Joan den urriaren 21ean, Europako Ondare Jardunaldien barruan, Ermitak busturiarren alkargune eta aterpe izeneko bideoa aurkeztu zen Altamirako Kulturetxean. Hurrengo egunean Juanjo Hidalgo arkeologoaren eskutik bisita gidatua egin genuen herriko ermita guztietara joanda.
Lehengo bizimoduan, etxea izan da familiako bizitzaren ardatza; eta era berean, auzoa gizartearena. Auzoak etxe-multzoak dira, elkarren artean arazo handiagoei aurre egin ahal izateko sortutakoak. Horregatik, auzotarren harremanak estu-estuak dira, sarritan odoleko familiarenak baino estuagoak.
Auzotasun horrek bizitzako arlo guztietan eskubide eta betebehar batzuk ezartzen dizkio auzotarrari. Alde batetik, auzoen artean gobernatu behar dituzte herri-ondasunak: herri-basoak, errekak, bideak… Horri auzolana esaten zaio, eta orain hamarkada batzuk, guztiz ohikoa zen. Horrela egiten zen kasurako bidegintza, auzoko erreka eta ubideak garbitzea, auzo-eskolak eraikitzea, baita ermitak konpontzea ere. Auzolan horretan ohikoa izan da elkarri lan edo okasio handietan laguntzea: belarrak batzeko sasoian, txerri-hiltzea suertatzen zenean, auzokoen hileta-ezkontzetan…
Zereginon artean dago ermitari kargu hartzea ere. Euskal Herriko auzunerik gehienek euren ermita daukate. Busturira etorrita, bost ermita daude: Elurretako Ama Birjinarena Parezin, San Bartolome eta San Kristobal izen bereko auzoetan; Paduako San Antonio Abiñan (lurrez Busturia baina elizaz Sukarrieta dena); eta Kurtzio, Axpen. Lehenengo laurak auzo-ermitak dira, eta elkarren artean desberdintasunak izan arren, eredu berekoak dira: orokorrean eraikin txikiak dira, auzotarrei babes ematekoak, eta inguruko baserrien antzeko ezaugarriak dauzkate.
Kurtzio, ostera, gurutz-toki edo gaztelaniaz humilladero esaten den horietarikoa da. Era honetako kaperak XVI. mendean hasitako hileta-erriturako dira; izan ere, bertan egiten zuten geldialdia herrikoren bat hil eta elizarako bidean joaten zirenean.
Ermita batzuk, parrokiak baino lehenagokoak dira. Parezikoa, adibidez, XI. mendeko agirietan aipatzen da.
Ermitak jagoteko ardura auzotarrena izan da, sarritan ermitatik hurren edo hari deutsala dagoen etxeko jendearena, batzuetan belaunaldiz belaunaldi gainera. Jai-egunetarako ahalik eta ondoen prestatzen dituzte gaur egun ere, bertako ospakizun-erromerietara oraintxe ere jende asko batzen delako.
Bakoitzak bere auzoko ermita estimatu eduki izan du, eta eskaintzak egitea, dirua ematea, lekuan lekuko santuaren ahalmenerako fedea izatea ohikoa izan da. Busturiko kasuan, San Kristobal gidarien zaindaria, eta gorren eta belarriko mindunen sendatzailea zen; arrantzaleen senitartekoek San Bartolome ermitan dagoen Madalenari itsasoan babesteko eskaria egiten zioten; Ama Birjina Elurretakoari sikate aldietan euria eskatzeko errogatibak egiten zizkioten.
Ez da horrelakorik geratzen, bai ostera halakoak ezagutu eta bizi izandako herritarrak. Garrantzitsua da jakitea ermiten inguruko bizimodua nolakoa izan den gure herriak hobeto ezagutzeko.
Akaitze Kamiruaga
Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa