Xiberoko maskaradak, Ituren/Zubietako Joaldunak, Lantzeko ihauteriak…, ezagunak badira, ez da oraindik Santibate eta Libertimenduaren kasua, Iparraldetik at, behintzat. Baxe Nafarroko Ihauteri honek bi buru ditu: Santibate gaua, Zirtzilen pesta, eta Libertimendua eguna, Bolanten pesta, biak ezin berexiak. Santibaten, gazteria etxez etxe (edo ostatuz ostatu) dabila, gaua kantuz eta bertsotan emanez. Gaur, Libertimenduaz ariko gira (Santibaterena ondoko artikulu baterako utziz).
Garazi aldean, Libertimendua Antton Lukuren bultzadaz berrabiatu zen. Laster, Mattin Irigoienek Donapaulen segiturik. Hergarai eta Aldudeko baleak geroxago. Azkenik Lapurdiko mugak gainditurik, Makea, Lekorne, Luhuso alderat iritsi zen. Azkenik, duela, 3zpa4 urte, Hazparneko gazteria forma horri lotu zitzaion.
Aurtengo sasoin hasiera: Lekornen, otsailaren 12an. Maskaradetan ez bezala, hemen herri batek emanaldi bakarra du urtean.
Libertimenduaz hemen teoria gutti. Antton Lukuren lan sakona hor daukazue horretarako (Libertitzeaz, Pamiela, 2014). Irudiak ere Kanaldude herri telebistan dituzue.
Libertimenduko pertsonaiak: Zirtzilak toberetan (antzerki umoretsu eta kritikoan); bertsolariak zirtzilen erranak komentatzeko; bolantak dantzan (antzerkien artetik dantza jauziak emaiten dituzte); herri musikariak lagun.
Egunaren nundik norakoak: Gazteria goizean goiz elkartzen da, janzteko eta desfilerako ongi prestatzeko. Goizeko 10ak aldean pertsonaia guzien desfile ordenatua herriko karriketan gaindi dabila (Antton Lukuk Garazikoa Herensugeren iratzartzearen iruditzat emaiten du).
Zanpurrek idekitzen dute ibilbidea, Makilaria ondotik, Basandare edo Andere Xuriak gero eta Bolantak eta musikariak atzetik. Azkenik plazarat iritsiko direnak, Zirtzilak.
Bi orduz, azken hauek, iragan urteko gaien jorran eta eskarnioan arituko dira, bertsolarien komentarioz eta dantza jauziez tartekaturik.
Ondotik denek (arizale eta publikoak) bazkari herrikoia partekatzen dute herrian bertan.
Zirtzilen toberetako gaiak tokikoak dira edota orokorragoak. Gehienetan, Euskal Herriko gazteen erronkak. Hots, gai berdina ager daiteke herri batetik bestera. Alabaina, Libertimenduetako gazteria Iparraldeko euskaldun mikrokosmokoa da (ez ahantz Iparralde osoa Santutxu batean sar daitekela!). Ondorioz, ez da hain harrigarria, gai berdinak tratatzea Donapaleun, Garazin edo Makean.
Transmisioa: Garaziko libertimenduan (20 urte) gazte belaunaldien arteko transmisioa egina da. Hazparnekoak aldiz (3 urte) lehen belaunaldia du. Makeakoek ia transmisio lana egina dute. Lehengo zirtzilak gazteen kontseilari bihurtu dira.
Libertimenduak bere lekua egin badu ere, honen geroa ez da segurtatua. Erronka nagusiak bi dira:
– gazte euskaldunak aurkitzea zirtzilen taldea arraberritzeko;
– belaunaldien arteko transmisioa segurtatzea.
Bi erronkak gure euskal ekosistemaren biziraupenaren erronkari errotik lotuak zaizkio.
Pantxix Bidart Pla