Etnografia atalak

0

Elizatik ateratzen prozesioan. Garai (Bizkaia), 2013. Igone Etxebarria. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Durangoko Merinaldea (Bizkaia) tradizio ugariren sorlekua da. Dantzari-dantza dantza-multzoa da, esaterako, inguru horretako tradizioetako bat. Zortzi lagunek egiten dituzte dantza horiek herriko, auzoko eta kofradiako jaietan, txistulari batek lagunduta.

1881. urtean, Humboldt naturalista alemanak dantza hori aipatu zuen bere lanetako batean. Ordutik, tradizioak etenik gabe eutsi dio, eta gure lurraldeko txoko guztietara hedatu da.

Udalerri bakoitzeko zaindari-jaien bezperan, Donienatxa (San Juango haritza) edo Maiatza jartzen dute dantzariek. Haritzezko edo beste zuhaitz batez egindako enbor luze bat izan ohi da, behar bezala zuritua, goiko adarrak izan ezik, eta barazkiz, ereinotzez eta beste landare batzuez apaindua. Maiatza jarri ondoren, dantzariek, kaleko arropez jantzita, Dantzari-dantza eta Erregelak dantzatzen dituzte, jaiaren aurreko azken entsegu gisa.

Antzina, jai-egunean, dantzariak prozesioan joaten ziren agintariekin elizaraino, eta mezan, leku pribilegiatuan esertzen ziren. Garain, oraindik dantzariek eramaten dute santuaren irudia San Migel eta San Juan elizen artean, San Inazioren Martxaren soinuan.

Agintariena. Garai (Bizkaia), 2013. Igone Etxebarria. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Esan dugun bezala, Dantzari-dantza dantza-multzo bat da. Hasieran, Agintariena edo Ikurrin-dantza egiten da, eta, izenak adierazten duen bezala, agintarien ohorez egiten da, ikurrinari eragiten zaion bitartean. Ondoren, Zortzikoa, Banangoa, Binangoa, Launangoa, Ezpata-jokoa, Makil-jokoa eta Txotxongiloa dantzatzen dira. Lehen laurak txandatan dantzatzen dira, zortzik, batek, bik eta lauk, hurrenez hurren, denek zer-nolako trebetasuna duten erakusteko. Ezpata-jokoa eta Makil-jokoa ezpata eta makil jokoak dira, izenak esaten duen bezala. Txotxongiloaren dantzak lapur bat harrapatu eta exekutatu izana gogora ekartzen duela dio.

Amaitzeko, Esku-dantza dantzatzen da. Lehenengo eta azkena doazen dantzariek, orain arte gizonek beti, emakumeak plazara ateratzen dituzte dantza egitera. Gaur egun, ezkonduen eta ezkongabeen, gizonezkoen eta emakumezkoen, arteko bereizketa oso lausoa da. Antzina, Garain, Santiago egunean, gizon ezkongabeak atera ohi ziren dantzara. Ezkonduak hurrengo egunean ateratzen ziren, Santa Anaren jaiegunean. Egun horretan bertan, eta, tradizioz, emakume ezkonduek Esku-dantza dantzatzen dute danbolinaren erritmoan.

Igone Etxebarria – Labayru Fundazioa

Informazio gehiago eskuratzeko, ikus www.urtesasoiak.com.


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~