Etnografia atalak

Murgoitioko San Juan ermita. Berriz (Bizkaia). José Ignacio García Muñoz. Labayru Fundazioaren argazki artxiboa.

San Joan edo Donibane egun seinalatua dugu gure herri egutegian. Horregatik, Gurutzi Arregiren artikulu hau berreskuratu dugu, 2016an argitaratua.

San Joan Bataiatzailearen egunean, egunsentitik eta eguzkia ateratzen den arteko tartean, ohitura da etxeetako eta santuari eskainitako ermitetako ateetan haritz edo lizar adar bat jartzea, belarrez eta lorez egindako sortatxo batez apaindua. Garai batean, sortatxo horrek galburuak ere izaten zituen. Adarraren zurtoinean, bestalde, ezpal zuritu bat jartzen zen, gurutze tankerako bat osatuz. Udako solstizioaren ikurra da, eta sanjuan-haretxa esaten zaio.

Beste erritu bat ere egin izan da, auzo edo herri mailan. Bezperan edo egunean bertan, goizean, zuhaitz bat jartzen zuten herriko elizaren aurrean. XVIII. mendean, hainbat izen erabiltzen ziren zuhaitza izendatzeko: Árbol de san Juan, Árbol de la Cruz edo Mayo. Izurtzako elizateko kontuetan (Bizkaia), honako gastu hau jaso zuten 1755ean: “quatro reales por poner el Arbol de la Cruz la mañana del dia de San Juan Bapta, segun es costumbre” [“lau erreal, ohiturari jarraituz San Joan Bataiatzailearen egunez Gurutzeko Zuhaitza jartzeagatik”].

Muntxarazko Andra Mari ermita. Abadiño (Bizkaia). José Ignacio García Muñoz. Labayru Fundazioaren argazki artxiboa.

Jaiegunaren bezperan, Durangaldeko (Bizkaia) ermita askotan ohitura izan da, eta gaur egun ohiturari eusten diote toki askotan, inguruko larre batean zuhaitza landatzea. Donilatxa esaten diote zuhaitzari, eta izen hori, dirudienez, doniane-haretxa (San Joan haritza) esaeraren forma laburtua da. Zuhaitz garaia izaten da, adarrez eta azalaz gabetua, eta lore, landare eta barazkiak lotzen dizkiote adaburuan.

Auzoko gazteak arduratzen ziren zuhaitza jartzeaz, eta, lan horiek amaituta, errondea egin ohi zuten etxez etxe auzoan barrena, kantuan eta dantzan; amaitzeko, txokolatea edo baratzuri zopa, berakatz-zopea, hartzen zuten.

Jaiegunean zuhaitza landatzeko ohituraren ezaugarriei erreparatuta, oso antzinatik datorren ohitura dirudi. Egiaztatu dugunez, Europako eskualde askotan oso zabalduta dago herrixketan zuhaitzak edo mastak jarri, eta euren ikurrez apaintzeko ohitura.

 

Gurutzi Arregi – Etniker Bizkaia – Etniker Euskalerria taldeak

 

 

*Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu obra hauek: Gurutzi Arregi. Ermitas de Bizkaia (3 v.), Bilbao, 1987; Gurutzi Arregi. Origen y significación de las ermitas de Bizkaia, Bilbo, 1999; Gurutzi Arregi, José Ángel Barrio eta Ander Manterola. Anteiglesia de Izurza: tradición y patrimonio. Izurtza, 1990.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~