Udan sartu berri gara eta horrekin batera txoko guztietako jaiak etorri dira. Sasoi honetan, herri edo hiri handiko jai nagusiak ez ezik, auzoetako ermiten inguruan ere ospakizun ugari izaten dira. Bizkaian 800 bat ermita daude sailkatuta. Egia da kopuru eder horretatik asko galdu egin zirela edo ez dituztela ospakizunak antzina bezala egiten. 459 ermitetan eliz-ospakizunak mantentzen dira, 30 hondatuta daude, 7 zeregin zibiletarako erabiltzen dira eta gainontzekoak desagertu egin dira. Joan den mendean gizarteak aldaketa eta eraldaketa sakonak ezagutu zituen, eta horren ondorioz ermitek eurek ere beharrizan berrietara egokitu eta moldatu beharra izan zuten.
Mendearen bigarren erdialdera arte, ermitak batez ere auzoaren eta komunitatearen gune espirituala eta elkarbizitzarako lotura izan ziren. Bizimodu tradizionalean, familiako bizitzaren ardatza etxea izan den moduan, gizartearena auzunea izan da. Bizitza tradizional horretan, zeregin esanguratsua bete izan dute ermitek, erlijiotasuna, auzotasuna, herri ondarea eta ingurune naturala elkarri lotuz. Gaur egun funtzio erlijiosoa ahuldu da eta ermitak zeregin sozial edo kultural batzuetarako ere erabiltzen dira. Nahiz eta auzotarren arteko harremanak beharbada hain estuak ez izan, eta ospatzeko moduak aldatu diren arren, ermitako zaindariaren jaiegunak bere indarra mantentzen du, jaiak familiako eta auzoko kideen bilgune izanik.
Jaiegun batzuk bere egun zehatzean ospatzen dira, asteburua zein asteguna izan. Beste kasu batzuetan, egunean bertan zeozertxo egiten da: meza edo ekintza solteren bat; gehienetan, ordea, aurreko edo hurrengo asteburura pasatu dira ekitaldi gehienak. Horrez gain, sarritan, neguan eguraldiak horretarako aukerarik ematen ez duelako, neguko ospakizunak ere udaberri edo udako asteburu batera pasatu dira: Zamudioko santomasak edo Otxandioko sanmartinak, besteak beste.
Ermitetako ospakizunetan, era askotako errituak egin izan dira. Batzuek urteetan zehar iraun dute; beste batzuk, aldiz, berriak edo moldatuak dira. Ermitan bere zaindariaren egunez egiten den meza izan da luzaroan jaiegunetako ekintzarik garrantzitsuenetarikoa, eta gaur egun ermita guztietan mantentzen da, joaten diren gehienak edadekoak izanik. Beste hainbat ospakizun erlijioso bizirik daude: esterako, bedeinkazioak, osasun errituak edo erromesek egiten dituzten erromeriak. Ospakizun horietako asko tradizio handikoak dira, batzuk aitatzearren: Urkiolako santutegian San Anton egunean animaliak eta ogia bedeinkatzea; Berrizko Andikoan kandelak bedeinkatzea, edo Gaztelugatxen Done Joaneko kanpaia jotzea osasun eske.
Ermitetan, erritu erlijiosoez gain, ohitura sozial ugari ospatzen dira, gaur egun auzokide asko erakartzen dituztenak. Jarduera horiek herri bazkarietan edo otorduetan oinarritzen dira gehienetan, baina mota askotako txapelketak antolatzea ere ohikoa izaten da, gehienak gastronomia, joko eta kirolekin lotuta. Hori ez ezik, gure jaietan funtsezkoak diren musika eta dantza ere ez dira falta; adibidez, erromeriak, txistulariak edo euskal dantzak.
Ermitekin lotutako hainbat tradizio ahuldu edo desagertu diren arren, usadioek eta jaiek jarraitzen dutela esan behar da, oraindik ere identitate osagai garrantzitsu batekin. Antolaketak eta kultura ondareak bizirik diraute eta benetako altxor kulturala eta espirituala izaten jarraitzen dute.
Nerea Etxebarria Gumuzio – Labayru Fundazioa