Etnografia atalak

0

Agurain, 2017. Argazkia: Bea Gallego.

Egunsentiko kantuak herri-debozioaren ezinbesteko elementuetako bat izan dira landa-eremuan, XXI. mendearen hasieran oraindik ere bizirik dirautenak (bai, behintzat, pandemia aurreko garaian) Arabako hainbat herritan. Ezaugarri komunak dituzte haien artean, baina leku batetik bestera ezaugarri desberdinak ere badituzte.

Orokorrean, dakigunez, XVII. mendean baziren “auroro, iratzartzaile edo rosariero” izenekoen kofradiak edo ermandadeak, fededunei egunsentiko arrosariorako dei egiten zietenak. Alabaina, une gorena XVIII. mendetik aurrera izan zen, arrosarioarekiko debozioari lotuta. Horrela, igande eta jaiegunetan arrosarioak kantatzen hasi ziren, doinu soil eta herrikoiekin. Gero talde antolatuak sortu ziren, eskuargi, txilin eta guzti ibiltzen zirenak, eta auzotarrei gonbit egiten zieten goizeko lehenengo mezako arrosarioa errezatzera joateko. Horren aurretik, santuaren eta jaiegunaren aipamena egiten zuten, arrosario hori haiei eskaintzen zitzaielako.

1878an, Leon XIII.a aita santuak nahitaezkotzat jo zuen arrosarioa errezatzea kaleetan urri osoan (horregatik, gaur egun, oraindik ere adin bateko jende askok “arrosarioaren hilabetea” esaten dio urriari), eta, hotsandiz hornitzeko, abemariak, aitagureak eta gloriak gaineratu zituen. Huraxe izan zen herri-debozio honen une gorena. Testuinguru horretan sortu zen auroro-aren irudi primitiboa, zenbait herritan zaharrenek oraindik gogoan dutena: gizon elizkoi bat, goizero, eskuargia eta txilina hartuta, artean lo zeuden herriko kaleetan barrena ibiltzen zena, eguneko bertsoak kantatzen zituen bitartean, horiek biltzen zituen liburu txiki baten laguntzaz. Elizarako bidean, auroro bakarti horri fededun gehiago batzen zitzaizkion, eta erlijio-aginduak betez hasten zuten eguna. Klase aberatsetan ohikoak diren beste praktika-mota batzuen aurrean, gizarteko klaserik xumeenen artean sakon errotuta zegoen debozio-mota herrikoi baten aurrean gaude.

Egutegi liturgikoan seinalatutako egunak ospatzeko eta eguneko santua auzokoei iragartzeko ohitura horretan dute sorburua gaur egun ezagutzen ditugun aurorek edo egunsentiko kantuek (Guardian versos eta Agurainen aleluyas ere deituak), gonbit egiten baitzieten auzokoei, lanaldia hasi aurretik, egunsentiko arrosarioa errezatzera joateko.

Guardia, 2016. Argazkia: Bea Gallego

Gaur egun, egun seinalatuetan kantatzen dituzte kantu horiek herriko kaleetan ibiltzen diren taldeek, leku jakin batzuetan, zirkularra edo perimetrala izan ohi den aurrez finkatutako ibilbidean. Letra bana zegoen egun bakoitzeko, eta liturgia-jaiak gehitu behar ziren, gainera. Denak liburu txikietan biltzen ziren, Moredan oraindik ikus daitekeen bezala. Denboraren poderioz, eguneroko praktika hori igandeetara eta jaiegunetara murriztuz joan zen. Azkenik, hirurogeiko hamarkadatik aurrera izandako eraldaketek gainbehera ekarri zieten egunsentiko kantuei: gizartearen sekularizazio-prozesu azkarra izateaz gain, mekanizazioak edo industrializazioak bultzatu zuten landa-ingurunea eta landa-mundua eta bere kosmobisio bereziak bertan behera uzteko joera.

