Edozein hizkuntzak dauzka edonor liluratzeko moduko hitzak. Izan ere, hitzak berez dira originalak, adierazkorrak, aldakorrak, apetatsuak … gainera adin, neurri, itxura, kolore eta esangura askotakoak ere baditugu ahozko loreok. Zelan ez liluratu, ba, giza adimenak eta sormenak atzo eta gaur han-hor-hemen sortu dituen pieza zoragarri horietako batzuei begira! Gaur egun modan paratu da sare sozialetan hizkuntzetako hitz bereziak aurkeztea eta azaltzea, jendearen gozagarri. Ideia ezin hobea da. Horrelako reel edo bideo laburretan, baina, askotan hitzen etimologia okerrak edo asmatuak ematen dira, jendea lilurarazi beharraren beharraz. Ez da hori gure asmoa. Hemen zazpi euskal hitz edo esapide aurkeztuko ditugu, handik edo hemendik aparteko berezitasunen bat dutenak. Haietariko batzuk berez-berez erabiltzen ditugu eguneroko berbetan, askotan euren baitako balioari edota edertasunari erreparatu ere egin barik. Beste batzuk gutxiago erabiltzen ditugu, ezagutu arren; eta baten bat galbidean ere egon daiteke, berba berriek edota esanahi aldaketek baztertuta. Alabaina, denak dira gure euskararen zati, eta ez dauzkagu saltzeko! Alderantziz, atsegina da, oso, haietariko batzuk erakusleihoan ipintzea, batetik, euren balioari errepara diezaiogun, eta bestetik, aurrerantzean eurak erabiltzen adoretu gaitezen.
Alkar poderoso. Hibrido benetan bitxia. Ez duzue ohiko hiztegietan topatuko. Euskal Zuzenbide Zibileko figura juridiko mota bat da (gaztelaniaz Sucesión por Comisario) eta hauxe da haren funtzionamendua: testamentugile batek komisario bat edo batzuk izendatzen ditu, bera hil eta gero bera ordezkatu eta beraren ondasunak kudea ditzaten. Espainiako Kode Zibilean, kasurako, erabat galarazita dago jarduera hori, testatzea guztiz pertsonala dela iritzita. Alkar poderoso sistemak baserri izaerako gizartean du jatorria eta Bizkaiko Foru Berrian azaltzen da (1526). Horren helburua ondarearen larregiko zatikatzea saihestea zen, ezkontide alargunduaren alde eginda. Filologiaren aldetik, terminoak hitz bi ditu: alkar/elkar (elkarrekikotasuna adierazten du eta ez da erraza beste hizkuntzetara itzultzea) eta poderoso (erdaratik hartu dugun hitza, ‘ahaltsua’ adierazteko). Elkarri ahalmena ematea litzateke funtsean.
Aspaldiko. Nork ez du ezagutzen euskal interjekzio jator hau! Denbora luzea dela ikusi ez dugun lagunari esan ohi diogu. Berba bitxia da, eta ez dauka itzulpen errazik. Adjektibo moduan ere asko erabiltzen da: aspaldiko ohiturak, aspaldiko lagunak… Adberbio gisa hitz jostaria dugu, atzizkia aldatuta ia-ia kontrako esanahia duten adierak har baititzake: aspaldian (duela denbora luzea) eta aspaldion (azkenaldi honetan).
Abaro. Hitz honek zuhaizpeko babestokia adierazten du eta abereak eguzkitik gerizatzeko beharrizanean ei du jatorria. Handik esparru guztietara zabaldu zen, babes, geriza, aterpe zentzuan. Bada, bestetik, abaro berbaz osatutako aditz polit bat, berbaren antzinako esangura oroitarazten diguna: abaro egin. Aditz-lokuzio honek ‘biao egin’ edo ‘siesta egin’ esan nahi du, zuhaitzen gerizpea toki txit egokia baita bazkalondoko lo kuluxka egiteko eguzkiaren babesean.
