Etnografia atalak

0

Egilea: Fernando Hualde

Maiatzeko azken astea, ekaineko lehen hamabostaldia…, larreak nola dauden, udaberria nola doan… horien mende dago guztia; baina, dena den, horixe da Errege Bardea utzi eta, rasa ardiekin, mila urtetik gorako Erronkariarren Errege Abelbideari ekiteko unea, Erronkaribarko goi-mendietako larreen bila. Iaz, eta duela bost urte, eta duela ehun urte, eta duela mila urte baino gehiago egin zen bezalaxe. Mila urtetik gorako tradizioa da, eta erronkariarrek borrokarako kemenari esker ondo irabazitako eskubidea; izan ere, artzainak izan ziren bake garaian, baina soldaduak gerra zenean, eta ez alferrik. Gerlarako adore horrek bihurtu zituen 882an Errege Bardearen lehen gozatzaile eta jabekide, Antso Gartzez erregearen erabakiz, zehazki.

Kontuak kontu, harrezkero, eta 1142 urte pasatu dira ordutik jada, Erronkarin udazkeneko elurrak hasi aurretik, milaka eta milaka ardik, artzainek eta iraskoek gidatuta, ibarra uzten dute, iparraldetik hegoaldera zeharkatuz Nafarroa, negua han behean igarotzeko. Handik hilabete batzuetara, udaberria bukatu aurretik, ibilbide horixe bera egiten dute, baina alderantziz. Beraz, artaldeak goialdeetara doaz egun hauetan. Erronkariko transhumantzia bizirik da oraino, historiako unerik ahulenean badago ere.

Azken aste hauetan, Bardeako artegietan, ardiak moztu dituzte, eta bikez markatu gero, albo berean beti. Abelbideari ekin aurretiko errituala da. Irten aurreko egunean, iraskoen (antxumeen edo aker zikiratuen) zintzarriak prestatzen dira, eta irteerako egunean, goizean goiz, joare handi horiek lurrean zabaltzen dira, lepokoak jarrita… Horixe da eramaileen lepoetan zintzilikatzeko unea. Iritsi da abiatzeko garaia.

Bizkarrekoa ondo estututa, zakutoa zahatoz eta jateko puskez betea, betiko oinetakoak… eta ondo ikasia dagoen txakurra, ezinezkoa balitzateke hura ondoan izan gabe. Atzean geratu dira, uda amaitu arte, ondo itxitako artegiak, atzean geratu da erronkariarrek aurkitutako eta taustetarrek zaindaritzat hartutako Antso Abarkaren Ama Birjina; atzean geratu dira lur idorrak eta bide harritsuak.

Egilea: Fernando Hualde

Han, Antso Abarkaren gazteluaren azpian, Cabezo del Fraile mendiaren oinetan dagoen “Juego de la Pelota” deritzon tokitik, eta artzainen oihuak, txakurren zaunkak eta ardiek canabla edo lepokoetatik zintzilik daramatzaten zintzarrien tintin-hotsa entzuten delarik, abian jartzen da artaldea, eta hautsa harrotzen du bidean. Merezi du ikustea. Sei eguneko ibilbidea dute aurretik, Bardea zeharkatzeko, eta, Zarrakaztelu, Peña, Zangoza, Xabier eta Leireko lurretan barrena, Erronkaribarrera iritsiko dira, Burgitik sartuta.

Garai batean, nabarmentzen ez zen gertakaria zen, ohiko zerbait… Gaur egun, ordea, badirudi arriskuan dela tradiziozko jarduera hau, eta ibilera hauek argazkilariak, kazetariak eta telebistako kameralariak erakartzen dituzte, halakoren batean bat-batean behin betiko agurra egingo digun artzaintza mota honen lekukotasuna jasotzeko. Halakorik gertatu bitartean, esan dezagun argi Erronkariarren Errege Abelbidea, milioika ardi eta ahuntzen apatxek mendez mende urratu dutena, bizirik dagoela; historiaz betea da, historiaren beraren alaba, monumentu bat baino askoz gehiago merezi duen lanbide baten etengabeko oroigarria, transhumantzia… Hau idazten ari denak hari zor dio bere izatea bera, hortik edan baitugu eta odolean baitaramagu, gure bihotzak har dezakeen harrotasun osoz.

Fernando Hualde – Etnografoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~