Etnografia atalak

0

Muskizko (Bizkaia) emakumeak. Iturria: https://www.lavaderospublicos.net.

Ez da erraza ulertzea zergatik eraiki ziren emakumeek arropa garbitzeko espazioak. Ez zen garai berriekin batera zetozen higiene-neurriak ezartzea bezain sinplea izan. Gainera, jakin badakigunez, gure herrietan ez zegoen apenas ondasun komunik: uraska txiki bat, iturriren bat edota kontzejuaren batzar-etxea baino besterik ez. Eta deigarria da, halaber, gizon berberak zirela, kontzejukoak, garbitokia eraikitzeko erabakia hartzen zutenak, emakumeek arropa garbitzeko zeregin hori baldintza hobeetan bete zezaten. Ordura arte, ibai eta erreketako ur hotzetan egiten zen lixiba, ur-bazter ospeletan, gehienetan, eta hara eramaten zuten, buruaren gainean, etxeko arropa zikina, xaboitu eta harri lau batean jotzeko, ura ia-ia musukatu arte bizkarra okertuta.

Berebiziko garrantzia izan zuten garbitokiek, emakumeak elkartzeko eta sozializatzeko guneak ziren eta. Leku fisikotik haratago zihoazen jokabide- eta harreman-kodeak ziren nagusi orain loak hartu dituen lekuotan. Lo betean daude, baina ez betiko ahaztuta, orduko protagonisten oroimen isilean dirauten bitartean behintzat. Emakumezkoentzako espazio hauek lanerako ziren, eta inola ere ez aisialdirako, tabernak ez bezala.

Garbitokia arropa garbitzeko tokia zen izatez; baina horrek ez du esan nahi, noski, arropa emakumeek garbitu behar zutela. Kontua da gizonezkoek ez dugula geure burua jarduera jakin batzuetan sekula ikusi, arropa garbitzen besteak beste. Berariaz utzi genuen geure burua garbitegietatik kanpo; eta, era berean, andrezkoak ez ziren seguraski oso eroso sentituko gizonezkoekin bertan topo egin eta sozializatzera behartuta egonez gero. Nolanahi ere, genero-estereotipoek ez zuten inoiz biderik eman hipotesi hori gerta zedin, eta gizonezkoen presentzia halakoak eraikitzera, mantentze-lanak egitera edo noiz edo noiz amari, alabari edo emazteari arropa-ontzi astuna eramaten laguntzera mugatzen zen. Eta, ontzia lurrean utzi orduko, ospa egiten zuten.

Armintzako (Lemoiz, Bizkaia) garbitokian. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Ikuztegi publikoak hemeretzigarren mendean zehar sortu ziren, 1820ko hamarkadatik aurrera, garaiek hala agintzen zutelako modernitatearen une gogoangarri hartan; izan ere, emakume askoren bizkarra arindu egin zen haiei esker. Hiribildu eta hiriguneetako garbitegiek, baita habitat kontzentratuagoa zuten Arabako eta Nafarroako herrietakoek ere, dozenaka emakume biltzen zituzten egunero, beren saski eta tinakoak hartuta, arropa garbitzera. Eta esan daiteke XIX. mendean ez zegoela herririk garbitokia eraikitzeko borrokarik egingo ez zuenik.

Hala ere, ez zen hori izan lurralde guztien errealitatea, ez behintzat Bizkaia, Gipuzkoa eta ipar Arabako bailara gehienetan. Udalerrien topografiak berez hitz egiten zuen paraje batzuetan, biztanleria baserri-auzuneetan sakabanatuta bizi zen eta halako eraikuntza-lan bati ekiteko erdigunerik ez zegoen. Hori hala izanik, auzune edo baserri bakoitzeko bizilagunek bizimodua atera ohi zuten, esakunearen zentzurik praktikoenean, inguruko errekastoetan urmaelak sortuz zein putzuak eginez, eta uraskak eta harriak kokatuz, arropa xaboitu, igurtzi eta uretan eragiteko. Beraz, garbitokian dagoen emakume-talde baten irudi zabala ez da batere ohikoa izan Euskal Herriko Kantauri aldean, eta, hortaz, hemen ezin dugu lan- eta gizarteratze-tokiez hitz egin, arropa bakardadean garbitzen zuten emakumeez baino.

Gaur egun, gero eta interes handiagoa nabaritzen da gure herrietako garbitokiak berreskuratzeko. Nahiz eta beren jatorrizko funtzioa guztiz galduta egon, kontserbatu beharreko elementu etnografikoak dira, han bizi izan ziren bizipenen oroimenek bizirik iraun dezaten batez ere. Zaila da emakumeentzat jarduera haren mekanika deskribatzea, eta gizarte-aldera jotzen dute beti, beren arteko harreman eta elkarrizketen babesleku izan baitziren ikuztegiak. Beste toki batek ere ez zien aukera hori eman: ez elizak, ez haren arkupeek, ez etxeak, ez hilerriak, ez baratzeak. Garbitegietan baino ez ziren benetan ziren modukoak, tabu eta gizonen begiradetatik libre. Horrexegatik merezi du garbitokiak berreskuratzea, espazio materialetik haratago gordetzen duten oroimenengatik eta beren balio immaterialagatik.

 

Juanjo Hidalgo – Historialaria

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~