Ez dago edari hotza baino gauza hoberik udako beroari aurre egiteko!
Baina ez da beti edari hotzik eta izotzik hartu eguraldi beroa egon denean. XIV. mendean hasi zen errotzen tradizioa; gaixotasunei aurre egiteko sendabide gisa, hasieran: garai hartan Europa sarraskitu zuen izurriaren kontra, hain zuzen ere.
Izotzaren erabilerak eta eskariak gora egin zuen nabarmen, eta, ondorioz, hainbat elur-zulo egokitu ziren mendian. Berariaz eraikitako putzuak ziren, edo osin naturalak, eta elurra biltzeko eta kontserbatzeko erabiltzen zituzten.
Sendagarri gisa ez ezik, edariak hozteko ere baliatzen hasi ziren elur trinkotua: garrafa freskatzeko, esaterako.
Garrafa deritzon edariari hura egiteko erabiltzen zen ontzitik datorkio izena: egurrezko upel bat zen, barruan metalezko ontzi bat zuena. Ardo zuriz egindako limonada botatzen zen ontzi metalikora, eta, upelaren eta ontziaren arteko tartea izotz- eta gatz-nahasketak edariaren tenperatura jaistea lortzen zuen, edaria izozteraino ia. Horixe miraria!
Etxe bakoitzean errezeta bat zegoen; baina, funtsean, ardo txuria edo txakolina, ura, azukrea eta limoia izaten zituen —azkenaldian, brandy apur bat ere botatzen zaio—.
Garrafa prestatzeko osagaiak bi heldulekuko andel batean sartu, eta andel hori izotza eta gatza zituen balde zabal batean murgildu behar ziren. Hori zen edaria egiteko modurik antzinakoena. Andela bi heldulekuetatik eutsi eta zirin-zaran birarazten zen, batera eta bestera, edukia trinkotu arte, eta orduan zerbitzatzen zuten.
XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, modu hermetikoan itxitako zilindro metaliko bat erabiltzen hasi ziren, estalkian helduleku bat zuena, esku bakar batez mugitu ahal izateko. Modernoagoak dira garrafa biraderadunak, eta erabiltzailearentzat erosoagoak: berrikuntza gisa, hegal itxurako batzuk zituen barruan, zilindroaren kontrako zentzuan bira egiten zutenak; horrela, askoz ere lehenago lortzen zen izotz-edaria.
Garrafa oso edari preziatua zen burgesen artean, eta edateko ohitura gizarteko beste klase batzuetara zabalduz joan bazen ere, familia dirudunetan zen bereziki ohikoa. Bizkaian, Bilbon ez ezik, herrietan ere bazegoen garrafa egiteko ohitura, eta horiexetan gorde da ondoen: Zeanuri, Areatza, Otxandio, Gernika, Amurrio, Orduña eta Laudion, esaterako, eta, batez ere, Orozkon.
Orozkok hain dauka lotura estua garrafarekin, ezen jatorri desberdinetako 400 garrafa modelo baino gehiago kontserbatzen baititu gaur egun.
Historia general de Vizcaya lanean, Orozkoko biztanleek jaietako freskagarria prestatzeko zuten maisutasuna nabarmentzen du Juan Ramón de Iturriza historialariak. Izan ere, duela urte batzuetatik hona, garrafa-lehiaketa antolatzen dute San Antolin egunean, irailaren 2an, eta dastatzen ematen diote jaira hurbiltzen den edozeini. Antzina, abuztuaren 15ean ere egiten zen garrafa, Begoñako Amaren egunean, egun bereziki seinalatua Orozkoko Ibarra auzoan.
Itziar Rotaetxe – Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa
Nuestro más sincero agradecimiento a Niko Astobitza, miembro del colectivo Orozkoko Garrafa Kultur Elkartea.
Para más información puede consultarse la publicación Orozkoko garrafa. La garrafa de Orozko. Orozkoko Garrafa Kultur Elkartea, 2009.