Etnografia atalak

0

Erraldoi klasikoak, Zubira konpartsak dantzatuak, txikiekin batera (Portugalete, 2024/09/07). (Egilea: E. X. Dueñas)

Dultzainak eta txistuak entzuten dira… Heldu-talde bat eta begirada xarmanteko hainbat haur bildu dira, eta karikatura-itxurako giza aurpegierak dituzten figura batzuetara hurbildu dira… Kulunka eta aparteko orekan doazen irudi erraldoi horien konpartsak aurrera egin ahala, jendetza haiekin batera doa… Inork ez du nahi galdu pertsonaia ospetsu horietatik hurbileko tokia…

Zalantzarik gabe, erraldoien booma ari gara bizitzen, duela urte batzuetatik hona. Pertsonaia garaiok gorabehera nabarmenak izan dituzte historian zehar: idatzizko dokumentazio ugariari jarraikiz, «enanuekin», taraskekin eta beste tramankulu batzuekin batera, Corpus Christi ospakizunarekin lotuta jaio ziren XVI eta XV. mendeen artean, eta, zenbaitetan hil eta berpiztu ondoren, gure garaira iritsi dira.

Baina erraldoiok beren jatorriari buruzko marrazki eta testuetan jasotakoen antzekoak edo berdinak al dira? Bai eta ez. Batetik, askotariko makillaje eta aldaketen bidez herri batzuetan birsortu izan diren mota guztietako karikaturak eta estiloak ditugu (errege-erreginak, kontinenteetako ordezkariak, pertsona publikoak, musikari edo dantzariak, etab.). Deigarria da nola, batzuetan, herritarrek erraldoion antzinatasuna defendatzen duten, haien jatorrizko egitura berria izan arren, nagusiki, denboran zehar egin zaizkien ordezkapen partzialengatik. Utzikeriak eta suak behin eta berriz egin die kalte.

Txupeteak (Donostia, 2024), «Salva» eta «Juan Carlos» (Deba, 2019), eta «Alavés», orain «Erromualdo» izendatua (Donostia, 2024). (Egilea: E. X. Dueñas)

Erraldoiari egotzi izan zaion izaera sexista gorabehera, askotariko pisu eta tamainak aurki ditzakegu, eta askotariko izendapenak daude horiei buruz aritzeko: gigantona, erraldoi txikia, gigantilla, giñol motakoa, etab.

Nafarroa Behereko eta Luzaideko Kabalkadetako xigantiak alde batera utzita, baita zenbaitetan erraldoiekin batera doazen buruhandiak eta «enanuak» ere, modak abiadura zorabiagarri batean ari dira elkarri gainjartzen, esaterako, irudietan txupeteak zintzilikatzekoa, haurrek gehiago erabil ez dezaten. Edo ingurune hurbileneko pertsona ospetsuen irudiak eraikitzekoa, Deban duela gutxi zendutako Salva Martínez dultzaineroarekin eta haren lagun min Juan Carlos Doñabeitiarekin egin zuten moduan. Horren beste adibide batzuk ere baditugu, esaterako, «Pichichi» Bilbon, «Bihotza» Urduñan, eta, besteak beste, udaberri honetan Portugaleten estreinatu direnak, «Casilda» eta «Nisio».

BET konpartsako garaiera desberdinetako erraldoiak (Bergara, 2019/09/15). (Egilea: E. X. Dueñas)

Irudi garai horiekin batera, gero eta haur gehiagok eraikitzen dituzte, laguntzarekin eta laguntzarik gabe, beren «erraldoi» txikiak, nolabait inkoherentea dirudien arren. Gaur egun ohiko garaiera dutenekin gero eta ohikoagoa bihurtzen ari den bezalaxe, haurrek ere izen propioekin bataiatzen dituzte: Nikolas, Bixente… Eta, hori gutxi balitz, haurrak eurak ere erraldoiz mozorrotzen dira.

XIX. mendera arte, gehienez ere, paseatu egiten zituzten, musikarekin eta musikarik gabe, baina, orain, haiek «dantzatzea» oso ohikoa bihurtu da, hainbeste non arraroa egiten baita erraldoi-eramaileek egindako mugimendu eta kulunkak melodien konpasari ez jarraitzea. Nagusiki, dultzainero-taldeek interpretatzen dituzte doinuok, baina txarangetara, trikitira eta, garai batean bezala, txistulari-taldeetara ere hedatu da.

Emilio Xabier Dueñas – Folklorista eta etnografoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~