Etnografia atalak

0

Argazki-egilea: Akaitze Kamiruaga. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Honako datu hauek Busturialdean (Bizkaia) jaso ditugu, baina hemen esaten ditugunak beste eskualde batzuetan ere entzun daitezke.

Gaztainea esaten zaio bai zuhaitzari bai fruituari, gaztainadia gaztainondoak dauden tokiari, eta lokotsa gaztainaren morkots arantzatsuari. Txirpia, berriz, birlandatzeko gaztaina-landare eta bestelako zuhaitzondoen mintegi edo hazitokia da.

Bi gaztaina-mota ezagutu izan dira inguruan: lirio-gaztainak eta sanmigel-gaztainak. Troka eta mendi-zuloetan hazten dira gaztainondook nahikara. Eta fruitu gozo ugari izan dezaten, txertatu —ala, busturiarrek diogunez, eztitu— egin behar dira, bestela gaztaina ikolak ematen baitituzte, hutsak edo mamigabeak, alegia. Eztitu gabeko gaztainondoaren (eztitzaga) zura erabili izan ohi da beti, ordea, zurgintzan zein altzarigintzan. Lirio-gaztainondoek sanmigelek baino beranduago ematen dituzte urteko fruituak.

San Migel egunean, irailaren 29an, hortxe-hortxe hasi eta urriaren amaierara arte luzatzen zen gaztaina-biltzea. Gaztaina goiztiarra —goizetiko gaztainea, bertoko euskara jasoan— zerbait lehentxoago uztatzen zen. Gaztainondoak lizarrezko kako batekin eraitsi, eta morkots eta guzti jaso, garraiatu eta pilatzen ziren gaztainok, hala luzaroagoan irauten zutelako.

Gaztainondo-kimu batekin 4 cm-ko zabalera eta 5 mm-ko lodieradun zumitz bat atera, okertu eta kordelez estu lotzen zen; bildu ere, lokoskia izeneko pintza horrekin biltzen ziren kirikinoak, gaztainez beteak.

Argazki-egilea: Akaitze Kamiruaga. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Sarri askotan, gaztainadia etxetik urruntxo egoten zen, basoan. Gurdikada (burkada) gaztainak etxeratzen ziren, eta montor edo pila handi batean batu. Eta kortako abereen azpigarritzat erabiltzen ziren iratze, belar edo orbelekin gorde eta babesten zen gaztaina-pila. Ingurumariko mendi-baso jabedun eta herri-lurrek hornitzen zituzten gure baserri-etxeak negurako gaztainez. Batzuetan, baina, saguak hurreratzen ziren etxe-ondora, gaztainak jatera.

Negua sartu arte eta gehiago irauten zuten. Nolanahi ere, hobe zen berandu baino lehen jatea, hondatu edo txikoldu ez zitezen. Udaberrian, ernamuina —ernemina, bertokoen esanetan— ematen hasten zirenetik harrezkero, ez ziren jangarriak.

Garai batean, ogiaren parekoa zen gaztaina. Areago, gabezia eta eskasian, makinatxo bati kendu zion gosea. Edozein jatordutan zen estimatua, baina afarian batez ere. Danbolinean erretzen ziren, zurituta edota azalarekin, betiere koskatxoa kenduta, zart eta zart egin ez zezaten. Gaztaina erreak —gaztaina gorringoak esaten izan zaie eskualde honetan— erre bezain laster jan behar izaten ziren, gogortu orduko. Edonola ere, erre baino maizago egosi egiten ziren, hamabost minutuz, gutxi gorabehera, asko gehiagorik ez, bor-bor, desegin eginean ere.

 

Segundo Oar-Arteta – Labayru Fundazioa

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~