Kultura-ondare immaterialaz pentsatu, eta, batez ere, norbaiti gai hori zer den azaltzen saiatzen garenean, lehenik eta behin, adierazpen ikusgarrienetara edo ikonikoenetara jotzen dugu: jaiak, emanaldi tradizionalak eta oroitzapenezkoak, musika, bertsolaritza, dantzak, kirola, artisau-teknikak…
Orain, lot dezagun kultura-ondare immaterialari dagokion ukiezintasunaren aldagaia (nahiz eta elementu materialetan oinarritu daitekeen eta oinarritu ohi den) generoaren aldagaiarekin:
Jaietako emanaldiei buruz edo emanaldi tradizionalei eta oroitzapenezkoei buruz pentsatzen baldin badugu (prozesioak, eszenifikazioak eta abar), erraz ezagutuko ditugu horietan emakumeak. Agerpen motaren eta horri lotutako beste ondare elementu batzuen arabera, kopurua edo protagonismoa aldatu egingo da. Kasu askotan, agerikotasun handiko roletan arituko dira, Ama Birjinarengandik edo Maria Magdalenarengandik, Pasio Bizidunaren birsorkuntzetan, jatorrikoa kristautasunaren aurrekoa duten Soriako Goi Lurretako Móndidas izenekoenganaino. Hala, belaunaldiz belaunaldi transmititutako mezu bat birsortzen da, komunitateko emakumeek komunitatearen aurrean bertute femeninoak agertzen dituzteneko tradizioari leialtasunez.
Haatik, genero-kontuak gainditzen dituzten adibideak ere aurkitu daitezke, baita duela gutxi arte, beren izaera maskulinoarengatik (San Migelengandik, Segurako Ostiral Santuko prozesioan, Berantevillako giza gazteluetara) edo asexuatuarengatik (Aingeruaren jaitsiera, Tuteran), gizonezkoek baino irudikatu ez dituzten figurak antzeztu ere. Batzuetan, tradizioz maskulinizatutako eremuan sartze hori naturaltasunez bizi izan da komunitate protagonistaren barruan. Dantza-talde askotan, adibidez, prozesua saihetsezintzat hartu izan da, bestela, azkenean, adierazpena desagertu egingo zelako. Beste kasu batzuetan, bidesari emozionala ordainarazi duen borroka baten emaitza da. Batzuetan, borroka horrek jarraitu egiten du oraindik ere.
Baina, hedatze performatibo horietatik harago, badira kultura-ondare immateriala babestu eta transmititzeko funtsezkoak diren beste alor batzuk ere: artisau-ezagutza batzuen bidezko adierazpenei eustea (joskintza, apainketak…); asoziazionismoa edo hark auzolanarekin duen konpromisoa, kultur ekitaldi handien sostengu; sukaldaritzako errezetak, etxeko erremedioak, egunez egun gure amek egunerokotasunean aletutako atsotitzak… Egunerokotasunean hain txeratuta egotearen eta hain femeninoak izatearen ondorioz, agian are oharkabekoagoak gertatzen zaizkigunak.
Halako batean horiei erreparatzen diegun arte, eta ordutik aurrera gure begiratzeko moduan zerbait aldatzen den arte.
Bea Gallego – Antropologoa