Gabon afaria, urte osoan egiten diren familia-otordurik garrantzitsuenetarikoa izan da beti. Mahai-lagunak, oro har, etxekoak dira, familiakoak; eta ezkonduta dauden seme-alabak euren familiarekin gurasoen etxera joaten dira. Ohikoa da, gaur egun, ezkonduak Gabon-egunez etxe batera joatea eta Gabonzaharrez ezkontidearen familiarenera. Orain hamarkada batzuk, inoren etxeetan zerbitzari zebiltzan seme-alabek nagusiaren baimena izaten zuten Gabon-gaua jaiotetxean ospatu ahal izateko; eta, gainera, bakailaoa oparitzen zieten etxera eramateko. Batzuetan, bakailaoa ez ezik, bisigua ere eramaten zuten familia-afarira.
Antzina, afaltzen hasi orduko, ogia bedeinkatzeko erritua egiten zen. Aitak, mahai-buruan jarrita, mahaia bedeinkatu eta mahai gainean zegoen ogi osoari gurutzea egiten zion aiztoarekin. Ondoren, musua eman, ogi-koskor zatia kendu eta mahai-zapiaren azpian jartzen zuen. Ogi horrek, ogi salutadoreak, gaitzak sendatzeko aparteko bertuteak ei zeuzkan. Ondo gordez gero, hurrengo urteko Gabonetara arte urdindu gabe eusten ei zion, eta pertsonak eta animaliak amorru edo errabiatik babesten ei zituen. Lekeition, kasurako, itsasora jaurtitzen zuten, baretu zedin; Zeanurin eta Elorrion, errekara, gainezka egiten zuenean, lurrak eta herria bera urez betetzeko arriskua zegoenean. Iurretan, berriz, airera botatzen zuten, ekaitzak kazkabarra iragartzen zuenean.
XX. mendearen hasiera arte, Elizaren aginduz, Natibitate egunaren bezpera, bijilia-eguna zen eta ez zen haragirik jaten; eta, lehenago, barau-eguna ere izaten zen. Gaur egun ere, etxe batzuetan oraindik nabaria da bijilia-afariaren kutsua.
Ohikoa izan da olio-azak afaltzea; geroragokoak dira azalorea eta arraina, bai parrillan egindako bisigua, zein hainbat modutara prestatutako bakailaoa. Edariei dagokienez, ezinbestekoa zen ardaoa; eta orokorrean, afariaren amaieran kafea eta pattarra hartzen zuten.
Gaur egun, ordea, ohiturak guztiz aldatuta daude. Orain zizka-mizkek eta mariskoak betetzen dituzte mahaiak; eta arrain kontuetan, bisiguaren ordez, angulak edo ordezkoak jaten dira. Ostean, kapoia, artxoa, ahumea eta solomilloa jaten dira orain ere; baina horiez gainera, gaur egun, era askotako jatekoak prestatzen dira. Edatekoetan, xanpainaren kontsumoa areagotu egin da; eta era askotako alkoholdun edariak daude.
Postreak berebiziko garrantzia dauka afari honetan. Bizkaiko leku askotan, ohitura zen intxaur-saltsa jatea. Enkarterrietan, berriz, esnetan bustitako eta albardatutako tostadak jaten ziren. Sagarrez edo madariz egindako konpota ere berezko postrea zen egun hauetan; baita gaztainak ere.
Honela egiten zuten intxaur-saltsa Zeanurin: lehenengo, botila bat erabilita, intxaurrak xehatzen ziren mahai baten gainean, harik eta intxaurrek olioa botatzen hasi arte. Birrindutako intxaurrei etxeko ogiaren mamia gehitu eta lurrezko ontzi batean ipintzen zen, bakailao siku egosiaren saldarekin batera. Gero azukrea bota, dena ondo nahastatu eta ordu erdiz egosten ixten zen. Kolorea emateko, arrautza-gorringoa edo artoarekin egindako ogiaren mamia gehitzen zitzaion. Denbora batez jalkitzen utzi eta epel zerbitzatzen zen.
Turroia pasa den mendeko 40ko hamarkadan zabaldu zen landa-eremuan. Bi eratakoa baino ez zegoen orduan: «biguna» eta «gogorra», ez orain erosi daitezkeen era guztietarikoak. Fruitu lehorrak ere orduan hasi ziren gure etxeetan sartzen; bai eta polboroiak, mazapanak eta beste mota bateko gozokiak ere. Gaur egun, Gabonetarako era askotako gozokiak daude; are gehiago, nahitaezko bihurtu dira bai afarian zein afalondoan.
Luis Manuel Peña
Labayru Fundazioa