Artikulu honen izenburua metafora gisa erabiliko dut, azken 10 urte luzeetan errotarri-harrobiei buruz eskuartean darabildan ikerketa azaltzeko: Errotarri proiektua.
Jakina, sekula ez zitzaidan bururatuko Einstein jakintsua (1879-1955) Ataungo beste jakintsuarekin (1889-1991) fisikoki nahastea; baina bai, neurri batean, bion ikerketa bikainak eta bien arteko arrazoibide batzuk. Eta oinarri hori dauka hamarkada luze honetan egin dudan ikerketak, landa- eta dokumentazio-lanaren bidez. Orain arte, harriagarria bada ere, errotarri-harrobiak dauden 332 eremu aurkitzea eta 1600 aztarna baino gehiago kokatzea lortu dut.
2007. urtean, Antxon Aguirre Sorondo etnografo donostiarraren artikulu batean Jose Migel Barandiaranen aipamen bat irakurtzean, Saturraraneraino (Mutriku) iritsi nintzen, eta han katalogatu nuen Behe Kretazeoko konglomeratu-arrokadun lehenengo harrobia. Barandiaranek 1928an adierazia zuen Ondarroarekin muga egiten zuen eremu hartatik errotarriak ateratzen zirela: “Saturrarango aglomeratuen estratuetatik ateratako harriarekin Errotaberri-bekuako gizon batek errotarriak lantzen zituen behiala”. Haren arrastoari jarraituz, berehala aurkitu nuen Errotarrietan beste harrobi bat, nahiz eta harrobi horretara iristeko pista ez zen Ataungo jakintsuarena izan, hura ezagutu zuten herriko lekukoena baino. Aurkikuntza hura anekdota hutsa izango zen, eta errotarri-harrobi gutxi batzuk baino ez nituen katalogatuko, informazioa nahiko mugatua baitzen, datu bibliografiko gutxi zeudelako. Baina hemen sartzen da Albert Einstein fisikariaren jakinduria, ez erlatibitateari eta antzeko gaiei buruzko teorien bitartez, baizik eta berak esanak omen diren esaldi gisako iruzkin ezagun samarren bidez. Adibidez:
Beraz, bigarren harrobiaren ondoren, hariari tira egin eta hirugarrena iritsi zen, eta horrela jarraitu nuen. Tantaka-tantaka, 2015ean 40 leku katalogatu nituen, 2016an 57, eta 2017an beste 68. Izan ere, lastategia orratzez beteta zegoen eta askotan ziztatu ninduten.
Ez zen hor amaitu kontua, eta nire metodoan bi jakintsuak gidari izaten jarraitzeaz gainera, geologia teknologia berriekin nahastu nuen; baita hainbat mendiko bota pare apurtu ere. Kolaboratzaile batzuen laguntza ere lortu nuen, eta ez zitzaidan zaila izan sinestaraztea Barandiaranek eta Einsteinek, elkar ezagutu izan balute, egingo zutena egiten ari ginela. Hau da, ganbaran orratzen bila jarraitu, bitartean elkarri istorioak kontatuz, Mariri buruz eta tximistargiak Anbototik Gorbeiara igarotzean hartzen zuen abiadurari buruz…
Javi Castro
Etnografia Saila – Aranzadi Zientzia Elkartea