Auzo-lotsa. Kontzeptua ezaguna eta orokorra dugu: norbaitek esan edo egin duenarengatik besteek sentitzen duten lotsa. Baina hitza originala da, sano. Osagai bi ditu. Lehenengoan auzo izena daukagu. Batetik, herriak banatzen diren etxe sailak edota barrutiak adierazteko erabiltzen da (sin. auzune, auzotegi). Baina bestetik, ingurukoa, ondokoa ere esan nahi du. Eta hortixek sortu bide da auzo-lotsa berba ederra. Esapide mailan, parekoa genuke andre ondarrutar bati behin entzun nion eta asko gustatu zitzaidan esakune eder hau: nobera lotsatu bir! (norbera lotsatu behar!).
Bezuza. Hitz zaharra dugu, gaur egun nekez entzuten dena. Haren lekuan oparia darabilgu hitzetik hortzera erregalu adierazteko (behiala oparia sakrifizio adierazteko erabiltzen zen). Bezuza berba ez da atzo goizekoa, XVI. mendeko esalege bilduma batean azaltzen baita: Inudea laztan dauenak seinari bezuza (‘a la ama quien tiene voluntad, al niño regala’). Orain dela hainbat urte andre galdakoztar bati entzun nion berba eder hori hizketa naturalean, eta poz handia eman zidan oraindik inoren ahoan bizirik zegoela ikusteak. Hemendik aurrerakoa gure esku dago. Beraz, euskaldunak usa beza bezuza berba!
Bihotzerre. Euskal hitz hau osasunaren edota medikuntzaren arlokoa dugu, eta esanahia, hauxe: jan ondoren, batzuetan, urdailean edo hestegorrian nabaritzen den mingostasun edo garraztasuna. Morfologikoki hitz elkartua da, bi elementuz osatua. Lehenengoa bihotza da, eta bitxia dirudi, gaitza urdailekoa izanik. Baina ulertu ere egin daiteke, urdailaren ahoa bihotzetik hur dagoelako. Bigarrena erre da, eta baliteke erre aditzarekin zerikusia izatea (gaztelaniaz ere ‘ardor’ hitza erabiltzen da); izan ere, urdaileko garraztasun horrek barrua erretzen ari zaigulako sentsazioa eman dezakeelako. Baina daturik harrigarriena hitzaren ordaina ingelesean bilatzen dugunean agertzen da, ingelesez bihotzerrea ‘heartburn’ esaten baita, hau da, bihotzerre hitzez hitz! Ingeleseko hitz hori XIV. menderako dokumentaturik zegoen, baina garai hartan haragikeria edo lizunkeria adierazten zuen. Egungo esanahiaz, aldiz, hurrengo mendeko farmazeutikako testuliburu batean azaldu zen lehenengoz. Han dispepsia sendatzeko asentsio-belar irakina edan behar zela esaten zen. Halandaze, horra hor erronka polita filologo eta ikertzaileentzat, euskarazko eta ingelesezko hitzen kointzidentziaren nondik norakoak argitzeko!
Eguzki-begi. Eguzkiak jotzen duen aldea litzateke eguzki-begi (sin. egutera), eta askotan Non kasuan erabiltzen da: Gure etxea eguzki-begian dago. Berba elkartu eder honetan bigarren osagaiak ematen digu arreta: begi hitza. Polisemikoa dugu, eta ikusmenaren organoaz gain, besteak beste, aurpegiera, gogo aldartea edo begiradaren norabidea ere adieraz dezake. Hortik gora, ezin konta ahala konposatu sortu ditu, eskuartean dugun eguzki-begi hau, kasurako. Aldaerak aldaera eta adierak adiera, ariketa polita da eguzkitan dagoena eguzkiaren begipean dagoela irudikatzea. Barandiaranek, adibidez, Ataunen egun-argiari euzki eta eguzkiari euzki-begi deitzen zietela zioen. Berastegin, ordea, Jainkoaren-begi deitzen omen zioten eguzkiari. Ez dezagun ahantzi antzinako egiptoarrek ere eguzkia Ra jainkoaren begi gisan irudikatzen eta gurtzen zutela.
Zazpi hitzok zazpi perla baino ez dira, gure euskarak dituen aneika harribitxiren artean. Hurrengo artikuluetan gure altxor linguistiko eta kultural eskergaren ale gehiago ipiniko ditugu erakusmahaian, haiei ederretsita hiztunok sarriago erabiliko ditugulakoan.
Joseba Santxo Uriarte – Filologo eta ikertzailea