Dantza eta jolasa herri gehienek baliatzen dituzten gorputz-adierazpideak (hizkuntza) dira, oro har, musikarekin edo erritmoarekin lotuta daudenak; eta, historian, hainbat gizarte-mailatan sortu, zaindu eta gorpuztu dira.
Euskal Herrian, guregana iritsi den dantza ‘tradizionala’ denboraren joanean gauzatu den biziraupen-prozesu baten emaitza da; eta, jakina, gorabeherak izan ditu, baita uste baino eten gehiago ere, dela transmisioan, dela dantzatzerakoan. Daukan irudiak ez gaitu engainatu behar ‘lehen egunsentia baino lehenagora’ nahitaez eramango gintuzkeen iraganeko bizitza-luzeraren eta benetakotasunaren aldeko jarrera defendatzera.
Gaur egun, beren sorlekuetan zein beste leku batzuetan, modu ziklikoan eta ‘erritualizatuan’ dantzatzen diren dantza eta jolas horiek guztiak dagokien informazioarekin batera katalogatu ditu Zatak Herri Ondarea kultura-elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Ondare Sailak aginduta, 2015etik 2019ra bitartean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldeetan.
Helburu horrekin, notario lanetan aritu izan gara lantaldekoak festarik festa, eta bertan lortutako informazioa, testuingurua eta datu historikoak, besteak beste, horretarako sortu den datu-base batera eraman ditugu. Horrela, modu egituratuan aurkeztu dira ikertutako ondasun bakoitza osatzen duten elementu guzti-guztiak.
Hauek dira, laburbilduz, ikerketaren helburuak: dantzaren munduan oinarrizkotzat jotzen diren ondasunen egungo zerrenda sakona eskuragarri izatea; administrazioarekin adostea ondasun bat Kultura Ondare Immaterial deklaratzeko aukera, desagertzeko arriskuaren edo erabileraren hedaduraren arabera; eta dantza hezkuntzan eta pedagogian zabaltzea eta sustatzea, internet eta beste bitarteko batzuen bidez. Epe laburrean, asmo horietako batzuk edo guztiak erdiestea espero dugu.
Zenbait ondorio atera daitezke 449 fitxetatik. Baten bat aipatzearren, dantzarien 1/3a dantza-talde ofizialei dagokiela esan beharra dago, eta, gainerakoak dena delako jaiegunean bakarrik aritzen direla dantzan, bakarka edo okasio jakin horretarako sortzen diren taldeetan. Gainera, erraldoi eta buruhandien konpartsen erdiak baino gehiago elkarteak dira, eta udalenak diren irudiak erabiltzen dituzte gehienek.
Oso dantza-talde gutxitan daude musikariak. Kontratatu egiten dira gehienetan, dantza bakoitzerako behar den musika-tresnaren arabera, hein handi batean.
2020ko abendu honetan, ez nuke artikulu labur hau amaitu nahi gogoetarik egin gabe. Euskal dantza ‘tradizionalaren’ munduak, kolektibo zein elkarte formalei dagokienez, ondare materiala eta immateriala bateratzen duen kultura-ondasuna zaindu eta gizartean irudikatzen dute. Areago, dantza-taldeak barne- eta kanpo-harremanen erakusle giltzarriak ere badira, fluxu ekonomikoaren bitartekariak, eta ibilbide luzea dute, bereziki azken berrogei urteotan baino gehiagoan. Pandemia honek urratu egin du dantzaren flotazio-marra eta ustekabeko emaitzak izan ditzake. Oraindik bada garaia une honetan bizi dugun egoera lehengora bueltatzeko, baina konponbiderik bilatzen ez bada, batik bat sektoretik bertatik, agian beranduegi izango da.
Emilio Xabier Dueñas – Folklorista eta etnografoa
Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa
Testua gaztelaniaz eta ingelesez ere irakur daiteke, bai webguneko hizkuntza aldatuz, bai esteka hauetan sakatuz: La danza vasca como patrimonio cultural: un catálogo reivindicativo eta Basque dance heritage: a vindicative catalogue.