Etnografia atalak

0
caserio Mantxolatxiki

Mantxolatxiki baserria, Zerain (Gipuzkoa).

Francisco de Goyaren (Fuendetodos, 1746) euskal jatorria ezaguna bada ere, on Manel Laborde jauna izan zen haren genealogia-datuak ematen lehena. Ondoko azterlan batzuek osatu dute hasierako ekarpen hura.

Goya Euskal Herriko geografia osoan barrena nahiz Latinoamerikako herrialdeetan oparo zabaldutako euskal abizen ugarietako bat da. Francisco de Goya margolari handiaren abizena izateagatik egin zen ospetsu munduan Goya abizena.

Gipuzkoako Zerain herrian du jatorria. Margolariaren herenaitona, Domingo de Goya, udalerri horretako Mantxolatxiki baserrian jaio zen. Hargina zen, eta Aragoiko Fuentes de Jiloca herritik deitu zuten, elizako dorrea eraikitzeko.

Bi egoerak bat egiteagatik sortu zen historia hori: elkarren artean urrun bazeuden ere, Francisco de Goyak euskal jatorria izatea ekarri zuten.

Alde batetik, Zerainen udal-barrutian Oa edo Oamendi izeneko mendi bat dago, Harripillata izenez ere ezaguna. Morfologia dela-eta du izengoiti hori, haren gainean hareharri gorrixkako bloke itxuragabe batzuk baititu, beta pixka bat ilunagoarekin. Horregatik, harri bitxia eta bereziki ederra da jauretxeetako fatxadak eta elizetako dorreak apaintzeko.

Hori dela eta, Erdi Aroaren amaieratik, mendi horretan harginak zenbait eraikinetarako harria lantzen aritzen ziren. Gertuko baserrietan hartzen zuten ostatu. Baserri horietako familiek seme ugari izaten zituzten, eta batez ere neguan, etxean lanik ez zutenez, mutil-koskorrak mendira igotzen ziren hargin-lanbidea ikastera. Hala, Zerain ospetsu egin zen, harria maisutasunez lantzen zuten harginen jaioterria izateagatik.

Bestalde, antzina, herrietan zurezko eliza zaharren ordez harrizko eta harlangaitz-hormazko elizak egiten hasi zirenean, lehenik, nabea egiten zen, eta, ondoren, berriz dirua aurrezten zutenean, apaingarriak, aldareak, sakristiak, kanpandorreak eta abar.

Horrelako zerbait gertatu zen Aragoiko Fuentes de Jiloca herrian, Calatayudetik gertu. Zeraineko Udalari herriko harginetako bat hara joateko prest izango zen galdetu zioten, elizako dorrea eraikitzeko. Besteak beste, Mantxolatxiki baserriko gazte bat joan zen, Domingo de Goya y Echeandia (1578) izenekoa, eta bertan jarri zen bizitzen.

Arbol genealogico_cast

Hala, haren leinuak iraun egin zuen, Domingoren birbiloba, José de Goya hargina, Zaragozan Fuendetodoseko Gracia Lucientesekin ezkondu zen arte. Bikotea herri horretan atseden hartzen ari zela, 1746ko martxoaren 30ean, haurra jaio zen, aurrerago Francisco de Goya y Lucientes artista ezaguna izango zena. Helduaroan, borondatez erbesteratu zen Bordelera, eta han hil zen, 82 urte zituela. Haurra zenean, familia Zaragozara itzuli zen, eta prodijioa izango zena hantxe hazi zen. Haurtzaroko ikasketak amaitu ondoren, berehala hasi zen marrazketa ikasten. Pentsa daiteke aitaren lanbideak ere eragina izango zuela Goyaren margolaritza-zaletasunean.

Irakurri dudanaren arabera, Francisco de Goyak bazekien euskal jatorria zuela. Haren jaiotetxea zutik dago, Ignacio Zuloagak kontserbatu zedin erosi zuelako.

José Zufiaurre – Etniker Gipuzkoa – Grupos Etniker Euskalerria Taldeak

Egileak emandako marrazkiak.


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~