Ikuskizuntzat hartzen da, oro har, atsegin emateko balio duen ekitaldi oro, edo beste osagai batzuk dituena –ludikoak, emozioen ingurukoak, etab.– eta jendaurrean eta jendearekin egiten dena. Horrez gainera, ikuskizun bat folklorikoa dela eransten badugu, jendearen bizigarri diren ospakizunen zerrenda ez da inondik ere baztertzekoa.
Orokorrak, ordea, arlo espezifikora eramaten gaitu. Beraz, nahitaezkoa da ikuskizunak tipologiaren arabera sailkatzea, eta, horretarako, saiatu behar da behar bezala administratzen sinatzailearen ikuspegi pertsonala, subjektiboa bada ere, eta ekitaldiaren parte-hartzea kolektiboa, aktiboa zein pasiboa, den zehazten.
“Ikuskizun folkloriko” gisa hartzen denaren adibide argi bat, itxuraz, euskal dantza jaialdiak dira, dantza talde batekin edo gehiagorekin, edo alarde bat, hau da, hainbat kolektibo dantza berberak egiten. Zalantzarik gabe, azken urteotan aldatzen joan dira horiek aurkezteko modua, asmoa eta ikusleak. Are gehiago, esango nuke erakargarri seguruak izatetik –baita herri edo auzoetako jaietan betelana egitetik ere–, ikus-entzunezkoetako hondar jarduna izatera igaro direla. Agian, orduagatik izango da, agian, egunagatik, edo, agian, lekuagatik, baina parte-hartzaileen senitartekoak eta lagunak bakarrik biltzen dituzte inguruan.
Bestelako osagaiak ere izaten dituzte, ez beti erakarpen maila berekoak: herri kirolen erakustaldia edo “dantza soltearen” lehiaketa, eskualde etxeetako jaiak, folk musikaren kontzertua, edo “jai berri” deiturikoetan txertatutako era guztietako jarduerak, hala nola euskararen babesarekin lotutakoak (Korrika, Ibilaldia, Nafarroa Oinez…).
Ziurta dezakegu adierazpen horietako bakoitzak bere publikoa duela; publiko jakin bat. Gai hori, historikoki, iragan hurbil bezain urrunetik dator, non auzokoak izaten baitira nagusiki parte-hartzaileak.
Erritu eta tradizio jakin batzuk, bai gutxiengoei zuzenduak, bai jende ugari biltzen dituztenak, ikusmin handiagoko edo txikiagoko ekitaldi bihurtu dira. Horren ondorioz, parte-hartzaile pasiboak, hau da, publikoak, bere nortasuna hartzen du, parte-hartzaile aktiboak, bitxia bada ere, lehenengoaren beharra baitu; bestela, nori transmitituko lioke, noren aurrean aurkeztuko luke edo, beste hainbat alderdiren artean, norekin lotuko litzateke ikus-entzunezkoaren ikuspegitik. Hori esanda, galdera hau egiten diogu geure buruari: Zer erritu bihurtzen da ikuskizun? Noiz bihurtzen da tradizio bat ikuskizun? Bateratu daitezke erritua eta ikuskizuna? Edo, zer garrantzi du ikuskizun horiek existitzeak, etorkizunari begira?
Laburbilduz, ikuskizun bakoitza adin kategoria batentzat da erakargarria, eta “folklorikoa” deitua biztanleriaren sektore oso zehatz bati uzten zaio. Ustez, sustraiak defendatzen dituen sektoreari, zeina ez baita jabetzen denboraren poderioz irudikapena aldatzen ari dela, eszenatokiaren beste aldean dagoen hura –hau da, hartzailea– aldatzen den bezalaxe, eta baita ondarearen kide izatearen zentzua eta, jakina, hura existitu behar denaren ustea ere.
E. X. Dueñas – Folklorista eta etnografoa