Karrantzako Haranean, antzina-antzinatik eta duela hamarkada batzuk arte, erlategietan erleak hazteko bizitegia erlauntz bertikal eta finko bat izan da, cepo izenez ezaguna. Enbor huts batean edo enborra hustuz egiten den erlauntza mota bat da. Erlauntz horretan egiten dituzte erleek mintzak edo hormetara finkatutako abaraskak. Oholez ere egiten zen bizileku hori, enborrik ez zegoenean.
Enbor zaharrak erabiltzen ziren erlauntzak egiteko. Giharraren erdiko zatia ustela eduki behar zuen enborrak, eta trontza-zerra batez beharrezko luzeran moztu behar zen, 60 eta 80 cm artean. Zizel-kopa batekin (mozteko ahoa zuen kana-erdiko formako muturretako batekin) pixkanaka husten zen, 4-6 cm-ko horma utzi arte. Madreca (La Calera del Prado) edo mondacepos (Bernales eta Herboso) izenez zen ezaguna tresna hori.
Batzuetan, lan hori egitean, laztabin handi bat erabiltzen zen zuraren zatirik osasuntsuenean zenbait zulo egiteko, zizel-koparekin mozteko zailagoa baitzen. Azkenik, enborrari aizkoraz kentzen zitzaion azala, zomorroak enborretik azalera ez zabaltzeko.
Halaber, enbor-erlauntza eraikitzeko beste elementu batzuk erabili dira, haren fabrikazioaren zati ordezkaezinak. Enborraren garaieraren erdian, bi makila jartzen ziren gurutzatuta, bata bestearen gainean arinki. Haien gainean jartzen ziren mintzetako batzuk, beheko aldean enborraren bi aldetatik ateratzen zirela, erlauntza manipulatzeko eskuleku gisa erabiltzeko. Hurritzezko, gaztainondozko edo haritzezko makilak ziren, cabillas (Bernales, Herboso eta San Ciprián), gabillas (La Calera del Prado) edo cruz (Aldeacueva) izenez ezagunak.
Aurreko aldean, makilen gainetik eta azpitik, zulo txikiak egiten ziren laztabin batez, erleak enbor-erlauntzara sartu eta handik atera ahal izateko. Zulotxo horiek hainbat izen zituzten, desberdina herriaren arabera: aviadero (La Calera del Prado eta Pando), boquera (Soscaño) edo piquera (Lanzas Agudas).
Goiko aldea oholez ixten zen, erlauntza bera egiteko erabili zen zur beraz, eta 2 eta 4 cm arteko zabalera izaten zuen. Batzuetan, hustutako enborraren perimetro bera zuen; beste batzuetan, pixka bat aterata geratzen zen. Zati horri cabeza (Bernales), tapa (Aldeacueva) edo tapadera (La Calera del Prado) esaten zitzaion.
Enbor-erlauntza egin ondoren, erlategira eramaten zen. Han, bertikalean jartzen zen harri lau baten gainean. Asiento (La Calera del Prado), losa (Aldeacueva, Herboso eta Lanzas Agudas) edo solera (Bernales) esaten zitzaion harri horrek oinarriaren lanak egitez gain, lurreko hezetasunetik isolatzen zuen erlauntza. Enborra harriaren gainean ondo finkatuta utzi behar zen, animalia txikiek barrura sartzeko lekurik ez izateko, erle-koloniaren biziraupena arriskuan jar baitzezaketen.
1980ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, barroaren (beldarrak eta intsektu helduak jaten dituen araknidoa) akaroak sortutako gaixotasunak erlategietan agertzearekin bat, erleak koadro mugikorreko erlauntza modernoetara gero eta gehiago joaten hasi ziren, eta, horren ondorioz, enbor-erlauntza tradizionalak erabiltzeari utzi zitzaion.
Miguel Sabino Díaz – Etniker Bizkaia – Etniker Euskalerria Taldeak
Informazio gehiago eskuratzeko, Atlas Etnográfico de Vasconia lanaren Ganadería y Pastoreo liburukia kontsultatu daiteke.