“Etxea” hitzak esanahi desberdinak ditu, besteak beste, bat ‘stricto sensu’ murriztua eta beste bat ‘lato sensu’ zabala. Hemen etxeari buruz ari gara azken adiera horri helduta, familiaren etxebizitzaz eta beste etxe-mota batzuez ere ari garelako.
Hiribilduetan edo beste hirigune batzuetan, familiak, normalean, jatorrizko baserriari lotuta sentitzen dira, sarritan baserriak deitura eman baitie, edo jende artean ezaguna duten ezizena. Herriek berek ere, herri-tradizioaren arabera, sorrerako lehen etxea dute. Hala, Gernikaldean, Mezeta dorretxea dugu Ajangizen (Mentzeta ahoz) eta Gautegiz dorretxea aldamenean den Gautegiz Arteagan.
Jarraian, etxearen izenaren beste aplikazio batzuen adibideak azalduko ditugu. Hala, abandonatutako haurrak zaintzeko etxeei Sehaska edo Kuma Etxea esaten zitzaien, Ume Abandonatuen Etxea; Miserikordia Etxean umezurtz gazteak zaintzeaz gainera, hezi eta lanbide baterako prestatzen zituzten; ostatu-etxeetan harrera egiten zieten bidaiariei eta leku batetik bestera aldi batez joaten ziren pertsonei. Irrati batzuek irratiaren etxe deitzen diote beren lantokiari. Sozialistek herriko etxe izendatzen dituzte beren egoitzak. Erlijioso batzuek etxea esaten diote bizi diren lekuari, eta ama-etxea egoitza nagusiari; eta jesuitek, adibidez, etxe santua esaten diote beren sortzailea izan zen San Inazioren jaiotetxeari. Zigorra jasotzen duen pertsona etxean atxilotuta egon bitartean ere, harentzat etxeak esanahi berezia hartzen du, espetxe arindu moduko zerbait baita, askatasunik gabeko zigorra duelako.
Konfinamenduan, etxeak beste zentzu bat hartu zuen, barruan egon behar izan zelako berriro kanpora irteteko baimena eman zuten arte. Beste horrenbeste gertatu zaie pandemian itxita egon behar izan dutenei. Egoera horien ondorioz, baserriek eta inguruan lursaila duten etxeek balio handiagoa hartu dute, nahiz eta, duela denbora gutxira arte, batzuetan, horrelako lekuetan bizitzea baserritarkeriatzat jotzen zen.
Etxeak zentzu eta estimazio berezia hartzen du gerra, uholde edo bestelako hondamendi kolektiboak direnean. Gernikako bonbardaketa zela-eta, entzunda daukat etxea galdu zuten askok babesa aurkitu zutela euren familien jatorrizko baserrietan, inguruko herrietan.
Ezaguna da hilzorian zegoen adineko emakume bati azken sakramentuak ematera joan zen apaizaren pasadizoa, bizitza hobea izango zuela konbentzitu nahian zebilela. Erantzun irmoa eman zion: “Bai, jauna, baina norberaren etxean moduan, inon ere ez”.
Segundo Oar-Arteta – Labayru Fundazioa
*Informazio gehiago: Etxea eta familia. Euskal Herriko Atlas Etnografikoa.