Bizkaiko herri euskaldunetan, familiari deitzeko gehien erabilitako hitza etxekoak da, nahiz eta hitz polisemikoa izan. Familia hitzak, gehienetan, ondorengoei egiten die erreferentzia: “Familia euki dabe”. Senideak odoleko ahaideei dagokie, eta erantsiak, berriz, kanpotik iritsitakoei.
Beste alde batetik, –tarrak atzizkia abizenari edo etxearen izenari eransten zaio, eta familia osoari dagokio, ahaideak barne, maila edozein dela ere. Hartara, Uribetarrak Uribe familiako kideei egiten die erreferentzia.
Landa-guneko etxeetan, familia bikoitza edo ezkontzagatiko elkarketa egon ohi zen, hau da, gurasoek eta oinordekoak unitatea osatzen zuten, azken horren ezkontidearekin eta seme-alabekin batera. Jose Migel Barandiaranen hitzetan, unitate ekonomikoa, komunitate soziala eta erakunde erlijiosoa zen hori. Iraganean, ohikoa zen familia bateko hiru belaunaldi elkarrekin bizitzea: gurasoak, etxea jasoko zuen semea edo alaba, eta bilobak. Era berean, gurasoen anai-arreba ezkongaberen bat ere egoten zen, edota oinordekoaren anai-arreba ezkongabeak, eta, batzuetan, baita morroi edo neskameren bat ere.
Barandiaranek dio familiaren abizena edo izena bat datorrela familiaren jatorrizko bizilekuarekin. Caro Barojaren arabera, nekazaritzako oinarrizko euskal familia ez da ia inoiz aitaren abizenagatik ezagutzen, Europako hainbat lekutan gertatzen den bezala, baizik eta bizi diren “etxearen izenagatik”. Gainera, askotan, etxe horien jatorria oso antzinakoa izaten da. Ondorioz, landa-guneetako herri txikietan, pertsona bati deitzeko modu arrunta etxea eta izen propioa aipatzea da, eta, askotan, soilik etxea. Familiako abizen asko leku-izenez osatuta daude.
Segundo Oar-Arteta – Etniker Bizkaia – Grupos Euskalerria Taldeak
Informazio gehiago nahi izanez gero, Atlas Etnográfico de Vasconia bildumako Ritos del Nacimiento al Matrimonio liburukia kontsultatu daiteke.