Denboraren mende gaude; baina, zenbaterainokoa da dugun mendekotasun hori? Ba al dakigu jakin une bakoitzari ematen diogun balioa? Oraina, adin batera orduko, eta agian orokorrean, igarri eta antzeman ezina iruditzen zaigu; sentitu ere ez dugu egiten. Iragana urrunekoa da, oroitzapenek bizipenez liluratzen ez gaituztenetan. Eta etorkizuna berez bihurtzen da orainaldi…, edo alderantziz.
Gizakiaren existentzia, gertaerak eta bilakaera neurtzeko formulek, sinetsi ala ez, joan-etorriak izan dituzte, baita erlijio-aitorpenaren araberako onespena, desfaseak eta eguneratzeak ere. Horrexegatik eta horrexetarako sortu ziren egutegiak, nahiz eta eguna, astea edo urtea neurtzen zituzten jakin ez.
Egin diren ikerlanei erreparatuz gero, bistan da egutegi zaharrenak ilargi-egutegiak izan zirena. Ilbetea eta gainerako aldiak 29,54 egunean behin izaten dira, gutxi gorabehera. Urteko lehen ilbeherari egiten zaio jaramon kanabera edo ezpela mozteko, horien zurez musika tresnak egiteko; edota, antzina, txerria hiltzeko, abendu-urtarriletan. Kontu zaharrak erre egiten omen dira gauez, eta solstizio-suak egoera guztiz desberdinen berri ematen digu udan eta neguan: egunik luzeena eta laburrena, beroa eta hotza, bizirik irautea (laborantza, arrantza eta ehiza) eta aisia etxeko sutondoan.
Eguzki erregeak ematen dio beroa Lurrari. Kultura askotan limurtu eta gurtu egiten duten astroa da gure ibilbide orbital nagusiaren gidaria: urtea, alegia. Urte horrek egun bat gehiago izango du lau urtetik lau urtera, urtaroak eta horiek dakartzatenak ezegonkortu ez daitezen.
Baina, suak ez ezik, beste erritu batek ere uda-egunak dakarzkigu gogora. Ahozko transmisioak dioenez, ekainaren 24an Eguzki Jaia ospatzen zen Lekeition (Bizkaia). Andrazkoen Aurreskua edo Eguzki-dantza izenekoa antzezten zen festa horretan, eguneko hiru une zehatzetan: egunsentian, eguerdian edo eguerdiko abemariak jotzean, eta ilunsentian.
Lizarra edo arantza-gurutzea jartzeko eta eguzki-lorea atean iltzez josteko sasoi egokia zen hura. Horrela, etxea babestuko zuten bai hondamendi naturaletatik, bai osasun-gaitzetatik eta bai ipuinetan ezagunak ziren sorginetatik ere —ez gara, ez, inkisizioa beren haragietan jasan eta ‘denborak’ oraindik aintzat hartu gabeko amaiera gaiztoa izan zutenez ari—.
Ekintzan, protokoloan, espazioan eta unean oinarritzen dira erritualak: ordua, eguna, urtaroa, santuen izendegia (egutegi liturgikoa) edo udaberriko lehen ilargi betean sortzen den jai aldakorra. Ospakizun horiek bizirik diraute; izan ere, beroriek erakusten digute eguneroko ibilbidea gaur egun ere. Tinko geratu dira betiko iragan kolektiboan, toki estrategikoetan jarrita dauden erloju mekaniko edo eguzki-erlojuen eta kanpai-hotsez bidez.
Gorde edo sortu ditugun adierazpen eta jarduerak dira horiek guztiak, egutegi gregorianoaren egun eta ordu bat erreferentziatzat hartuta, minutu, segundo eta guzti. ‘Denbora’ esaten diogun hori, gizateriak horrela ezarria, ez da sekula gelditzen planetek eta sateliteek beren ardatzaren edo beste baten inguruan biraka dabiltzan bitartean. Hori da dugun sentsazioa behintzat.
Emilio Xabier Dueñas – Folklorista eta etnografoa
Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa