Etnografia atalak

0

Zeanuriko kofradien arteko bola txapelketa Altzustako bolatokian (2022-X-1). Egilea: Jon Urutxurtu.

Bola jokoa desagertzeko arriskuan dago. Bola jokoaren indarra galtzea eta landa-munduaren gainbehera aldi berean gertatu dira, batez ere XX. mendearen erdialdetik aurrera gune industrializatuetara zuzendu zen landa-eremuetako populazio-exodoaren ondorioz.

Bola jokoa gaur egun kirol minoritarioa bada ere, antzina pilota bezain ezaguna izan zen. Azken urteetan ehunka bolatoki galdu dira eta, batez ere, belaunaldiz belaunaldi kultura-transmisioa eten da.

Bola joko modalitate asko daude Euskal Herrian zein Estatuko beste toki batzuetan. Bizkaian bakarrik zenba daitezke hamabost bat modalitate, batzuk jada desagertuak. Horietako bat Zeanurikoa da. Gaur egun dauden bolatokiak udalerria osatzen duten zazpi auzune edo kofradietako ermita batzuen ondoan daude, eta urtean behin jokatzen da bertan, ermitaren jaiegunean.

Zeanuriko bolatokiek 19 eta 26 metro arteko luzera dute gutxi gorabehera, eta 2,50 eta 3,50 metro arteko zabalera. Jaurtiketaren eremuan, bolarekin jo behar den ohol bat dago, eta bolak ez badu egur horretan jotzen edo taularen marratik harago jotzen badu, sinka da, eta jaurtiketa ez da baliozkoa. Ezkerraldean, bolatokiaren erdiaren inguruan, hesola txiki bat dago —katxine—, eta jaurtiketak hesola horretan jotzen badu, jaurtiketa hori ere ez da baliozkoa.

Bolatokiaren amaieran lau txirlo jartzen dira, hiru tamaina berekoak —40 cm ingurukoak— eta beste bat txikiagoa —20 cm ingurukoa—, azken hau besteen  ezkerraldean. Txirloen atzean zubile izeneko enborra dago, bolatokiaren amaiera edo topea adierazten duena. Bolak ez badu muga hau jotzen jaurtiketa baliogabea izango da eta txorra izan dela esaten da. Topearen ondoan pertsona bat jartzen da, normalean mutiko bat —etxerue—, bolaria dagoen tokira bola itzultzeaz eta txirloak zutik bere lekuan jartzeaz arduratzen dena. Jokoaren amaieran eskupekoa jasotzen du irabazlearen eskutik.

Bola jokoan Ipiñaburuko bolatokian, 1910eko hamarkadan. Argazkilaria: Felipe Manterola.

Jokoa txirloak botatzean datza eta bakoitzak puntu bat balio du. Bolarekin ezkerreko txirloa botatzen bada, ez da punturik lortuko. Puntua baliozkoa izateko ezkerreko txirlo txiki hori hiru handietako batek bota behar du.

Bolariak jokatu aurretik, diru-kopuru txiki bat utzi behar du —euro bat edo bi—, arrapea izenekoa. Ordaindu ondoren, hiru bola jaurtitzeko eskubidea du eta irabazleak parte-hartzaile guztiek jarritako dirua eramango du.

Arrapea jokatzeaz gain, herriko banakako txapelketa jokatzen da honako bost bolatoki hauetan: Altzuagan; Undurragan; Ipiñaburun; San Juston eta San Lorentzon. Ondoen sailkatuek banakako finala jokatuko dute San Lorentzo bolatokian jaiegunaren biharamunean.

Denboraldiari amaiera emateko, Altzustako San Migel ermita ondoko bolatokian taldekako txapelketa jokatzen da: Kofradien arteko bola txapelketa. Bertan, udalerriko zazpi kofradiek parte hartzen dute, talde bakoitza lau bolarik osatuta.

 

Jon Urutxurtu

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~