Etnografia atalak

0

Umeak ardiak jagoten Armentian, c. 1925. Iturria: Vitoria-Gasteizeko Udal Artxiboa.

La Pícara Justina obratik hartutako esaera zahar batek holaxe dio: “Nadie nace enseñado, si no es a llorar“. Euskaraz horren ordezkoa holakoren bat izango litzateke: Negar egiten izan ezik, dakienik ez da inor jaiotzen. Esan nahi da lan guztietan, gehiago edo gutxiago, ikasi beharra dagoela; nahiz eta batzuk ibilbidearen lehen urratsetan geratzen diren, gehiago aurreratu gabe.

Oiz mendian (Bizkaia) egin nituen artzaintzari buruzko inkestetan, eskarmentu handiko artzainek hauxe esan zidaten: pastore-ikastailea bederatzi edo hamar urterekin hasten zela lanbidean trebatzen eta aldi horrek gutxienez hiru urte irauten zuela. Denbora-tarte horretan, ikastaileak, artzainak ardiak jetzi ondoren, errapean geratzen zen esnea marmitatxo batzuetan jezteko baimena izaten zuen. Ardi-mozte sasoian, animaliaren tripa eta lepoko artilea mozten zituen hasieran ikasi arte. Eta, abereak hiltzeko orduan, horretan ohituta zeuden pertsonen begiradapean egiten zuen, berak bakarrik egiteko gai izan arte. Batzuetan, ardi-txakurrari zegozkion lanak ere egiten zituen.

Familia osoa lanean. Berastegi, 1978. Iñaki Linazasoro.

Abeltzaintza- eta nekazaritza-lurraldeetan antzera jokatzen zuten. Haur eta nerabeak ganadua jagoten hasten ziren lantzarretan. Hazi ahala, adinekoen zereginetan laguntzen zuten, euren edadearekin bat zetozen tresnak erabilita. Lan txikiak egiten zituzten, hala nola iturriko ura ekarri, kortan farolari eutsi aitak garbitzen zuen bitartean, edo labrantza egiten zenean itaurren ibili; hau da, idi-uztarria gidatu. Iraganean, lanak sexuaren arabera banatuta zeudenez, neskatxoak eta neskatilak etxeko lanetan hasten ziren batez ere, amei laguntzen eta neba-arreba txikiak zaintzen. Horrez gainera, arestian aipatutako zereginetako batzuetan ere parte hartzen zuten. Era berean, ohikoa zen neskak kriada joatea herri handietako etxeetara.

Gauza bera gertatzen da industriaren esparruan, arlo horretan ere ikaskuntza-aldia behar da. Gazte batzuk lehen mailako peoi legez hasten dira, gero bigarren eta hirugarren mailako peoi bihurtu, ofizialen mailara iritsi arte. Sistema bera erabiltzen da lanbide-heziketan, arotzeriako edo metaleko ikastaroak egiten dituztenentzat, gero doitzaile edo tornulari jarduteko. Arrantza-herrietan, itsasontzietan sartzen direnak apurka-apurka espezializatzen dira, eta erakusten dituzten balioen arabera mailaz igotzen doaz; adibidez, marmitoi modura hasi, gero sukaldari eta maiordomo izateko.

Oiloei jaten ematen. Urduliz, 2020. Iratxe Ozerinjauregi.

Antzinako Erroman, pertsona batek gora egiteko bete behar zuen karrera politikoari cursus honorum esaten zioten. Izendapen hori, ondoren, beste jarduera batzuetara zabaldu izan da. Horregatik, haurrei buruz emandako azalpenak helduen lanbide eta ogibideetarako ere balio du. Horrela, pintura artistikoan ohikoa da maisu baten tailerrera joatea; baita eskulturan, musikan, arte eszenikoetan, idazketan… ere.

Abokatuek legelari ospetsuen laguntzaile gisa hasten dute euren bizitza profesionala. Medikuek BAME egin behar dute, eta gero praktikak aukeratutako espezialitatean. Unibertsitateko irakaskuntzan, dagoeneko aldatuta badago ere, lehenago irakasle laguntzaile gisa hasten ziren, gero titular bihurtzeko eta azkenean katedra lortzeko.

Laburpen gisa, esan daiteke bizitzako arlo guztietan esperientzia hartzeko eta maila batera heltzeko, ezinbestekoa dela pausoz pauso ikasten joatea eta ibilbide profesionala osatzea.

 

 

Segundo Oar-Arteta

Etniker Bizkaia

 

 

Bibliografia: Euskal Herriko Atlas Etnografikoa, Abeltzaintza eta artzaintza, eta Nekazaritzari buruzko aleak.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~