Etnografia atalak

0

Eguen Zuri eguneko eske-erronda. Berriz (Bizkaia), 2015. Igone Etxebarria. Labayru Fundazioa Argazki Artxiboa.

Eguen Zuri aratuste-domekaren aurreko eguena da; edo nahiago bada, Basaratoste-egunaren hurrengoa. Ospakizun bi hauekin ematen zaio hasiera aratuste-aldiari Bizkaian.

Basaratoste deritzon osteratxoak eremu zabalagoa hartu izan badu ere, Eguen Zuri delakoa Durango eta Oiz aldeko herrietara eta Arrankudiaga ingurura mugatzen da. Resurrección M.ª de Azkueren esanetan, XX. mendearen hasierarako ematen da galdutzat Oizeko iparraldean; Durangaldean, ostera, gaur arte iraun du. Zenbait herritan, urte batzuetan ahaztuta egon eta gero, 1980ko hamarkadan berreskuratu eta biziberritu zen eske-egun hau.

Eguen Zuri izenak berak ematen digu egun honen gaineko informazio-zertzeladaren bat. Sartaldeko hitza da eguen, eta ‘osteguna’ adierazten du. Zuri izenondoak astegun zuria zela esan nahi du; hau da, astegun izanagatik, ‘beharrik gabeko eguna’, eta eskola-umeentzat ‘eskolarik gabeko eguna’. Horregatik, ume eta gazteek ilusio handiz ospatzen zuten jaiegun hau.

Gaztelaniaz Jueves Gordo edo Jueves de Lardero esaten zaio. Eta horrekin lotzen dugu honako esamolde ezaguna: Jueves gordo, viernes delgado, sábado regular y domingo carnaval.

Bai Eguen Zuri egunean, bai aratusteetako beste egun batzuetan, ohikoa izan da eske-errondak egitea. Eguen Zuriz, eskola-umeak (sasoi batean mutikoak bakarrik) auzorik auzo eta etxerik etxe ibiltzen ziren, koplak abesten eta borondatea eskatzen. Eta batutako jeneroarekin —txorizoak, arrautzak, intxaurrak, hurritzak…— askaritxoa egiten zuten.

Izan ere, aratusteak neguaren bihotzean ospatzen dira, udazkeneko uzta eta fruituak gure baserrietako ganbaretan batuta daudenean, baita txerri-hiltzearen ondorengo emaitzak ere, gatzun-asketan kontserban jarrita edo sukaldeetan eskegita. Sasoi hau da egokiena lege zaharrean zor den ekintza betetzeko: behar duenari ematea, alegia. Gizarte tradizionalean, ez daukanak eskean egin lezake, eta daukanak eman egin behar du. Horixe da, hain justu, gizalegea.

Aratusteetan zein urtean egiten diren beste eske-erronda batzuetan kantatzen ziren koplen egitura nahiko antzekoa da: etxeko bizilagunak agurtu, abesteko baimena eskatu (etxekoak doluz egonez gero, abestu beharrean otoitz egin), jaiegunari erreferentzia egin, etxekoak koplatu, saria eskatu eta eskerrak eman. Eta saririk hartu ezik, solidaritate falta hori salatu.

Hauxe da 2010ean Berrizko Juanita Bastidari batu genion bertsioa:

1
Eguen Zuriko eguna
Jaungoikoak berak egina,
eskola-mutilak ibiltzeko
limosna on baten bila.

2
Hor goian-goian goldea
haren gainean belea,
etxe honetako na(g)usi jauna
nekazari langilea.

3
Poltsan baditut erreal bi
bata bestearen irudi,
etxe honetako etxekoandreak
Ama Birjina dirudi.

4
San Kasiano obispua
eskola-maisu jakituna,
Jesukristoren fedeagaitik
odola emon ebana.

5
Santu hau bitartez dala
ez eizu izan okerrik,
orain bagoaz danok aurrera
agur danori eginik.

6
Emon behar b(ad)ozu, emoizu
bestela ezetz esaizu,
ate ondoko haizeak hartzen
amak ez gaitu bialdu.

7
Mari Mondrongo, Mondrongo
hik ez don asko emongo,
hik emongo (do)nan limosneagaitik
ez jonagu asko edango.

Erronda hauetan, batzuetan, oilarra eramaten zuten otzara batean sartuta. Eta kantatzen zituzten kopletan ere sarri agertzen da oilarraren aipamena: Arrankudiagan jaso dugun honetan, esaterako.

Oilar gorria (e)ta bai ederra
(e)ta gure palu(a) daukagu,
honentzat bere eskatzen dogu
zer edo zer ahal badozu.

Oilar-jokoa. Ermua (Bizkaia), 2012. Igone Etxebarria. Labayru Fundazioa Argazki Artxiboa.

Amaitzeko, egun honetan Ermuan egiten den oilar-jokoa aipatuko dugu. Ohitura hau aspalditik dator eta eten barik egin izan da. Gerraosteko urte latzetan ez zen komenentzia askorik egoten etxeetan, eta kontuan hartuta oilarra bera zela umeek saritzat hartzen zutena, aparteko gurariaz ospatzen zuten jaiegun hau.

Gaur egun udalak eta ikastetxeek antolatzen dute. Jokoa plazan egiten da, lehen egiten zenaren berdin antzean. Desberdintasun bakarra dago: kutxa barruan sartzen den oilarra ez da jada benetakoa. Jokalariak oilarra aurkitzeko ahalegina egiten du, begiak zapi batekin estalita dituela; horretarako, txistularien eta plazan dauden umeen laguntza izaten du, oihu bizian oilarra non dagoen esaten saiatzen dira eta. Saria oilarra irudikatzen duen trofeoa da orain.

Akaitze Kamiruaga – Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa

Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu: Adolfo Arejita, Igone Etxebarria, Akaitze Kamiruaga. Aratusteak Bizkaian. Geureak bilduma. Bilbo: 2013.


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~