Etnografia atalak

0

Argazkia: Akaitze Kamiruaga. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Jakin dakit batek baino gehiagok aurpegikune arraroa ipini duela eurak ikusiaz batera; beste asko, ordea, adurra dariola izango dira dagoeneko. Bada, batzuek zein besteek, jakizue balio proteiko handiko elikagaia dela karakola; jaki ezin hobea, giharren garapenari mesedea besterik ez dio egiten eta.

Karakola erremediotzat baliatzea ere oso ohitura zabaldua izan da Euskal Herrian. Kukurruku-eztula osatzeko, esaterako, karakol-lerdea azukrearekin nahastuta hartzen zuten etxe batzuetan. Ukenduak ere egin izan dira adurrarekin; izan ere, osagai paregabeak ditu azalarentzat.

Astebete falta da Gabon-gauerako; eta, izekoak, aurten ere, karakolak prestatuko ditu, Gabonetako plater izarra. Izan ere, gurean, Zornotzako Aldana baserrian ez dugu karakol bako Gabonik ezagutu. Ez Aldanan, ez inguruetako etxeetan ere. Oso plater tipikoa eta preziatua izan da Gabonetan, belaunaldiz belaunaldi igaro dena.

Argazkia: Akaitze Kamiruaga. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Sanmigelak pasatuta hasten gara urtero karakolak batzen. Euren bila, inguru ilun eta hezeak arakatzen ditugu urtero, hotzagatik ostendu egiten dira-eta askotan: baserri inguruko horma-bitarteetan, harri- eta lur-azpian eta zuhaitz-zuloetan gordetzen  dira, adibidez.

Bildu ostean, zaku aireztatu batean sartzen dira, eta kortan edo ganbaran eskegi. Zintzilik dauden bitartean, ereinotz-arrama ere sartzen da zakuan; sikatzen laguntzen ei du. Beste leku batzuetan, letxuga edo zahia jartzen dute. Azken batean, kontsumitzen diren egunera arte ahalik eta ondoen kontserbatzea da helburua.

Prestatzeko orduan, zailena garbiketa-prozesua da; lan hori kontu handiz egin beharrekoa da. Ur, gatz eta ozpin asko erabiltzen dira ondo garbitzeko. Mukia erabat desagerrarazteko, behin baino gehiagotan errepikatu behar da prozesu bakoitza. Hasteko, urez eta gatzez beteriko balde batean beratzen uzten dira, eta behar beste bider aldatu ura. Horren ondoren, banan-banan garbitzen dira, ur epelarekin, azaleko lohia kentzeko. Gero, berriro uretan eta gatzetan jartzen dira; eragiketa hori bi edo hiru bider errepikatzen da. Azken ura ozpinetan egiten zaie. Garbitu eta gero, karakolak egosi egiten dira, ondo garbi gera daitezen.

Karakolak hainbat modutara prestatu daitezke. Gure etxean, kasurako, lehenengo-lehenengo, barazkiekin batera egosten dira 25 minutuz, gustua hartzeko. Ostean, bizkaitar erara egindako saltsa prestatzen da, piper txorizeroarekin eta tipularekin. Kazuela batean, karakolei eta aurretiaz frijitutako txerrikiei ꟷurdaia, solomoa eta txorizoaꟷ bizkaitar saltsa hori gainetik botatzen zaie, eta dena ondo-ondo nahastu behar da.

Argi dago plater sendoa eta kaloria askokoa dela, baina urtean birritan jateak inori ez dio kalterik egiten. Beraz, utzi higuinak-eta alde batera eta gozatu, gorputzak eskertu ere egingo dizu eta.

 

 

 

Ziortza Artabe Etxebarria

Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~