Etnografia atalak

1

Irune Rotaetxe

Gure aita zanak ez eukan ba Lorentza Amorrortu behingoan saltzeko ez ahazteko, eta, hontxe be, nago dagoan lekuan dagoala ondo gogoan eukiko dauela. 

Kontua da ze, sasoi baten, estamangutik ez ebilela bape ondo. Ia-ia egunero minez, astun, gogo txarrez eta meko. Triste gizona. Min ha arintzearren, esku biak tripari helduta egoten zan. Jateari be itxi egin eutsan.

Mediku bategana joan, beste bategana, botika bat hartu, beste bat… Ezin tripalak kendu. Nerbio kontua zala esaten euskuen. Andraren batek hainbat jente osatzen ebala eta joateko esan eutsan behin nonork. Eta hareganaxe joatea erabagi genduan, itxaropen handi barik bazan be. 

Laudioko (Araba) El Manzanal izeneko auzoan bizi zan Lorentza. Hirurogeta hamar bat urte eukiko ebazan orduan. Sasoi betean egoan. Gainera, euskeraz egin euskun lehenengo berbea, eta handik aurrerakoak be bai. Danontzako mesede.

Bizkaiko Zeberion jaioa, 1926an, eta hamahiru seme-alaben ama. Berrogeta hamar urte ebazala hasi zan osagile beharretan, eta hiru hamarkadan baino gehiagoan ekin eutsan joaten jakon guztia osatzen, zahar eta gazte. Jaiotzatik etorkon doea zala inoan berak, gatxa osatu eikean zeozer eskuetan. Amamagandik jaso eban Lorentzak, eta alaba bati irakatsi beronek, iaioenari. Argi eukan ha ezin eitekeala ezelan be galdu.

Aitak esan eutsan aspaldian tripetatik ez ebilela bape ondo, jateko guztiak egiten eutsala kalte eta itzelezko kantsazinoa igarten ebala. Lorentzak horretara, besoak eta hankak luze, eskuak bata bestearen aurrean, jarteko agindu eutsan. Atoan igarri eban andreak ezkerra eskoia baino luzeago eukala, eta aitearen egin orduko emon eban diagnostikoa: estamangukoa —edo urdailekoa—. 

Estamangukoa urdail prolapsoa da izan, estamangua bere lekutik behera datorrenekoa. Sarritan etorri leiteke gorpuzkerearen eraginez, persona altu eta argaletan, denpora laburrean hainbeste pisu galdu ezkero, ebakuntza baten ostean edo, andrazkoetan, bata bestearen atzeko umealdien ondorioz. Lorentzaren eretxian, estamangua sustu edo atsekaberen baten atzetik be jausi leiteke.

Etxuteko esan eta masajea egin eutsan tripan. Gero, txinbo jaboi apur bategaz, argizai txatal batzuk ipini eutsazan gainean. Hareek banan-banan biztu eta edalontzi bat ahuzpez jarrita, barrua aire barik parau arte, indar egiten eban urdaila bere lekura ekarteko. Batetik, garria, eta, bestetik, urdailaren goialdea eta pubisaren arteko distantzia neurtzen ebazan kordel bategaz. Eta, halantxe, hirutan-edo joanda eta garrikoa aldean gau eta egun zala joan jakon luzaroan sufridu eban gatxa. 

Trukean borondatea baino ez eban eskatu Lorentzak. 

 

Itziar Rotaetxe 

Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa

 

 

* Urdailekoa osatzeko beste erremedio batzuk Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren Herri Medikuntza alean kontsultatu daitezke.

Iruzkinak ( 1 )

Iruzkin bat idatzi

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~