Etnografia atalak

0

Elurretako Ama Birjinaren jaia (Lanestosa, 2015/08/05). Argazkia: E. X. Dueñas.

Lanari zeharo kontrajarrita, aisialdia eta jaia ditugu. Jai-egutegi guztiak daude eremu publikoaren eta pribatuaren inguruan elkartzen diren ospakizunez beteta; horietan, iraganeko elementuak sortu berriekin nahasten dira.

Udazkena, urtaroa eta zikloa, santutegian erabat txertatuta dagoen San Migel egunean hasten da, Artzentales eta Sestaon, besteak beste, azaroari atea irekiz. Hil horren hasieran Halloween dugu; inportatua, bai, baina ez dugu ahaztu behar antzina gure artean ere kalabazak husten zirela bizilagunak beldurtzeko asmoz. Domu Santu eta Arimen egunetan, ohikoa da familiartekoak eta lagunak hilerrietara joatea, loreak eta koroak hilobietan ipintzeko, izatez kanpoko “tradizioa” bada ere.

Olentzero eta Mari Domingi (Santurtzi, 2014/12/24). Argazkia: E. X. Dueñas.

Apurka-apurka abendua iristen gara, Gabonetara, egile batzuek neguko solstizioaren ziklotzat duten horretara. Gabon-egunaren eta Errege-egunaren arteko aldia da: bazkari eta afari bereziak egiten dira; opariek eta Olentzerok eta Mari Domingik lehenagoko eske-errondei lekua kendu diete; kotilioiak ditugu bazter orotan; eta Erregeen kabalgatak, pertsonaiak zaldi gainean, gurdietan edo itsasontziz doazela.

Hala heltzen gara Inauterietako ziklo klasikotzat har dezakegunera: San Antonio (urtarrilak 17), eta animalien bedeinkazioak; Kandelario-San Blas-Santa Ageda trilogia, egunotan kandelak eta “sanblasak” bedeinkatu eta diru-eskeak egiten dira, herri askotan lagunak batzeko aukera ezin hobea. Horien artean, Kastrexanako ermitakoa da nabarmentzekoa. Gordexolan eta Trapagaranen errondak egiten dira oraindik ere, “Carrastoliendas”. Portugaleten eta Sestaon “sardinaren ehorzketa” egiten jarraitzen dute, baita tostadak ere, etxe askotan, eta mozorrotuen kalejirak. Zikloa ixteko, “Marzak” ditugu, Karrantzan eta Lanestosan egiten direnak, urtero ez bada ere.

Udaberriak Garizumaren bidez ematen digu ongietorria, nahiz eta gaur egun ia ez den kontuan hartzen. Ondoren, Aste Santua dator, prozesio eta gurutzebideren bat edo besterekin. Balmasedan Jesusen nekaldia da erakusgarri, eta Santurtzin “Kornites eguna” ospatzen da. Gorpuzti-egunak denborarekin garrantzia galdu du.

San Bizente jaiak, izen bereko auzoan (Barakaldo, 2016/01/24). Argazkia: E. X. Dueñas.

Urtean zehar, bata bestearen ondotik datoz zaindarien jaiak (San Nikolas, San Bizente, San Sebastian, San Jose, San Jorge, San Isidro, San Antonio…), eta une gorena udan heltzen da, San Joan bezperako suteen ostean: sanpedroak Sestaon, Gueñesen eta Zallan; Karmengo Ama Santurtzin, Barakaldon eta Zallan; santiagoak Gueñesen; Elurretako Ama Birjina Artzentalesen eta Lanestosan; Igokundearen Ama Birjina Portugaleten eta Sopuertan; sanrokeak Turtziozen eta Portugaleten; San Bartolome Alonsotegin eta Sopuertan; San Kosme eta San Damian Gordexolan, etab.

Hori nahikoa ez, eta herri bakoitzean auzo eta auzuneetako festa-eskaintza zabala dago, askotariko egitarauekin. Eta, horiez gain, azoka eta merkatu “tradizionalak” edo berriki ezarriak, folklore-jaialdiak eta udalek antolatutako hamaika jarduera, bertako taldeekin batera.

 

Emilio Xabier Dueñas – Folklorista eta etnografoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~