Hainbat etnografia lanetan ikus daitezke Arratia eta bereziki Zeanuri aldeko argazkiak, sarritan oinean egilearen izenik gabe. Gehienetan argazki horien egilea, Felipe Manterola da.
Felipe Manterola Urigoitia (1885-1977) Zeanurin jaio eta bertan bizi izan zen beti. 1897an alargundu zen ama eta Felipe, hiru semeetatik zaharrena, mutil koxkor zela familiaren jabetzako Estankoaz —zapateria, denda eta tertulia gunea— arduratu zen. Baina argazkilari handia ere izan zen, zaletasun hori bizibide inoiz ez bazuen hartu ere.
Dirudienez, lehenengo argazkiak 1904. urtean egin zituen eta errebelatua ere etxean zeukan estudiotxoan egiten zuen. Inguruko familiek eta erakundeek sarri jotzen zuten berarengana argazkiak eta erreportajeak egiteko.
Edozelan ere, bere kamera ez zuen erabili estudioko argazkiak egiteko soilik, eta hainbat argitalpenetan ere erabili ziren bere irudiak: Donostiako Novedades aldizkarian; Geografía General del País Vasco-Navarro entziklopedian; 1925etik 1926ra Eulogio Gorostiaga apaizarekin lan egin zuen Eusko Folklore urtekarirako “Establecimientos humanos y la casa rural” ikerketa argazkiz hornitzeko; 1931n Folclore y costumbres de España liburuan Telesforo Aranzadik nekazaritzari eta euskal dantzei buruz idatzitako testuak ilustratu zituen; Julio Caro Barojak Los Vascos liburuaren lehen edizioan Manterolaren argazki pare bat erabili zituen; 1978an, José Miguel Barandiaranek zuzendutako Euskaldunak. La etnia Vasca liburuan bere hainbat argazki biltzen ziren…
Bestalde, postalen bildumak ere egin zituen; horietako batzuek Alemanian eman ziren argitara, beste batzuk Frantzian eta Bilbon. Bizkaiko hiriburuan argitaratuak Lux etxeak prestatu zituen, eta postal gehienak euskaraz idatzitako testua zeramatzaten behealdean.
Manterolaren lanari buruzko erakusketak ere antolatu dira, lehena 1983an Bilboko Arte Ederren Museoaren eskutik, Felipe Manterola Argazkiak (1904-1930) Fotografías izenburuarekin. Erakusketa honen katalogoa ere argitaratu zen.
Azken urteotan, Zeanuriko argazkilariari buruzko bi liburu argitaratu dira: bata, Josu Fullaondok idatzia, Felipe Manterola. Landa gizarte bateko argazkilaria; bestea, Feliperen oinordekoek argitaratua: Felipe Manterola. Zeanuriko argazkilaria.
Argazkilaritzaren munduaz gain zinearena ere ukitu zuen, eta 1930. urte inguruan 16 milimetroko kamera batez baliatuz, Zeanuriko eguneroko bizitza eta jazoerei buruzko filmaketak egin zituen.
Gerra Zibilak Felipe Manterolaren argazkilaritzako lan emankorra eten egin zuen. 1937ko abuztuaren 4an atxilotu eta 1940ko ekainaren 12an askatu zuten. Etxera itzuli zenean 55 urte zituen eta bertan behera utzi zuen 1904an hasitako afizioa; bakar-bakarrik noizean behin familiarteko erretraturen bat egiten jarraitu zuen. Edozelan ere, gerra osteko urteetan lehenagoko argazki batzuk akuarelaz margotu zituen.
Oraintsu, Manterola familiak dohaintzan utzi du Feliperen argazki-artxiboa Bilboko Arte Ederren Museoan. Aurretik, zinemako filmak Euskadiko Filmategian utzi zituen.
Jon Urutxurtu