Etnografia atalak

0

Euzko Mendigoxale Batzaren sorrera Kalamua mendian, 1921ean. In Jemein, C. Biografía de Arana-Goiri’tar Sabin e historia gráfica del nacionalismo. Bilbao: Editorial Vasca, 1935, 341 or.

“Mendigoixalea aberriaren aldeko mendizalea da”. Ceferino Jemein Keperinen aipu esanguratsu horrek ederto adierazten du bost hitzetan zer izan ziren mendizale politiko haiek.

Manu Etxebarria Ayesta euskarako katedradunak zehatz azaldu digu Kirikiñok (Evaristo Bustinza, Mañaria 1866-1929) sortutako hitzaren osaera: mendi, goi eta zale. Hiru osagaiok lotuta esanahia argi geratzen da: goi mendietan ibiltzeko zaletasuna duena (hiztegi araugileek mendizale hitza erabiltzea gomendatzen dute).

Euskal mendizaletasuna ez zen mendigoixaleekin sortu, baina XX. mendearen hasieran bat egin zuten mendian kirola eta politika helburu zuten mendizaletasunek.

Baina nortzuk ziren mendigoixaleak? Gazte abertzaleak ziren, aberriaren alde egiteko taldeetan elkartutakoak. Taldeok mendian ibiltzeaz gainera, inguruko ermita, auzune eta herriak ezagutzen zituzten.

Kirol-mendizaletasunaren jatorria guztiz ezberdina da. Euzko Mendigoixale Batza (EMB) baino lehentxuago sortu zen, eta lehenengo euskal mendizaleak mendira igotzen ziren euren osasun- eta bizi-egoera hobetzeagatik, orduko tuberkulosi izurri itzelak eraginda batez ere.

Euskal mendizaletasuna olio-orban geldiezin eta kutsakorraren antzera zabaldu zen. XIX. mendearen amaieran bazeuden talde txiki batzuk, batez ere futbol-taldeetako egituretatik sortuak. Horiek guztiek Federación Vasco Navarra de Alpinismo (FVNA) eratu zuten (1924).

Mendigoixaleek, aldiz, beste bide bat egin zuten. Mendia euren asmoak eta Sabino Aranaren pentsaera zabaltzeko erabiltzen zuten. Jokabide biek bat egin zuten mendian, baina helburuak guztiz desberdinak ziren.

Mendigoxaleen omena, 1932ko Aberri Eguna. Bilboko Arte Ederren Museoaren Bilduma.

Hona historiografia kronologiko labur bat mendizaleei eta mendigoixaleei buruz.

Kirol gisa, 1786ko abuztuaren 8an Mont Blanceko goia jo orduan zabaldu zen Europa osoan. Gero, 1865ean, Alpeetan inoiz gailurra egin gabeko azken 4.000kora, Mattherhomera (Cervino, 4.478 m) igo ziren, eta ordukoa da alpinismo izendapena.

Euskal mendizale talde bat aipatzen duten lehenengo kronikak eta berriak 1877koak dira: Ganekogortoak ziren. EAJ-PNV 1895ean sortu zen eta hurrengo urtean osatu zuten Euzko Gaztediya Bilbon, EMBren sorburu izan zena. 1908rako EAJk bazituen mendigoixale talde batzuk antolatuta, baserri eta auzuneetara joaten zirenak Sabino Aranaren dotrina zabaltzen.

Mendigoixale Batza 1921eko apirilaren 3an eratu zen, lehenengo Kalamuara igo eta ondoren Arraten batzartuta. Batzar horretan Bizkaiko 18 talde, Gipuzkoako 10 eta Arabako bakarra egon ziren. Urte horretan bertan, zatiketa mingarri baten ondoren, Alderdiak Bizkaiko eta Gipuzkoako mendigoixaleen Federazioa sortu zuen, Irlandako abertzaleen eredura. Hala sortu ziren Emakume Abertzale Batza, zenbait antzerki talde, ikasle abertzaleen lehenengo elkartea eta Gaztetxoak ere.

Handik hiru urtera, esan dugun moduan, FVNA eratu zen Elgetan. Ofizialki 57 talde ziren, baina berez entitate sortzaileak 77 izan ziren, nire datuen arabera: 3 Arabakoak, 5 Nafarroakoak, 32 Gipuzkoakoak eta 36 Bizkaikoak. Martxan dira, beraz, mendizaletasun bietako kudeaketa-egiturak.

Hurrengo artikuluan mendigoixaleen historia garatzen jarraituko dugu.

 

Iñaki García Uribe

Aranzadiko Etnografia Saileko kidea eta euskal mendizaletasunaren ikertzailea

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~