Etnografia atalak

0

Bilbo XIX. mendearen amaieran.

Euskara, ezagutzen dugunetik behintzat, hizkuntza txikia dugu hiztun kopuruari eta erabilpen eremuari dagokienez, baina hizkuntza handien ondoan bizi beharra suertatu zaio bere historia luzean zehar. Zeltera eta iberiera izan zituen auzoko erromatarrek euren inperio hizkuntza inguruotara ekarri aurretik. Latin indartsuaren ondoan bizi izan zen luzaroan, eta gaur egun latin haren ondorengoak diren frantsesa eta espainiera hizkuntza erraldoiak ditu mugakide. Latinaren behinolako eragina begien bistakoa da gaurko euskaran, lexikoan zein joskeran. Baita geroagoko gaztelania eta frantsesarena ere. Baina ez al du gure euskara txikiak batere arrastorik utzi inguruko hizkuntza handietan?

Emiliano Arriaga Ribero musikagile eta idazle bilbotar petoaren Lexicón bilbaíno lana argitaratu zuen Minotauro argitaletxeak 1960an (originala 1896koa zen). Lan horretan Arriagak XIX. gizaldiaren amaierako Bilboko gaztelanian euskararen eraginez sortutako hainbat berba bitxi bildu eta iruzkindu zituen. Bestetik, Mikel Zarate Lejarraga Lezamako (Bizkaia, Txorierri) apaiz idazlearen Influencias del vascuence en la lengua castellana liburua argitaratu zuen Mendebalde Kultura Alkarteak 2011n (originala 1976koa zen). Bertan Zaratek XX. mendearen amaieran Txorierri eta Bilbo aldeko euskaldunek bertako gaztelanian utzitako lorratza azaldu zuen.

Bada, lan interesgarri biok kontuan harturik, artikulu sorta bat eskainiko dugu hemen, bitxikeria linguistikoen zaleen gozamenerako. XIX. mende amaieratik eta XX.ekoaren amaierarako tartean kokatuko dugu lana, beraz, eta Bilbo eta inguruetako gaztelaniaren euskal substratuan ezarriko dugu begia. Oraingo honetan, baina, bazter utziko ditugu eragin horren parte izan diren arazo soziologiko edota politikoak –azterketa interesgarria eta emankorra izan litekeen arren– argitalpen honen luze-laburrak ez baitigu hartarako biderik ematen. Halandaze, fenomenoaren alderdi linguistikoan zentratuko gara; baina ez maila filologikoan, ezpada dibulgazio mailan, edonork ulertzeko eran.

Lehenbiziko urrats honetan, fonetika jarriko dugu begipean. Hurrengoan morfojoskera, eta azkenekoetan lexikoari begiratuko diogu.

C/Z eta S

Bilbo inguruko euskaldunari arrotz zitzaion gaztelaniaren hortz arteko z fonema (cocer, veces…), eta horren ordez s ahoskatzen zuen gaztelaniaz berba egikeran: Haser y deshaser, todo es haser. Ahí está, sin saber qué haser. Amarra bien los sapatos para no caer. Yo la consiensia tranquila tengo. Si no te llega, ¡pasiensia!

Hitz amaierako D

D fonemaz amaitzen ziren hitzetan Bilbo inguruko euskaldunek ez zuten akabuko d hori ahoskatzen: Todavía no has hecho los deberes, ¿verdá? Me emosiona su caridá. Hay mucha desigualdá entre los dos equipos. Arriagak zioen hobe zela hori egitea, erdaldunek egiten zutena baino. Haiek z fonema ipintzen zuten d-aren lekuan: Yo siempre digo la verdaz. Su bondaz era infinita.

R eta RR

R biguna arazo barik ahoskatzen zuten garai hartako euskaldunek, baina r dardarkari anizkuna euskaraz gaztelaniaz baino gogorragoa zenez, nabarmen gogorrago ebakitzen zuten gaztelaniaz egitean: ¡Desirr también! Rrasón tienes. Ya fue a la rromeria, ¡llevaba tiempo esperando y! No me hagas rrepetir las cosas trres veses. ¡Jesuuuus, me rrompes el corasón! Agurrr, amante.

CH eta TX

Euskarazko tx eta gaztelaniazko ch fonemak ez dira guztiz berdinak, antzeko ahoskera duten arren. Euskarazkoa palatalagoa dugu, eta horregatik, xelebre lotzen ziren ch fonema zeramaten gaztelaniazko berbak orduko euskaldunen ahoan: Etxa un poco de letxe a la tasa. Antes no era fásil etxarse novia si eras muy murco. Primero has bujero con el asadutxu y luego mete la planta. Ahí siempre andan txavales.

F eta P

Anekdota batekin kontatzen dut beti fonema bi hauen nahasketaren kontua. Aurreko mendearen hondarrean hargin bat ezagutu nuen, Aurelio izenekoa. Basaurikoa zen, baina bizitza osoa Gaztelan emana zen, hango lurretako labe tipikoak egiten. Aurelio gazte-gazterik irten zen etxetik. Hainbat urtez erdaldunen artean ibili eta gero, erabat ahaztu zitzaion euskara. Azentua eta berba egikera, ostera, lehengo-lehengoxeak zituen. Gure etxean aldi batez ibili zen igeltsero, eta ondo gogoan daukat behin bota zidan esaldia, Fran haren laguntzailea non zen galdetu nion batean: ¿Pran? ¡Ha ido a la por! Nik ez nuen ulertu. ‘Habrá ido a por algo’ pentsatu nuen. Orduan berriz ekin nion: ¿Cómo a la por? Eta hauxe erantzun zidan: Ha ido a la por, a arreglar la purgoneta. Hortik atera nuen por hori Ford izango zela, harako Fran hark Ford markako furgoneta zeukalako. Halandaze, hauxe da Aurelioren erantzuna desenkriptatuta: ‘Fran ha ido a la Ford a arreglar la furgoneta!’ (Pran ha ido a la Por a arreglar la purgoneta!).

Badirudi behinola euskaldunari kostatu egiten zitzaiola gaztelaniaren f-a ahoskatzea, eta horregatik sartzen zuela p-a f-aren lekuan. Gure Aurelio hargina horietakoa genuke. Baina gero euskaldunek ikasi egin zuten f-a ahoskatzen, eta kontrako fenomenoa gertatzen hasi zen, hau da, batzuk f-a sartzen hasi ziren p-a tokatzen zen lekuan. Alde horretatik, ez daukat ahazteko Alfontso Irigoien filologo eta hizkuntzalaria zenak Deustuko Euskal Filologiako ikasleoi behin eman zigun adibidea. Euskaldun batek behin zera bota omen zuen, bazkari eder baten ostean:  …eta orain, kapea, kofa eta furua!!! (f/p fonema biak zehatz alderantzikatuta). Hiper-zuzenketa esaten diogu horri, hau da, ondo egin beharraren beharraz kontrako analogiaz baliatzea azkenean txarto egiteko.

 

Joseba Santxo Uriarte – Filologo eta ikertzailea

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~