Etnografia atalak

0

Ezkonberriak familiarekin. Bedia, 1959.

Bizkaian hain geurea dugun familia tronkalean etxearen jabetza edo beraren alokairuaren titulartasuna izango da familia konfiguratuko eta elkartuko duen funtsezko elementu materiala. Unitate integratu horretan sartzeko eratariko bat ezkontza den neurrian, ezkontza-kontratua, “ezkontza zibila”, integrazio hori formalizatzeko tresna arautua bihurtzen da. Ez zen ezer utzi behar inprobisatzeko; familiaren aurreko esperientziak zioena edo aurreikusgarria zen oro arautzea zuen helburu ezkontza-kontratuak. Hori egin ondoren, ezkontza erlijiosoa izango da hura hotsandiko bihurtzeko edo sakratu egiteko.

Ezkontza-kapitulazioetan irudikatutako ezkontzako kontratu zibila etxean bizi zen familia osoaren –ez ezkonberrien artekoa, soilik— arteko etorkizuneko erlazioen sortze-ekitaldia zen. Kapitulazio horietan, gertatu ahal izan ziren suposizio desberdinak, ahalik eta xehetasun handienarekin ezartzen ahalegintzen ziren, ondarea bere osotasunean eta familia barruan mantentzea segurtatze aldera. Arrazoi desberdinak medio ezinezkoa gertatzen zenean ezkontza-kapitulazioak gauzatzea, ez ziren horregatik etxeko senar-emazte bikote bien (zaharra eta gaztea) arteko harremanak arautu gabe geratzen; kasu horietan, dokumentu pribatu bat erabiltzen zen horretarako, non antzeko erregulazioak jasotzen ziren.

Ezkontzako kontratuan alde bakoitzaren nor bere ekarpena egiten da; arra moduan batak besteari eskainitakoa eta hauek itzultzeko era; senarrak bere emaztearen ekarpenaren itzultzea finkatzen duen segurtasunak; eta batez ere, gurasoek, testamentua egiteko askatasun eskubidea erabiliz, ondorengo bakar baten alde (kasu honetan, ezkontzera doanaren alde) egiten duten ondare guztien dohaintza, ondare horien erdiaren gozamenerako eskubidea beraiengan gordez guraso biek edo bietako bat bizirik den artean.

Ezkontza-agiria sinatzen. Laukiz.

Dohaintza honek berarekin dakartzan kargak edo beharrak agerian jartzen dira, alboratuak geratu diren gainontzeko seme-alabek ere ezkontzerakoan gurasoengandik diruren bat eskuratzeko eskubidea izan dezatela segurtatzeko; beste batzuetan, adierazten da hauek adin-nagusitasunera irits bitartean mantentzeko oinordeko dohaintza-hartzaileak bere gain hartzen duen obligazioa.

Bi senar-emazte bikoteak euren artean ondo ez konpontzearen kasurako (ezin ahaztu bi bikoteek baserri berean, hau da, ekoizpen-unitate bakar batean), dohaintzak iraunez ere, gurasoek emandako lursailaren edo lursailen erdiaren gozamena jaso dezaten oinarriak hitzartzen dira, zatiketa eta hura egiteko era zehaztuz.

Elkarren arteko botere emate edo elkarrekikotasun klausularik ezin zen falta izan, bai noski, ezkontzako kontratuan, alkar-poderoso izenez ezagutzen dugun formulapean. Bizkaiko Foruak ematen dien fakultatea erabiliz, bizirik geratzen den haietako azkenak eduki ahal dezan bere ondareak eta hildakoarenak ere egokiago deritzon moduan erabili eta banatzeko ahalmena, bai seme-alaba guztien artean bai bakar batentzat utziz, lehentasunik sexuaren arabera ezarri gabe eta hau gauzatzeko denbora zehatz bat seinalatu gabe.

Ikusten ari garen alderdi hauek guztiek erakusten digutenez, zuzenbide pribatua ezagutu gabe, ezinezkoa da aspalditik eta oraintsura arte iraun duen antolaketa soziala ezagutzea, ezta berarekin lotuta dauden harreman instituzionalak eta norbanakoen artekoak ere. Zuzenbide pribatu hori, jatorriz batez ere ohiturazkoa dena, aspalditik datozen erabileran eta ohituretan oinarrituta dago, nahiz eta idatzitako testuetan erregistratuta geratu ez.

 

Abel Ariznabarreta

Historialaria

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~