Etnografia atalak

0

Euskal erbesteratuak Frantziako kanpamentu batean. Iturria: Gregorio Arrien. Niños vascos evacuados en 1937.

Tropa frankistek euskal lurraldea eta iparralde errepublikanoaren gainerako eremua hartu izanak, eta ondoren izan zuten politika errepresibo eta baztertzaileak, erbesteratu-uholde handi bat eragin zuen. 100.000 euskaldun inguru joan omen ziren erbestera gure herrialdetik 1936 eta 1937 artean, eta horietatik 30.000 haurrak ziren. 1939an, Kataluniatik Frantziarako «Erretreta» deiturikoan ateratako 500.000 pertsonetatik 10.000 baino gehiago Euskadikoak ei ziren.

Euskal biztanleriak atzerrira egindako lehen exodo handia gerra hasi eta aste gutxira izan zen, Gipuzkoako kanpaina martxan zela. Matxinatutako tropek mugaldean azkar aurrera egiteak eta borroken hurbiltasunak sortutako beldurraren ondorioz, emakume eta ume askok Frantziara egin zuten ihes. 1937ko maiatzaren lehen astetik aurrera, frankistek Bizkaiari eraso eta hainbat herritako bonbardaketek hildako ugari eta gosetea eragin ondoren, kezka gizarte osora zabaldu zen, eta horrek behin betiko bultzatu zuen biztanleria zibilaren ebakuazioa, eskala handian.

Euskal erbesteratuetako asko, hasiera batean, Frantzian hartu zituzten. Frantziako portuetara iristean, txertoa jarri, erroldatu eta osasun-azterketa egiten zieten, gaixotasun kutsakor arriskutsuak edukiz gero ere. Kontrolak igaro eta elikatu ondoren, errefuxiatuak Frantzian horretarako aukeratutako harrera-herrietara eramaten zituzten trenez eta, aldi berean, milaka haur inguruko herrialdeetara bidali zituzten.

Begoña Estevez. Autorearen kortesia.

Errefuxiatu-esparruetako bizi-baldintzen gogortasunak eta, batez ere, 1939ko iraileko II. Mundu Gerraren eztandak bultzatuta, errefuxiatu asko Euskadira itzuli ziren, lehen aldiz. Hasiera batean, erbesteratu guztiak laster itzultzea aurreikusten zen arren, euretatik milaka lagunek, batez ere konpromiso politikorik handiena zutenek, ez zuten aukera hori aurreikusi. Haientzat, Euskal Herritik irten ziren unean bertan hankaz gora jarri zitzaien bizitzan aurrera egiteko bide bi baino ez zeuden, Frantzian geratzea edo Amerikara ihes egitea. Hala, haien ihesa exodo luzea izan zen, Franco hil arterainokoa askorentzat, eta kasu batzuetan, gaur egunera artekoa.

Testuinguru horretan, emakume miresgarri asko zeuden, hurbilekoenek soilik ezagutzen zituztenak; hain zuzen ere, gerra, gerraoste eta erbestearen gorabehera horiek bete-betean eragin zieten, baita gainditu ere oztopoak oztopo, sakrifizio handiekin.

Begoña Estevez Arechavaleta izan zen haietako bat. 1923ko azaroaren 15ean jaioa zen, Bilboko erdigunean. Hiria bonbardatu zutenean, 1937an, Begoñak Santurtziko portuan amarratuta zegoen Goizeko Izarra ontzian alde egin behar izan zuen, Frantziara bidean. Ipar Euskal Herrian hasi zen haren erbestealdiaren lehenengo etapa. Han hasi zuen bikote-harremana Anton de Iralarekin. Begoña baino hamalau urte zaharragoa zen, gazte-gaztetatik euskal mugimendu politiko eta kulturaletan sartuta zegoen, eta Agirre lehendakariaren lehen Eusko Jaurlaritza osatu zenean Lehendakaritzako Idazkari Nagusi izendatu zuten.

Erantzukizun politikoek eraginda, Antonek New Yorkera joan behar izan zuen bizitzera, baina Begoñak ez zuen halako aukerarik izan; beraz, ahalordez ezkondu ziren 1945ean. Handik denbora batera, azkenean, hiri hartan elkartu ahal izan ziren. Hantxe bizi izan ziren zenbait urtez, eta han jaio ziren lehenengo bi umeak. Ondoren, berriz ere Iparraldera itzuli behar izan zuten, eta beste bost seme-alaba izan zituzten.

1962an, Agirre lehendakaria hil ondoren, Manilara (Filipinak) joan behar izan zuten, eta 8 urte igaro zituzten han. Behin betiko itzuli zirenean, Donibane Lohizunen hartu zuten bizilekua.

Begoña Estevez eta Anton de Irala seme-alabekin. Manila, 1963. Autorearen kortesia.

Gure gizarteak miresmen handiz gogoratzen eta ohoratzen ditu politikari handi, abokatu, katedradun, poeta, eleberrigile eta kazetari asko, erbestetik eta lehen lerroan, beren herrialdearen alde arrastoa utzi eta lan egin zutelako. Baina kasu gehienetan, haien ondoan, gizartean hain agerian ez zegoen bigarren maila batean, haien emazte indartsu eta borrokalari amorratuak zeuden. Begoña, esaterako, etxekoandrea izateaz gain, familia ugari baten sostengu fisiko eta psikologikoa izan zen, bere seme-alabak hazi zituen eta, aldi berean, euskal askatasunen defendatzaile sutsua izan zen, euskaldun-fededun balioek gidatuta.

Begoñaren seme-alabek, haren bizitzako azken urteetan, memoriak idatz zitzan nahi izan zuten, munduan zehar bizi izan zituen esperientzia gogorrak azaltzeko. Begoñak, aldiz, beti bezala, nabarmendu nahi ez eta ez zuen ezer utzi idatzita. Baina haren senide guztiek ondo dakite politika-, lan- eta enpresa-erantzukizunetan arreta osoa jartzeko eta aitorpen soziala lortzeko ezinbestekoa izan zela Begoña; eta berak egoera beti gorabeheratsuetan eta familia-ingurunetik urrun, seme-alaba ugariez arduratzeko eta senarrari laguntzeko egindako lan nekagarria.

Azken batean, Begoña, beste emakume asko bezalaxe, bizitza arrakastatsu horien euskarri isila izan zen, eta, batez ere, obra handi baten egilea, erbestean familia haztearena.

 

Zuriñe Goitia – Antropologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~