Garai batean, Karrantza Haraneko (Bizkaia) basoetan egur-ikatz asko egiten zen. Hori zen, hain justu ere, inguruetako egurraren erabilera nagusienetarikoa.
Oro har, ikatza egiteko sasoia martxoan hasi eta azarora arte luzatzen zen. Egurra (gaztainondoa, artea, pagoa edo haritza) neguan moztu eta prestatzen zen trontza, aizkora, borra eta ziriz.
Lehenengo-lehenengo, txondorra izeneko egur-pilaketa eratuko zen ikaztokia berdindu behar zen, aitzur eta palekin. Txondor-larrain horri forma zirkularra ematen zitzaion, eta mendi hegalean eraikitzen zirenetan, hesiak altxatzen ziren harri lehorrez, goiko aldetik ateratako lurrari eutsi ziezaioten.
Argigunea ireki ondoren, urruti bazegoen, idi- edo behi-uztarri batek tiratutako gurdian eramaten zen egurra. Eta enborrak gertu bazeuden, lepoan eramaten zituzten; inoiz, horretarako aproposa zen tresna batez baliatzen ziren ikazkinak: egurrezko zilindroa, goialdean lau makila uve forman txertatuta, enborrak han jartzeko, eta azpialdean beste makila artez bat, helduleku gisa.
Txondorra armatu aurretik, lurrean goitik beherako taketa bat sartzen zen. Egurra haren bueltan jartzen zen, behetik gora txukun metatuta, kono-forman eta zuloa edo tximinia erdialdean.
Egur-meta armatuta zegoenean, estali egiten zuten, batzuetan zohiez, belarra beherantz jarrita, eta beste batzuetan arteragoko txondorren batetik ateratako lurra edota iduri xehe-xehez. Behealdean arnasbide txiki bat uzten zen estali gabe.
Gero, erdiko tantaia kendu eta txondorra pizten zuten. Batzuek ilargi beteko egunetan piztu ohi zuten egurra. Horretarako, su apur bat egiten zen, eta sutatik txingar-palakadak hartu, tximiniaren ahora eskaileraz igo eta txondorraren zulotik botatzen ziren, egur zati txikiekin batera. Labeagarekin —hiruren bat metroko luzera duen makila— tximiniaren barruko egurrari eragiten zitzaion, sua har zezan. Ordu bat edo biren buruan, sugarrak ahotik ateratzen zirenean, estali egiten ziren ahoa eta arnasbidea. Egun horretan bertan, ilunabarrean, tximiniaren ahoa ireki eta egur zati txikiekin betetzen zen berriro ere.
Egoste-prozesuak irauten zuen bitartean —hamabi egunetik hamalau egunera, tamaina ertaineko txondorretan—, ikazkinek zaindu egin behar izaten zuten ikaztokia egunez eta gauez, egurra erretzeak sortutako pitzadurak, estaldura-geruzaren hondoratzeak eta sua ateratzea saihesteko. Ingurua borrarekin —kirtendun egurrezko zilindroa— kolpatuz konpontzen zen, egur zati txikiz betetzen zen hutsunea egiteko. Jarraian, zohiekin edo lurrarekin estaltzen zen, egurra sutan jarriko zuen airea sar ez zedin.
Egurra ikatz bihurtu ahala txondorrak bolumena galtzen zuenez, ikazkinek borra edo makila lodi batekin kolpatzen zuten gaineko estalkia, barrua trinkotzeko eta sortutako hutsuneak murrizteko.
Behin ikatza egosita, txondorra ‘hoztu’ egin behar izaten zen. Goizeko lehen orduetan egiten zen lan hori: ikatza estaltzen zuen lurra eskuarearekin irauli, pitzadurak estaltzeko, airerik sar eta ikatza erre ez zedin. Ondoren, itzaltzen uzten zen txondorra hurrengo egunera arte.
Ikatza ateratzeko —hau da, txondorra ‘biluzteko’—, eskuarea edo pikotxa erabiltzen zen, txondor-zulotik gora kanporatu eta bueltan-bueltan zabaltzeko. Horretan zebiltzala, ikazkinek txondorrari hainbatetik oraindik kea zeriola ikusiz gero, gertuko iturburu edo erreketan jasotzen zuten urarekin itzaltzen zuten.
Tradizioz, ekoiztutako ikatza zakuetan zamatzen zen, eta zakuak gurdira eramaten ziren lepo gainean, hori baitzen ikaztegietara edo saltokietara garraiatzeko ohiko garraiobidea. XIX. mendearen amaieratik aurrera, noiz edo noiz, Haranetik kanpoko herrietara ere igaro izan zen ikatz-zakurik Santanderretik Bilborako trenean.
XV. eta XVIII. mendeen artean, ikazkinek Haraneko ibaien ertzetan eraikitako burdinolak ikatzez hornitzen zituzten. Horiek desagertu zirenean, errementeria txikien sutegia elikatzeko erabiliko zen ikatza, baita etxeko beharrizanetarako ere. 1940ko hamarkadan, beste erregai batzuen eskasiak eraginda, garai hartako ibilgailu motordunen gasogenoetan erretzen zen egur-ikatza.
Miguel Sabino Díaz – Etniker Bizkaia – Etniker Euskalerria Taldeak
Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa