Etnografia atalak

0

“Abendua” Ibarrurin, 2012. Egilea: Jon Mikel Gainza. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Kultura tradizionalean, Eguberri garaia, aurretik ospatzen ziren jaien bitartez prestatzen hasten zen, besteak beste Santa Barbara, San Nikolas, Sortzez Garbia, Santa Luzia edo San Tomas; horien ostean, zikloaren gunera iristeko (Gabonak, Inozenteak, Urteberri eta Erregen eguna). Denbora-prozesu horrekin batera, beste errepikapen zikliko batzuk gertatzen ziren, hala nola gizakiaren eta kristautasunaren beraren jatorriaren mitoa, berritze erritualak (sekuentziazio biblikoa, natura- eta belaunaldi-erritmoak, etab.); edo urtearen hasierako asmatze-prozesuak, urteko ziklo eta bizi-zikloaren zeremonialak, eta hainbat igarotze-erritu.

Ahaztu gabe kolektibitateak, pertsonak, etxeko animaliak, uztak eta ondasun higiezinak edo materialak babesteko erritualak (uraren, suaren ogiaren eta abarren bidez egindakoak). Erritualok osasunari eragin diezaioketen arriskuetatik, atmosferako fenomeno kaltegarrietatik; eta izaki gaiztoei edo indar eta ekintza ilunei egotzitako istripu susmagarrietatik babesteko egiten ziren.

Negurako egurra prest. Egilea: Akaitze Kamiruaga. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Gabon aurreko aldi horretan nabarmen ugaritzen ziren lanak eta egitekoak, batez ere negurako behar ziren gaiak eta emendioak pilatzeko: animalien salerosketak garai horretan gure lurraldean hain ugariak diren azoketan; elikagaiak biltzea, eta etxerako behar direnak prestatzea (egurra, ikatza, ganadu-jatekoak, ura, ogia, etab.). Horiek guztiak komunitateak egiten dituen bazkarietara, eta eguraldiak behartuta herriak, soroak, eta animaliak babesteko egiten diren bedeinkazioetara bideratzen dira.

Eta modu sinbolikoan, ohikoak dira behin eta berriro egindako eske-errondak. Holakoetan urrutiko etxe eta auzoetako bizilagunei zorion-agurrak, oparotasun nahiak edo berri onak adierazten zaizkie. Hori modu desberdinetan gauzatzen da: ur berritzaile, gabonsari, era guztietako bedeinkapen, auzo eta belaunaldien arteko elkartasun, eta abarren bidez. Trukean dirua edo elikagaiak biltzen dituzte (beharrezkoak edo ez); eta batez ere, komunitate osoaren gizarte kohesioa bilatzen dute.

San Tomas eguneko azoka. Egilea: Josu Larrinaga Zugadi.

Sozializazio-prozesu dinamiko batzuetara etorriko gara, berdinen arteko edo adin-kategoria desberdinen barruko ordezkarien hautaketari lotutako igarotze-zeremonial edo -erritual jakin batzuk sistematikoki betetzera. Etxe-mailan, erregeordetza bereziak izendatzen ziren (karten bidez aukeratutako erregea edo erregina, fabaren edo babaren erregea, etab.) bazkalosteak animatzeko. Eta esparru publikoan, ohorezko kargu jakin batzuk izendatzen ziren (gazte-buruak), edo helduen erantzukidetasun kolektiboa bereganatzeko moduko saioak egiten zituzten.

Azken batean, neguak behartutako loaldiaren eta arrazoi desberdinak direla eta (bideen egoera, piztien edo fenomeno atmosferikoen arriskuak, gehiegizko esfortzu fisiko pertsonala edo arrisku-egoerak, argi-orduak laburtzea, eta abar), batetik bestera mugitzeko zegoen zailtasunaren aurrean, helburu argiak edo ezkutuak zituzten zenbait gizarte-gertaera pilatzen eta gertatzen ziren, eten barik berriztutako errituak, tradizioak eta ohiturak, beti ere gizartearen eta belaunaldien arteko harremanak indartzeko.

 

Josu Larrinaga Zugadi

Soziologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~