Etnografia atalak

0

Familia Isasi Barrenengua baserriko sukaldean. Egilea: Indalecio Ojanguren. Gure Gipuzkoa.

Udazken eta neguko hotzaren aurkako irtenbide aproposa izan dira beti gaztainak,  eta ondorioz, baita ere gaztaina-saltzaileak. Egunak moztu eta hotza nabarmentzen hasten denean, bada zerbait gaztainetan eta gaztaina-saltzaileen postuetan bertan errotzen gaituena. Gaztainen zaporea al da? Jakiaren goxotasuna, berotasuna, testura, zapore ezberdinak. Usaia, agian? Bero usaintzen da, eta, horrela, ingurua berotzen duela dirudi. Danbolinaren inguruan bildu eta elikatzeak zerbait magikoa du. Danbolinaren hotsa, desatsegina eta erakargarria da, eta gaztainak erretzeko egin beharreko sua guri deika ari dela dirudi. Nola saihestu eskuak danbolin azpiko txingarretara gerturatzea, berotasunaren bila? Testuinguruak zentzumenei jaramon egitera bultzatzen gaituela ematen du. Nola ekidin, urtean behin bada ere, gaztaina-saltzaile postura gerturatzea?

Gaur egun erakargarria den horrek zeresan handia izan du gure iraganean. Historian zehar gaztaina-saltzaileak emakumeak izan ohi ziren, gure iruditeriaren parte diren artilezko-xal batekin jantzitako emakumeak, nahiz eta gaur egun topa daitezkeen saltzaile gehiengoak gizonezkoak diren. Prestigio handiko postuak direla esan genezake, oso ofizio zaharra baita eta, oro har, jakiak berak duen gustagarritasun eta transmititzen duen guztiagatik. Iraganean funtzio garrantzitsua zuten, gosea eta hotza hiltzeko balio baitzuten, besteak beste. Hiru saltzaile-mota egon ohi ziren: gaztainak portaletan, kale-iskinetan eta tabernatan saltzen zituztenak, egosiak edota erreak. Ohikoenak eta famatuenak taberna ondoetan egoten zirenak izaten ziren, Manuel Breton de los Herrerosek dioen bezala: “Ba al dago gaztainak baino pizgarri ahaltsuagorik ardoarentzat?”.

Gaur egun bezala, gaztaina gustagarrienak erreak izaten ziren, eta horrexegatik ere gaztaina-erreak saltzen zituzten postuak lizentzia ere ordaindu behar izaten zuten udalerrietan. Badirudi gaztaina-egosiak saltzen zituzten saltzaileak kategoria gutxiago izan ohi zutela, egosteko bideratu beharreko kapital edota baliabideak merkeagoak baitziren: maneatzeko anisak ez zutelako kosturik, berotzeko ikatzak gutxi balio baitzuen, eta ura dohainik eskuratu zezaketen eta iturrietatik. Erretzeko, berriz, ikatz gehiago, mahaia, danbolina, euskarriak, eta gainontzeko baliabide gehiago behar omen ziren.

Tamalez, geroz eta gaztaina-saltzaile gutxiago geratzen dira. Gipuzkoaren kasuan, Tolosan, batik bat, hainbat gaztaina-saltzaile ziren, baina koronabirusaren ondoren ez da gaztaina-saltzaile posturik berreskuratu. Hiri handiagoetan, berriz, gaztaina-saltzaileak aurkitzea errazagoa da; Donostian, besteak beste, tren-geltokitik jaitsi eta ikusten den lehenengo postua izan ohi da gaztaina-saltzailearena. Gaur egun gaztainak gustuko dituzten jendearentzat gustukoak diren postuak dira, arratsalde hotzetan eskuak eta gorputza berotzen baitituzte gaztainak, eta egunerokotasunean ohikoa ez den jaki bat eskuratzeko aukera ematen baitu. Gustuko ez dutenek ere urtean behin postu horietara gerturatu behar direla aitortu didate, atmosfera horren eskutik euren gorputzei hotza iritsi dela jakinarazteko. Oraindik garaiz gabiltza gure herri eta auzoetako gaztaina-saltzaileetara gerturatu eta gure zentzumenak pizteko!

Aintzane Cortajarena, antropologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~