Etnografia atalak

0
Foto del Archivo Aguirre incluida en el tomo Casa y Familia en Vasconia

Foto del Archivo Aguirre incluida en el tomo Casa y Familia en Vasconia.

Etnografiaz eta ahozko transmisioaz hitz egiten dugunean, familia baten irudia datorkigu burura, antzinako eran etxeko sutondoan eserita, eta aitona-amonak istorioak eta elezaharrak kontatzen, etxeko txikienek adi entzuten zieten bitartean.

Denbora igaro, eta prozesuak berdin jarraitu zuen, desberdintasun bakarrarekin: sua burdinazko plantxa batzuen artean sartu zela, sukalde ekonomikoan edota, beste barik, txapan. Dena dela, gure gizartea hiritarragoa egin ahala, sua baztertu, eta etxeetan beste gela batek hartu zuen protagonismoa: egongelak, hain zuzen. Hortxe aurkituko dugu berriro familia, lehen baino kide gutxiagorekin, baina mugimenduan dauden telebistako irudiei begira, txundituta, etxeko sugarrak bailiran; izan ere, telebista istorio-kontalari berria bihurtu zen, nahiz eta istorio horiek, askotan, urrunetik etorritakoak izan.

Denborak aurrera egin, eta telebistaren “sua” moteldu egin zen, baita senideen artean telebista ikustea bera ere; aldi berean, etxeko kide batzuk gelan giltzaperatzen hasi ziren, haien telebista partikularra ikusteko. Urteak joan urteak etorri, pantaila horien lekua ordenagailuen pantailek hartu dute. Horrek ez digu, inola ere, lehendik sentitzen dugun lilura murrizten; aitzitik, entzun nahi ditugun kontuak hautatzeko aukera ere badugu orain.

Bilbao, 2013. Izaskun Agirre

Bilbao, 2013. Izaskun Agirre.

Eta ezer ez da geldi geratzen: hirian dabilen edo garraio publikoan bidaiatzen duen orok ikusiko du albokoak bere “su partikularra” daramala, telefono mugikor gisa; izan ere, geure baitan murgilduta egoten gara, liluratzen gaituzten irudiak ikusten, istorio berriak entzun edo irakurtzen ditugun bitartean. Istorio horiek ez ditugu gure arbasoengandik ateratzen, baizik eta mundu-mailako nahaspila handi batetik.

Denbora-tarte honetan, etnografian aritzen garenok ez diogu utzi istorioak entzun eta erregistratzeari; lehenengo, libretarekin eta arkatzarekin, eta, ondoren, magnetofonoarekin, kasete-grabagailuarekin, argazki-kamerarekin, zine-kamerarekin eta, orain, bideo-kamerarekin. Hartara, liburuen bidez zabaltzen ditugu, baita irudi eta audioen bidez ere. Istorioak bildu, eta kontalarien eta entzuleen arteko bitartekari-lanean, aukera dugu kontakizunen izaera bezain birtuala den baliabide honen bidez transmititzeko. Batzuetan, baliabide hauskor eta eutsiezina da, baina, era berean, boteretsua ere bada beti. Onerako izan dadila.

Luis Manuel Peña – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~