Etnografia atalak

0
Santa Cruz de Bizkargi, 2019. Leire Zaldibar

Bizkargiko santakurutzak, 2019. Leire Zaldibar.

Sasoi baten, zapatu-domeketako jantzeagaz batera, herrietako eta baso-ermitetako erromeriak be garrantzi handikoak izan ziran. Aste barruko errutinatik ihes egiteko modua zan gehienentzat, egunerokotasunetik aldentzekoa; eta kasu batzuetan, urte guztian ikusi bako alboerritako lagunakaz alkartzeko unea.

Euskal Herria ermita eta santutegiz beterik dago, halan bada, zabal-zabal ibili da erromeriak egitea. Batzuk txikiak izan dira, ingurura mugatuak; beste batzuk, ostera, entzuera handikoak. Bizkaian, maiatzaren 3ko Bizkargiko Santa Kurutz egunekoa izan da famadunenetarikoa.

XX. mendeko 70eko hamarkada arte, egun horretan, ohiturea zan Etxano, Gorozika, Morga, Muxika eta Larrabetzutik letanian igotea Bizkargira. Bizkargira orduko, baina, goiz-goizetik altzauta, etxeko beharrak egin behar izaten ziran. Egun hori, esaterako, ona ei zan artoak-eta ereiteko. Beharrak amaitu, etxera joan, arpegia garbitu eta Bizkargirantza urteten eben.

Letanian, gizon, andra eta ume, danak, joaten ziran, abadea aurrean joiala; eta handiko eta hemendiko baserrietako jentea joaten jaken batzen. Bidean geldialditxua egin, arnas apur bat hartu eta txartel bana emoten eutseen, gero Bizkargin ardao apur bat hartzeko. Ardaoa etxetik eroaneko kristalezko ontzira botaten eutseen.

Mezearen ostean, kanpoan, abadeak hodeiak bedeinkatzen zituan ur bedeinkatuagaz ermitatik urten eta sakristia aurrean. Etxean ereinotzagaz egindako kurutzetxuak be bedeinkatzen ziran egun horretan; eta hareek kortan, soloan, etxeko ateetan ipini gero.

Almuerzo campestre en el Bizkargi, c. 1960. Foto Muñoz

Bazkaria Bizkargin, 1962. Argazkiak Muñoz.

Santa Kurutz egunaren hurrengo domekan, barriz, erromeria itzela egiten zan Bizkargin, eta inguruko herrietatik ezeze, urrinagotik be jente asko joaten zan eguna pasetan (Bedia, Galdakao, Bilbo, Etxebarri, Busturia, Orozko…); asko eta asko Lezamaraino trenez, eta handik, prozesinoan lez, basorik baso Bizkargiraino. Egun guztirako joaten ziranek bazkaria be eroaten eben: batzuek makailaoa aza-orrian batu eta zapata-kajan sartuta; beste batzuek patata-tortillea. Ermita inguruko zelaian edo arbola artean jesarrita bazkaltzen eben. Tabernak be ipinten zituen, toldo eta guzti, egarria euki ezkero, zeozertxu hartzeko; eta jente artean aurrera eta atzera ibilten zan Bilboko barkillo-saltzailea be.

Bazkalostean hasten zan erromeria: bi-hiru musikarik joten eben batera, bakotxa alde baten jarrita eta euren ondoan kobratzailea; izan be, mutilek txakur handia pagau behar izaten eben jantzan egitearren. Neskak neskatara jantzan hasi, eta mutilek momentu hori aprobetxetan eben gustukoenarengana hurreratu eta jantzea eskatzeko. Neska-mutilak eretxi baten egon ezkero, alkarregaz jantzan paretan ziran.

Eguna ez zan hor akabetan, izan be, arrastian, Bizkargitik bajatu orduan, erromeria itzela egoten zan Morgako Goikoganen be. Asko, Bizkargira igon ez, eta bertan geratzen ziran. Gau-iluntzean, danak joaten ziran etxerantza kantetan, poz-pozik.

Santakurutzak bereziak izaten ziran, duda barik. Inguruetako jentearen alkargunea izaten zan Bizkargi; eta gaur egun be halan izaten jarraitzen dau, nahi-ta ohiturak asko aldatu diran. Aurten domekea da Santa Kurutz eguna, baina, zorritxarrez, ezin izango dogu ohi dogun lez ospatu.

Ziortza Artabe Etxebarria – Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~