Etnografia atalak

0

Egilea: Itziar Rotaetxe. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Sasoian sasoikoa da baserriko legea, eta udagoienean, sagarrak batzeari esetsi behar diogu. Urte guztiak ez dira berdinak, batzuk beste batzuk baino emankorragoak dira, eta aurtengoa izan da, izan ere, horietarikoa, emankor-emankorra. Gaur, etxekook denera ailegatu ezinik eta, edo konpotan edo gordinik jaten ditugu, eta sarritan, lagunen artean banatzen ditugu, alferrik gal ez daitezen.

Aspaldian, sagarrekin sagardoa egiten zen baserririk gehienetan, eta sagardoa egiten zenetan pitikina ere bai. Alejandro Olabarriak, Orozkoko Udiaga auzoko semeak, esaterako, oraindik ere pitikina egiten du urtero-urtero, besterik ez ei du-eta etxean egiten ikusi. Entzunda eduki badauka, baina, etxeko osaba batek sagardoa egiten zuela, berak ezagutu ez badu ere. Akorduan dauka , garai batean, Basauriko maiorista bati saltzen zizkiotela sagarrak, eta idiek tiraturiko gurdian bajatzen zituztela herriraino, handik Basaurira autoren baten eroateko. Partikularrei ematen zizkietelakoa ere gogoan dauka, sagarrondoa hainbeste pezetatan, eta eurak arduratzen zirela batzeaz.

Lehenago, sagardoa egiten zen sasoian, sagarrik onentxoenak horrexetarako erabiltzen ziren, eta txiker eta itsusienak, lurrera jausitakoak, pitikina egiteko: –kin atzizkiaren adieratariko bat hondakin da, hain justu.

Orozkon eta alboerrietan, Zeberion esaterako, pitikina esaten zaio edabe horri, baina badira pitipina eta pitarra esaten dioten herriak ere. Abadinon, esaterako, ur-sagardaoa esaten ei zaio , eta Iparralden, minata.

Pitikina, Alejandroren esanetan, sagardo txarra da. Hala ere, edabe gozoa eta freskagarria dela diosku, eta alkoholik gabea ia-ia. Horrexegatik edaten ei zuten andrazkoek eta umeek ere bai. Leku batzuetan, gaztainekin batera hartzen omen zuten, orduantxe da-eta, izan ere, euren sasoia.

Lehen esan dudan moduan, sagarrik merroenekin egindako edaria da. Urtebetea, erreineta, sagar gorria eta geza izenekoa, gustu bakoa, nahasten ziren sagar-askan. Lehenagoko sagar-aska  metro bateko edo biko haritz-enborraz eginda zegoen. Haritza aurrezdik hutsituta egoten zen opatxurraz. Alejandroren sagar-aska egurrezkoa da eta berak eginda dago, eskuz, pitikinaren prozesu osoa bezala.

Sagarrak sagar-askan, exaz txikertu, eta egurrezko mailu handi bategaz jo eta jo eginda, zehatu egiten ditu. Txikertu ostean, barrikara botatzen ditu. Barrika erdia baino gehiago betetzen da sagarrez, eta gainera ura gehitzen zaio, ia goraino. Tapa batekin estali, nahiz eta ez duen guztiz itxita egon behar. Hala, zortzi-hamar egunean uretan beratzen egon ostean, iragazki handi batetik iragazi eta botiletara pasatzen da. Orain, plastikozko botilak darabiltza, hobeto ixten direlako eta hain arriskutsuak ez direlako. Lehen, kristalezkoak ziren eta kortxoa hilobalaz ixten zen. Hala ere, behin baino gehiagotan, errementatu egiten zuten. Barrikatik bertatik ere edan liteke, baina. Pitikina botiletan dagoela, azukre apur bat egiten dio berak. Azukreak, gozatu egiteaz gain, indarra ematen dio eta bitsa aterarazi.

Alejandrok kontatu dit erderazko esaera batek hala dioela: “ Este vino es más malo que el pitiki”; baina, lagun artean, ondo gustura hartzen dela, mokadu batekin lagunduta, elkarri kontu batzuk esaten dizkiogun bitartean.

 

Itziar Rotaetxe

Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa

 

 

 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~