Etnografia atalak

0

Aita-amabitxiek oparitzen diete pazko-opila euren besoetakoei. Egilea: Jon Urutxurtu.

Inauterien ostean, Garizuma  eta Aste Santua datoz. Garizumak basamortuan penitentzia eta otoitz egiten Jesusek igaro zituen berrogei egunak dakartzagu gogora. Hausterre egunetik, —aurten otsailaren 22a—, Ostegun Santura arte luzatzen diren berrogei egunak barau eta otoitz egitera zuzenduta daude.

Kristoren nekaldia, heriotza eta berpizkundea gogoratzen dizkigun Aste Santua Erramu-igandearen —aurten apirilaren 2a— eta Pazko-igandearen artean luzatzen da. Larunbat Santuko gau-ospakizunean, hau da, Pazko bigilian, Jesus berpiztua irudikatzen duen su berria pizten da, Kristok heriotza gainditu duela adierazteko; hurrengo egunean, Pazko-igandean —aurten apirilaren 9an—, elizkizunekin batera oraindino beste garai batean oso zabalduta zegon ohitura zahar bat errepikatzen da urtero Euskal Herriko zenbait herritan: aita-amabitxiek beraien besoetakoei arrautza bat edo gehiago daramatzan ogi berezi bat oparitzen diete. Ogi horrek izen ezberdinak hartzen ditu eskualdeen arabera: mokotsa Amorebieta-Etxanon eta Gorozika aldean, morrokotea zein mokotsa Arratian, olatea Orozkon, pazkopile Busturian, arrautz-opil Zerainen, kaapaxue Elosu-Bergaran, aitatxi-opil edo amatxi-opil Baztan aldean… Itxurari dagokionez, toki batzuetan borobilak izaten dira eta beste batzuetan triangelu itxurakoak.

Ildo berean aipatu behar da santurtziarrek Serantes mendian ospatzen duten korniteen erromeria. Kornitea txorizo eta arrautza egosia duen ogi borobil baten izena da. Pazko-astelehenean santurtziarrek ogi berezi hori okindegietan erosi eta Serantesera igotzen dira, bertan jai giroan jateko.

Morrokotea, mokotsa, olatea, pazko-opila, kaapaxue, aitatxi-opila, kornitea… Pazko aldian oparitzen diren arrautzadun ogi horien esanahian arakatzerakoan, kontuan izan behar da antzinako kultura askotan arrautza jaiotzaren, ugalkortasunaren eta birsortzearen sinboloa zela, eta badirudi kristauen artean berpiztu den Kristo irudikatzen duela. Argi dagoena zera da: aita-amabitxien eta besoetakoaren arteko erlazioa adierazten duela, eta bataioarekin ere zerikusia eduki dezakeela.

Lehenago baserrietan astero egiten zen labe-sua aprobetxatuz egiten ziren pazko- opilak. Egilea: Jon Urutxurtu.

Pazkoetan arrautza oparitzea munduko hainbat herrialdetan mantentzen den ohitura da, besteak beste Ingalaterran, Estatu Batuetan eta Erdialdeko Europan… Katalunia aldean ere txokolatezko arrautza, mona deritzana, oparitzen diete aita-amabitxiek besoetakoei.

Nahiz eta oraindino bizirik iraun, pazko-opila oparitzeko tradizioaren indarra galtzea beste garai batzuetan baserrietan astero egiten zen labe-suaren gainbeherarekin batera gertatu da. Lehenago baserri bakoitzak, larunbatero aste osorako ogia egiten zuen eta Pazko-igandea bezperan, Larunbat Santu egunean, asteko labe-sua aprobetxatuz egiten ziren pazko-opilak. Gaur egun, baserrietako labe-sua ia-ia iraganeko erlikia bihurtu bada ere, badira han-hemenka ohitura zaharrari eusten dioten okindegi industrial batzuek eta Santurtzin, Amorebieta-Etxanon, Arratia aldean… pazko-opilak oparitzeko aukera izaten da.

 

Jon Urutxurtu

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~