Hasteko, XXI. mendean gaudela ahaztu, eta bi edo hiru mende atzera jotzeko eskatuko nioke irakurleari. Joan gaitezen argindarrik ez zutenez kandelak erabiltzen zituzten garai haietara, zoru gehienak zurezkoak zirenez garbitu eta ziratu behar ziren urteetara. Jo dezagun hildakoen arimei, zuten garrantziagatik, bizitza honetatik bestera igarotzeko argia ematen zitzaien garaira. Eta argizaria diru gisa erabiltzen zen urteetara, eremu publikoetako eta elizako argiak horrekin ordaintzen zirelako. Orduan, eta duela gutxira arte, argizariak izugarrizko garrantzia zuen, gaur egun imajinatu ere ezin duguna.
Gure herrian, erabilera eta ohitura askorekin lotuta egon izan da, bereziki hileta-erritoekin. Segur aski, Domu Santuen egunean (azaroak 1) kontsumituko zuten argizari gehien; izan ere, argizaria eta hildakoak binomio banaezina ziren.
Argizaria erabiltzen zuten gaixoa azkenetan zegoenean, haren ondoan Kandelario egunean bedeinkatutako kandela bat jarrita (Argia lagun). Uste zutenez, kandela hori piztuta, hiltzear zegoenaren ahulezia-unea aprobetxatuz haren arimaz jabetzera zetorren deabrua uxatzen zen.
Argizaria erabiltzen zen heriotza hurbil zegoenean. Gaixoarentzat biatikoa zeraman apaizaren aurretik joaten zen kandelaren eramailea, eta guztiek zekiten argiontzi luze horretan kandela piztuta eramateak txit santua zetorrela esan nahi zuela.
Hiletetan ere erabiltzen zen, eta zenbat eta gehiago, hobeto; horretarako, etxeko nagusia hiltzen zenean, lehenik eta behin erlauntzetara joaten ziren, «nagusia hil» zela jakinarazteko, eta, hala, erleak argizari gehiago egiten saia zitezen. Hileta egitean, elizan beti izan behar zituzten kandelak, tortxak eta kandela handiak piztuta.
Heriotzaren ondoren, etxekoandreak izaten zuen igandero etxeko sua elizako hilobiraino eramateko ardura handia. Horretarako, argizaiola erabiltzen zuen, eta piztuta mantentzen zuen elizkizunean, hilobi horretako hildakoek beste bizitzara joateko behar zuten argia izan zezaten.
Era berean, ohitura zen urriaren 31n bide bazterretan kalabaza hustuak jartzea. Begiak eta ahoa zulatuta izaten zituzten, eta kandela piztu bat barruan, hildakoen arimak bide egokitik gidatzeko. Arimen gaua zen, eta, gerora, bere funtsezko xedea galdu ondoren, ia haur-jolas bihurtuta, «Gau beltza» deitu zioten. Gaur egun, nolabait faltsututa eta itsasoaren beste taldetik ekarrita ospatzen dugu gauza bera, Halloween anglizismoaz izendatuta, han asmatu izan balute bezala.
Azken hamarkadetan, halaber, antzina oso ohikoa zen lanbide bat desagertzen ikusi dugu: kandelagilearen lanbidea. Joaquín Donezar soilik aritzen da, gaur egun, arte eta bizibide horri bizitza ematen, Iruñeko Zapatari kalean.
Eta argizariarekin lotutako kultura horren guztiaren aurrean, oraindik ere amonek egiten duten erresistentzia heroiko horrekin, Amezketako elizan igandero piztuta mantentzen dituzte argizaiolak. Segur aski, oso zaila izango da kultura hori mendez mende bizirik mantendu duen metxak piztuta jarraitzea. Baina gure eskuetan dago, behinik behin, horren guztiaren oroimena gordetzea, egun batean geure kulturaren ispiluan begiratzeko aukera izan dezagun.
Horixe da egun hauetan argitaratuko den Cera – Argizari (Xibarit Argitaletxea) liburuaren xedea: argizariarekin lotutako herri-kulturak betiereko argia izatea.
Fernando Hualde – Etnografoa