Etnografia atalak

0

Eleuterio Goikoetxea familiarekin. Argazkilaria: Felipe Manterola.

2022ko uztailaren 9an, Igiriñaoko (Gorbeia) mendiko aterpe-ostatuak —Zeanurin “Eleuterioren txabola” izenaz ezagutzen dena— 100 urte betetzen zituela-eta, mendeurren-ospakizuna antolatu zuen Zeanuriko Udalak Igiriñaon; bertan, Eleuterio Goikoetxea (1888-1956) eta bere ekimen aitzindaria gogoratu zuten. Abenduaren 30ean, 18:30ean, Eleuterio Goikoetxea eta “Eleuterioren txabola”. 1922-2022 izenburua daraman liburua aurkeztuko da Zeanuriko Arkotxa eraikinean.

Eleuterio Goikoetxea Goikouria Zeanurin jaio zen 1888ko irailaren 6an Rotaetxe familiaren jabetzea zen Zubiate izeneko etxean. Bere aita, Felipe Goikoetxea, rotaetxetarren administratzailea izan zen eta kargu hori aitarengandik heredatu zuen Eleuteriok. Batez ere, eraikuntzan eta finka tasatzaile moduan egin zuen lan. Herrikiden artean pertsona errespetatua zen, eta sarritan gatazketan arbitraje edo tartekari lanak egiteko deitzen zioten.

Politikaren arloan ere protagonismoa eduki zuen: EAJko kidea zen. Zeanuriko udalean zinegotzia izan zen 1914. urtearen hasieratik 1917. urtearen amaiera arte. 1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundeetan boto gehien jaso zituen hautagaia izan zen eta alkate hautatu zuten. Beraz, II. Errepublikako Zeanuriko lehen alkatea izan zen.

Eleuterio mendiko turismoaren aitzindaritzat jo daiteke, 1922an Igiriñaon (Gorbeia) Euskal Herriko lehen mendiko aterpe-ostatua zabaldu baitzuen. Iniziatibak izan zuen harrera ona ikusiz, lehenengo 1923an eta gero 1927an berritu eta handitu egin zuen. Eraikitzeko zein 1923ko handitzerako Aldundiaren dirulaguntzak hartu zituen.

Mendiko aterpe-ostatutik hurbil ermita txikia bat ere eraiki zuen: Elurretako Andre Mariaren ermita, udan igandeetan eta jai egunetan artzainek eta mendizaleek meza entzuteko aukera izan zezaten.

Gorbeiako artzainak Igiriñaoko aterpe-ostatuaren aurrean, 1934. Argazkilaria: Felipe Manterola.

Eleuteriok negozio pribatu gisa eraiki eta zabaldu zuen Igiriñaoko aterpe-ostatua, baina une oro bere herriko ekonomia dibertsifikatzeko aukeratzat ikusten zuen mendiko turismoa, eta Zeanuriko udal agintariei eskatu zien Gorbeiara sartzeko azpiegiturak hobetzen ahalegintzea eta mendiko elkarteekin eta Euskal Mendizale Federazioarekin elkarlanean aritzea.

Gerra zibilean “Eluterioren txabolak” kalteak jasan zituen eta Eleuterio bera, lehenengo kartzelaratua izan zen eta gero deserriratua, eta aterpe-ostatuaz emaztea, Gillerma Uriarte (1891-1978), eta seme-alabak arduratu behar izan ziren.

1942an Espainiako Mendizale Federazioko Euskal Ordezkaritzak aterpe-ostatua erosteko proposamena egin zion eta, “behartuta” izan bazan ere, Eleuteriok onartu egin zuen: bi atal erosi zizkion eta hirugarrenarekin bera geratu zen.

Eleuterio 1956ko maiatzaren 1ean bihotzekoak jota hil zan eta familiak 1957an Bilbao Alpino Club-ari saldu zion bere partea.

Urte berean, 1957an, Federazioak bere jabetzapean zituen bi atalak salgai jarri zituen: bata Juventus S. D. mendi elkarteak erosi zion eta bestea Iberduero enpresak.

Gaur egun beste sasoi batean “Eleuterioren txabola” izan zenak Igiriñaon jarraitzen du, hiru zatitan banatuta, zati bakoitzaren jabeak honako hauek izanik: Iberdrola (Arnotegi Mendi Taldea), Bilbao Alpino Club eta Juventus S. D.

 

Jon Urutxurtu

 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~