Uztaritzeko Hartzaro festibalean, berrikuntza tradizio bihurtu dela erran genezake. Azken 28 urte hauetan, uztariztarrek inauteri garaia hautatu dute haien urteko festibalaren antolatzeko. Azken negu honetan Pirinioetako hartza ez bada neguko loan sartu ere, festibalak, aldiz, honen iratzartzea ospatu du handizki.
Otsaileko lehen hamabostaldian, herritarrek kultur ekitaldiz apaintzen dituzte Uztaritzeko eta honen auzoetako karrikak. Inauteri garaia Uztaritzen, haragia eta izpiritua kontrajartzeko garaia da, festibalaren lehen urtetik. Urtez urte, pertsonaiak birsortzen, dantzak asmatzen, moldatzen edo berpizten ibili dira uztariztarrak. Eta horretan diraute aurten, erran bezala, hogeita zortzigarren aldikotz.
Aurten, berriz, Heraitze auzoko kaskaroten egunaren karietarat, auzo horretan duela laurogei bat urte izan zen pertsonaiaren berpizten aritu dira : Ganixa deitzen den pertsonaia.
Ganixa ez da Uztaritzeko plazako pertsonaia baizik eta, dirudienez, Heraitze auzoko aspaldiko kaskarota; alegia, Heraitze auzoan etxez etxe eskean zebilena. Pertsonaia hori aspaldian galdua zen baina honen hatza aipatu zien, noizbait, Xabier Itzaina ikerlari itsasuarrak uztariztarrei.
Kantuz ala dantzan ibiltzen ote ziren eskean? 1927an Jean-Baptiste Hiribarren izeneko gizon batek egindako filma laburrean topatu zituzten irudi bakarren arabera, dantzariak zitezkeen. Ganixen izenak ba al du zerbait ikustekorik Jean-Baptiste Dasconaguerre abokatak 1870ean idatzitako Atheka-gaitzeko oihartzunak liburuko pertsonaia nagusiarekin? Ezin erran.
Filma labur hori, aipamen bakar batzuk eta karta postala bateko irudia, hona uztariztarrek aurkitu dituzten hatz bakarrak.
Hari mehe horiek tiratuz, pertsonaiaren birsortzeari eutsi diote, hala ere, 2024 urte honetan. Luzaz iraun duen tradizioa edo epe laburrean ibili zen taldetxoa izan zenez ere ez dakite. Irudien arabera, ez ziren usaiako kaskarotetako mutil gazteak, baizik eta zaharragoak. Garaian, mutilak baizik ez baziren ere, aurten, bikote mistoek dute tradizioa berpiztu, pertsonaia honen ohitura laurogei urteko negu luzetik iratzarraraziz.
Zer dantzatzen ote zuten Ganixek denbora haietan? Nehork ez daki. Makila eskutan zebiltzala jakinik, uztariztarrek makilak lagunduriko dantzak asmatzea deliberatu dute. Dantzen muntatzen laguntzeko, Jose Casaubon dantzari lapurtarra. Bestalde Jean-Michel Guilcher ikerlari bretoiaren idatzietan oinarrituz, Soka dantzaren eraginezko dantza baten birsortu dute, zapien ordez makilak erabiliz dantzarien arteko lokarri gisa. Guilcheren Maska dantzaren deskribapenaz baliatu dira, bestalde. Honek dantza xeheki deskribatu zuen 1946ko artikulu batean. Bestalde, Marmutx eta Sinple dantzak ere eman dituzte Ganixek.
Garaiko xamarra utzirik, xuri eta beltzez jantzirik ibili dira Ganix zaharberrituak, primaderaren berri ematen, Heraitzeko auzoan barna, dantzan eta eskean, iraganeko pertsonaia gaurko ohituran errotu nahian.
Pantxix Bidart Pla