Etnografia atalak

0

 

ogisalutadorea

Etxean egindako ogia. Zeanuri (Bizkaia), Ander Manterola.

“Gabon-gaueko ogia” eta horren inguruko errito eta sineskerak Europako herrialde askotan hedatutako ohiturak dira, Frantziatik (pain de Noël) Poloniaraino (opłatek). Dohain sendagarri eta lasaigarriak omen dituen ogi hori ogi salutadorea deitu izan da euskaraz, eta osasuna ematen duen ogia esan nahi du.

Gabon-gaueko ogia erritu zabalago baten barruan kokatzen da: gau horretan familiako senide guztiak batzen dituen afariaren hasieran, lehenengo, aitak mahaia bedeinkatu ohi zuen. Jarraian, etxeko labean egin berri zegoen ogia hartu, eta mahaikideen artean banatu aurretik, azal-zati bat moztu eta mahai-zapiaren azpian edota sukaldeko arasan gorde ohi zuen. Zenbait herritan, zatitxo hori mahaikide guztien eskuetatik pasatzen zen.

Bedeinkatutako ogi-zati hori urte osoan ez zela zahartzen uste zen, hurrengo Gabon-gaua iritsi arte. Gainera, amorrua saihestu edo sendatzeko ahalmena zuen. Horregatik, zatitxo bat etxeko txakurrari ematen zitzaion, eta, beste zenbaitetan, baita ukuiluko abereei ere.

Dena dela, dohain sendagarri edo lasaigarri hori naturako fenomeno kaltegarrietarako ere erabiltzen zen. Bizkaiko hainbat adibide azalduko ditugu jarraian. Kostaldeko herrietan, hala nola Lekeition, XX. mendearen hasieran, ekaitzak aztoratutako itsasora bota ohi zuten, lasaitu zedin; Arratiako haranean, ibaira jaurtitzen zuten, gainezka egin, eta landak eta etxeak urpean geratzeko arriskua zegoenean; Durangaldean, berriz, airera botatzen zuten, ekaitz bortitz batek txingorra ekar zezakeenean.

Pag.16-Aurtxo maite

“Noche de Dios, noche de paz” Gabon-kantaren pentagrama.

Duela gutxi arte iraun duten sinesmen eta praktika horiek Gabon-gauaren esanahi baketsuaren oihartzun herrikoiak dira, Jesus jaio zenean Betleemgo aingeruek kantatu zuten bezala.

Ander Manterola – Etniker Bizkaia – Director del Atlas Etnográfico de Vasconia

Para más información puede consultarse el tomo dedicado a La Alimentación Doméstica del Atlas Etnográfico de Vasconia. Bilbao, 1990.


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~