Gaztelaniaz zoqueta esaten zaio eskularru moduko egurrezko pieza bati, eta uztan ari den pertsonari igitaiaren ebakietatik babesten dizkio ezkerreko eskuko hatz txikia, eraztunekoa eta luzea. Euskaraz esku-kapela gisa dokumentatzen dugu, baina ez da hitz ezaguna, ezohiko samarra, lanabes hori gehienbat Euskal Herriko isurialde mediterraneoan erabili baita, zereal ugari zegoelako, baina hain zuzen ere euskara askoz lehenago galdu zen eremuetan. Iparraldeko isurialdean, aldiz, guztiz ezezaguna da pieza hori.
Ezezaguna da, halaber, euskaldunok izan ginela pieza horien esportatzaile handiak, Gaztelan, Aragoin, Extremaduran edo Andaluzian, esaterako, bertan zereal-eremu handiak baitzeuden. Eta zirraragarria da pentsatzea zein kantitate handietan bidaltzen ziren.
Lanabes horien manufaktura bi herrirekin identifikatzen da nagusiki: Biotzari (Nafarroa) eta Santikurutze Kanpezu (Araba). Baina oso handia da bien produkzioen arteko ezberdintasuna. Horregatik lasai asko esan dezakegu bigarrenak zeukala esku-kapelen ekoizpenaren eta merkaturatzearen monopolioa.
Oraindik ere ohikoa da kanpezuarrak txirrikero ezizenarekin aipatzea. Eta haiek ez dakiten arren, izengoiti hori txirrika berbatik sortuta dago, poleak Kanpezun gurbitz- edo ezpel-zurez torneatzen ziren pieza ugarietako bat zelako, bereziki itsasontzietan erabiliak izateko. Izan ere, Nafarroako erdialdean oraindik ohikoa da txirrika hitza erabiltzea gaztelaniaz poleei erreferentzia egiteko. Koilaragileena bezala txirrikero goitizen hori ematen zaie aurreko mendeetan Kanpezu herriaren bizimodua zurezko piezak egitean oinarritzen zelako, Ioar mendiaren magal amaiezinetatik ateratako materialari esker. Zeregin horretan bakarrak: zalantzarik gabe, populazio horren identitaterako ezaugarri handiena.
Beren manufakturen aniztasuna irudika dezagun, Pascual Madozek (1845) esan zuen nola, koilara eta esku-kapel ezagunagoak alde batera utzita, milaka «ardatza [goruetakoak], ehogailu [eztia eta abar irabiatzeko zur-piezak], zahato-mutur [ardo-zahagiak eta zahatoak ixteko], zotz [upeletako tapoiak], goru, mortero eta horrelako beste tresna asko egiten ziren».
Hain ziren handiak ekoizpenaren intentsitatea eta bolumena, ezen, XIX. mendearen amaieran, basoaren ahultzea eta jarduera horren gainbehera hasi ziren.
Hala eta guztiz ere, dokumentazioaren arabera, 1928an, gainbehera betean ari zirela, Santikurutze Kanpezun zeuden 3 aroztegi, ezpel-koilarak egiteko 4 manufaktura-tailer, 12 lantegi zura torneatzeko eta arestian aipatu ditugun zahato-muturrak egiteko, ehogailuak, goru-ardatzak eta abar. Bestalde, beste 5 tailer zeuden, soil-soilik segarako esku-kapelak egitera dedikatuak. Nolabait esanda, herri osoa bizi zen jarduera horri lotuta. Izugarria.
Zentra gaitezen orain esku-kapela pieza ikusgarrietan, izan ere, zalantzarik gabe, gure artean ezezagunena baina bitxiena den lanabesa delako, Gaztela bezalako ingurune urrunekin erlazionatu dugulako, nahiz eta ez jakin hemen, Kanpezun, zutela jatorria.
Lanak zura ekartzearekin hasten ziren, tailerra ondo hornituta izan behar zelako. Horrela, neguko ilbeheretan pago-adar edo -enbor on batzuk mozten ziren. Izan ere, esku-kapeletarako pagoa erabiltzen zen, koilaretan, pieza torneatuetan edo poleetan ez bezala, horietan ezpela edo gurbitza maneiatzen baitzuten (hemen burrubiote moduan ezaguna).
Adar haiek, gutxi gorabehera kana bateko luzerako piezak ziren (kana, 83,6 cm-ko neurri zaharra). Arrastaka jaisten zituzten, mandoetan zamatuta, edo, ohikoagoa zena, birarazi egiten zituzten, adar-muturretan ziri birakari batzuk ardatz gisa jarrita eta zaldiei katez lotuta.
Gero, enbor haiek goitik beherako mozketa batez zatitzen ziren, sei zatitan, lodia bazen, edo, normalean, lau zati edo laurdenetan. Aldi berean, zurgiharra kentzen zitzaien, pitzatzeko joera handiagoa zuelako. Pieza horietako bakoitzak sei esku-kapela egiteko aukera ematen zuen. Beste era batera esanda, esku-kapela pare bat egiteko oin bateko luzerako zur-zatia behar zen (oina neurri zaharra da, kanaren herena) edo, menditik jaitsitako enbor bakoitzeko, hogeita lau esku-kapela.
Manufakturari ekiteko, familia osoa inplikatzen zen askotan, eta kide bakoitzak prozesuren bat hartzen zuen bere gain, industria-kate moduko batean. Horrela, ondo antolatuta, tailer edo familia bakoitzak egunean 60-70 esku-kapela egitea zen ohikoena.
Balioespen arin bat eginda, ohartuko gara gainbehera-garaietan ere, astean 2.000 esku-kapela inguru ateratzen zirela Kanpezutik. Horrek agerian uzten digu jarduera haren garrantzia.
Fabrikazio-prozesua askoz gehiago zehaztu genezake. Baina alde batera utziko dugu, argitalpen honen helburua beste bat delako: gure historian hain garrantzitsua den zerbait ezagutaraztea, bitxia bada ere, ez dagoelako ezer argitaratuta honen inguruan. Beraz, hor gaude, beste behin ere, ahanzturaren haize-erroten aurka borrokatzen.
Felix Mugurutza – Ikertzailea