

Eremu tradizionalean burua estalita eraman zuten emakumeen azken belaunaldiak zapi beltza edo erdi-doluari zegokiona eramaten zuen, jantziaren tonu berekoa, gehienak alargunak eta adinekoak zirelako, Gerra Zibiletik bizirik atera ondoren.

Amaitzeko, mantelina aipatuko dugu; elizako agintariek inposatu zieten jantzi hori dontzeila eta emakumeei, herrialdeko ohituraren aurka, eta asko agertu ziren horren kontra euskal mundu tradizionalean.

Gaur egun, historikoki euskal emakumea identifikatu zuen mihisezko burukoa eremu folklorikora zokoratuta geratu da.

Amaia Mujika – Euskal Museoa Bilbao Museo Vasco


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~