Etnografia atalak

0

Consuegra (Toledo) herriko artzain-borda tradizionala. Argazkia: Julio César Valle Perulero.

Aldian-aldian tokiz eta etxez aldatzean datza transhumantzia egitea, hitzaren zentzu hertsian. Eta bizi-lekualdatze horretan, mendez mende herrien garapena ahalbidetu duen bikote bereizezin bat osatzen dute transhumantziak eta ganaduak. Garapen horretan, funtsezkoak izan dira jakintza tradizionalak, belaunaldiz belaunaldi iraunarazteko artzaintzarekin eta abeltzaintzarekin loturiko landa-eremuko bizimoduak.

Ondare kultural immaterialari loturik, zera aditzera ematen digu ahozko tradizioak: “Es la vida del pastor, la vida más arrastrada, que en el orbe de la tierra, por experiencia se halla” (“artzain bizitza da lurbira osoan aurkitu daitekeen bizitzarik petralena, esperientziak erakusten duenez”). Petrala, ez soilik konprometitua eta gogorra delako, baizik eta, era berean, nomada eta bakartua delako ere. Herrietatik bakartua eta naturari egokitua, zeinetatik atera izan baititu artzainak tradizionalki bere etxetik kanpo beste bizitoki batzuk eraikitzeko beharrezko elementuak. Horregatik da hain garrantzizkoa artzainak eta aziendak eguraldi txarretik eta naturaren erasotik babesten dituen herri-arkitektura, hari esker egin ahal izan baitute transhumantzia, ipar-hego eta ekialde-mendebalde.

Eta berriz ere itzuliz ondare kultural immaterialari dagozkion kontuetara, ahozkotasunak orobat dio “ves el chozo, ves el guarda” (“txabola ikusiz dakusazu zaintzailea”). Izan ere, arkitektura herrikoiak markatu du, mendeetan, artzainen transhumantziako bizitokia, beren jarduera garatu duten eskualdeen eta inguruneen arabera. Baina zer da arkitektura herrikoia? Hauxe, Arkitektura Tradizionalaren Plana Nazionalaren arabera (2015):

…eraikin-multzo bat, komunitate bat bere lurraldean kokatzetik sortua eta bere aniztasunaren eta bilakaeraren bidez komunitatearen egokitzapen ekologikoa adierazten duena, bai baldintza eta baliabide naturalei egokitzapena, bai tokian-tokian garatutako prozesu historiko eta eredu sozioekonomikoei ere. Delako eraikin-multzo hori sortu duen komunitatearen nortasun ikur kulturalen arteko erreferente sendoa da, eta belaunaldiz belaunaldi partekatu, transmititu eta aberastutako esperientzien eta jakintzen emaitza.

Ondare Kultural Immaterialaren ekosistema balio ukiezin askoz elikatzen da, eta balio horien aplikaziotik dator mendez mende lurraldea taxutu duten abelbideen sare osoan barrena artzainek eta aziendek erabilitako aldi baterako bizitoki diren eraikin horien materialtasuna. Eraikin horietako bakoitzak ezaugarri eta estetika jakina du, ingurune naturalaren kudeaketaren arabera, eta Arkitektura Tradizionalaren Plan Nazionalak dioenez:

…bat datoz erabilitako ezagutza eta teknikekin, etxeko jardueren, jarduera ekonomikoen edo gizarte ospakizunen arabera betetzen dituzten funtzioekin, nahiz bertan bizi den taldearen arabera duten antolaketa, banaketa eta esanahiarekin. (…) Era berean, arkitekturarekin lotura duen alderdi immaterial hori guztia eraikuntzako jakintza tekniko-zientifikoez bestelako jakintzekin uztartzen da, hala nola lurralde baten antolaketarekin, haren erreferentziazko mugarriekin, ekoizpen-guneekin, eremu komunitarioekin, bide-sareekin, artisautzako lanbideei loturiko jakintza tradizionalekin, abereak gobernatzeko erarekin, laboreekin, landako baliabideen aprobetxamenduarekin, meteorologiarekin, faunarekin, florarekin; hau da, eraikin tradizional horien ingurunearekin.

Estatuko lurralde osoko komunitateetan dauden elementu komunak, hiztegi askotariko eta aberats baten bidez izendatuak, desagertzen hasiak dira fisikoki, eta haiekin batera desagertzen ari dira, halaber, beren eraikuntzari eta funtzioei atxikitako ezagutzak. Etxolak, bomboak, bordak, cucoak, aterpeak… funtsezko eraikinak izan dira abeltzaintzako jarduera transhumanteen eta sasoian sasoikoen bizigarritasunerako. Gaur egun desagertzen ari dira, jarduera horiek desagertzen ari diren erritmoan.

Gizarte gisa, gure egitekoa da higiezinak dokumentatzea, baita, haiekin batera, eraikuntza-prozesuei eta funtzionaltasunari loturiko ondare kultural immaterialaren ekosistema osoa ere.

 

Julio César Valle Perulero – Labrit Ondarea

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~