Hala, bada, antzina herri askotan egongo zen ohitura hau herri hauetan geratu da jasota (bibliografian edo letrak gordetzen direlako): Abetxukun, Apilaizen, Arluzean, Bernedon, Eltziegon, Kanpezun, Lotzan, Heredian, Mezkian eta Gazeon. Beste herri batzuetan, tradizioak orain dela urte gutxira arte iraun du, baina, belaunaldien arteko erreleborik ez dagoenez, arriskuan dago haren jarraipena, esaterako, Elvillarren, Moredan eta Orbison. Hain zuzen, galtzeko prozesu hori ikusirik, deigarria da gure lurraldean duen presentzia edo erresistentzia, XXI. mendearen hasieraraino iritsi baita Kripanen, Labrazan, Lagranen, Laguardian, Lantziegon, Oionen, Pipaónen, Agurainen, Santikurutze Kanpezun, Gasteizen, Haranan eta Ekoran. Tradizioaren iraupenaz gain, leku batzuetan berreskuratu egin dute, bai eta duela gutxi baten bat asmatu ere, besteak beste, Gasteizen.

Pentsa liteke ez dela kopuru handia, ikuspegi kuantitatibotik aztertuta. Hala ere, datu garrantzitsua da, egunsentiko kantuak izen generikoarekin, herri bakoitzak aurkezten baititu bere datak, letrak, doinuak, lotutako ohiturak edo taldeak osatzen dituztenen profila. Jakina, nabarmena da herri horietako aurorek ezaugarri komun batzuk dituztela: bat datozen letrak (edo aldaketa txikiekin), tradizio honetarako ohikoak diren datak (urtarrilaren 6a, abuztuaren 15a…) edo hirurogei urtetik gorako batez besteko adina duten taldeen nagusitasuna. Garai batean, eskuargia eta txilina ezinbestekoak ziren, goizean goiz ibili behar baitziren eta kantuak dei egiteko funtzioa baitzuen. Gaur egun, elementu osagarriak dira, baina tradizioaren parte legez eutsi zaie, eta Agurainen, adibidez, elementu bereizgarriak dira.

Herrika azterketa zehatzagoa eginez gero, ohartuko gara herri bakoitzean tradizioa desberdina dela. Izan ere, aintzat hartu behar dira, alde batetik, kantuen alderdi musikalak (kasu batzuetan, doinu herrikoiak eta errepikatuak; beste batzuetan, konplexuak eta bakarrak) eta letrak (batzuetan, hainbat herriren artean partekatuak, baina baita aldi bakoitzean ex profeso konposatuak ere, maiz azken urtean gertatutako konturik garrantzitsuenak islatzeko asmoz); eta, bestetik, beste elementu batzuekin duten lotura: egunsentiarekin (noiz egiten den, baina, batez ere, nola markatzen diren geldialdi bakoitzaren hasiera eta amaiera), espazioarekin (nondik doan ibilbidea, non gelditzen den, non ez den jada egiten eta zergatik), presentziekin (nortzuk joaten diren abestera eta, orobat, parte hartzeko beste modu batzuk, dela ibilbidean janaria eta edaria eskainiz, dela leihoetatik entzunez), hutsuneekin (“egun horretako santuak”, “Purgatorioko arimak”, “taldeko lehenengo hiladakoa”), ohiturari lotutako ondare materialarekin (eskuargiak, txilinak) edota talde bakoitzak dituen ohiturekin (ibilbidea hasi aurretik likore bat eta pasta batzuk hartzea, behin amaitutakoan kanpandorrera igotzea bizilagun guztiak esnatzeko, txokolate-jana…). Batez ere, herri batzuetan izan duen dinamismoari esker, gai izan da garai berrietara egokitzeko, debozio-izaera gainditu, eta tokiko nortasuna indartzen duen elementu legez jarduteko.

 

 

Bea Gallego − Antropologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~