Etnografia atalak

0
Herrada de la familia Olabarria del barrio de Udiaga. Orozko (Bizkaia)

Herrada de la familia Olabarria del barrio de Udiaga. Orozko (Bizkaia), 2018. Itziar Rotaetxe. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Edarra edo suila, Euskaltzaindiaren arabera, ‘zurezko ontzia da, oinarria ahoa baino zabalagoa duena eta burdinazko uztaiak dituena’; gaur egun, objektu erabilgarriak baino gehiago, horrelako ontziak museoko piezak dira. Antzina, edarra asko erabiltzen zen euskal gizartean, XIX. mende osoan eta XX. mendeko lehenengo hamarkadetan, behinik behin. Emakumeek ontzi horietan ekartzen zuten ura iturritik. Euskaraz, mendebaldeko euskalkietan ‘errada’, ‘perrada’, ‘edarra’… deitu izan zaio; ekialdean, berriz, ‘ferreta’ izan da ontzi honen ohiko izena.

Zaraitzu ibarreko herri nagusian, hots, Otsagabian (Nafarroa), oroitzen dudanez, ia atari guztietan edarra bat aurki daiteke, urre koloreko burdineria leundu eta distiratsuekin. Donostian (Gipuzkoa), esan didatenez, alderantzizko edarra danbor bihurtzen zen eta mutilek etengabe jotzen zuten, San Sebastian egunaren bezperan. Lagunarteko hizkeran, XVIII. eta XIX. mendeetan, behinik behin, euria erradaz egin esaten zen, ‘euria barra-barra ari zela’ adierazteko, zenbait egileren arabera. XIX. mendeko idazle Arrese Beitiak eta Alfonso M. Zavalak esaera hori erabili zuten. Lehenengoak “edarraz euriak (egin)” idatzi zuen, eta bigarrenak, berriz, esaldi honekin hasi zuen Txomin Urreta ipuina: “Goyan-bean euria perradaz bezela ari da”. Euria goian-behean ari da esatean, ‘euri ugari ari duela’ esan nahi da; aldiz, perradaz bezala gehitzen bazaio, ‘edarraz ura botako balute bezala ari duela’ esan nahi da. Beraz, metafora batean oinarritutako unitate fraseologikoa da.

Cántaros y herrada para agua. Eulalia Abaitua. Mujeres vascas de ayer. Euskal Museoa Bilbao Museo Vasco, 1990

Cántaros y herrada para agua. Eulalia Abaitua. Tomada de Mujeres vascas de ayer. Euskal Museoa Bilbao Museo Vasco, 1990.

Ontzi hori dagoeneko erabiltzen ez den arren, gaur egun aipatutako esamoldeen antzekoak entzun daitezke, oraindik ere. Gotzon Garatek Azpeitian (Gipuzkoa) esaldi hau dokumentatu zuen: euria egin du erradaz botata bezala. Orozkoko (Bizkaia) bizilagun batek, Marina Olabarriak, euria erradaz egin esaldia erabiltzen du, oraindik ere, euria barra-barra ari duela esateko. Esanahi bera adierazteko, beste ontzi batzuk ere erabili izan dira. Adibidez, euria suilka egin ere esaten da.

Sarritan entzun diot gure amari, Lorenza Elorzari, Markinako (Bizkaia) herriguneko emakumeak Goiko Portaleko iturrira joaten zirela edarrak urez betetzera: “Le(h)ena ez euen urik etxietan, eta kaleko andrak, buruen sorkixe ebela, sorkixe bigungarritzat ipinitte, edarran ekarten eben ure”.

XIX. mendeko atsotitzetan Juan Antonio Mogelek jasotako esaera zaharra aurki dezakegu: Otsein barrijak galbaiaz ura, zaarrari edarriaz bere lecurik emon ez gura. J. F. Cerquand-ek jaso eta 1875 eta 1885 artean Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau aldizkarian argitaratutako asmakizunen artean, Zuberoako hau dago: Üthürrialakoan khantatzen eta etxerakoan nigarrez?; igarkizun horren erantzuna ‘ferreta’ da, hots, edarra.

Bereterretxen khantoria euskal balada zaharrenetako bat da, eta XV. mende erdialdeko gertakari triste batzuez geroztik abestu izan da Zuberoan. Abestia XIX. mende amaieran eta XX. mendearen hasieran jaso zen ahozko tradiziotik. Chambraren aldaeran, hamargarren estrofan, zera dio:

Ezpeldoiko alhaba
Margarita deitzen da,
Bereterretxeren odoletarik
bethe umen dü ferreta.

Esaten da Ezpeldoiko neska batek, Margaritak, edarra bete zuela Bereterretxeren odolaz, sakrifikatuak odol asko isuri zuela adierazteko. Bertsio ezagunago batzuetan, esaten da Margaritak esku beteka jaso zuela Bereterretxeren odola.

Jabier Kalzakorta – Euskaltzaina – Deustuko Unibertsitateko irakaslea


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~