Etnografia atalak

0

Egilea: Sergio González Ahedo.

Ekaina amaiera eta uztaila hasiera bitartean euskal mendietan orban zuriak agertzen dira, gaztainondoa loratzen denean, zuriz janzten delako. Gaztainondoak gure kulturan izan duen garrantzia dela eta, sasoi esanguratsua da hau. Galdetu besterik ez dago erlauntzetan lan egiten duten pertsonei. Horren adibide da Ignazio Abellak Galizia aldean jasotako hurrengo testigantza: gaztainondoa loratzen denean, ardiei aharia botatzen zaie. Udarako bero saparen aurreko azken loraldia da, jardun anitzetarako epemuga zehazten duena.

Gaur egun, akademiatik at, oso zabalduta dago eta automatikoki egiten da kulturaren eta espresio folkloriko ezberdinen arteko lotura (hala nola, musika, dantza, jantziak, gastronomia, eta abar). Euskal kultura, besteak beste, espresio horiekin uztartzeko joera dago. Zerrendatutako horiek, noski, gure kulturaren parte dira, baina, akaso, orain arte aipatutakoa ez al da kultura? Nahiko onartuta dago gure kulturaren zati handi batek landa-gunean duela jatorria, baina, nekazaritzako lanak ez ditugu erabat kultura gisa asimilatzen. Gaur egun nekazaritzatik eratorritako jarduera kultural hauek iraganean zuten funtzio soziala galdu badute ere, oraindik pisu handia dute gure identitatean eta memorian. Orduan, zergatik ez ditugu nekazaritzako jardunak kultura gisa ulertzen?

Gaztainondoaren inguruko uste, jakintza eta ohiturak, nekazaritza praktika bat izateaz haratago, kultura baten adierazgarri dira, eta gizaldiz-gizaldi transmitituak izan dira. Hori, azken finean, arbola horrek iraganean izandako garrantziaren ondorio da, onura asko eskaintzen baitzizkion jendarteari (jakia da nabarmenena, baina baita zura, egurra, eztia, hostoa, orbela ere). Horrek oinarrizko arbola izatea zekarren. Horrez gainera, jarduera horien bueltan hainbat zeregin, lan, uste eta ohitura sortu ziren. Gaztainondoaren kultura, hortaz, prozesu bat da, arbolatik gaztainak erretzeko danbolinerainoko bidea egiten duena. Ibilbide horretan gaztainari ematen zaio nagusitasuna, baina ezin da ahaztu garrantzitsuena arbola bera dela, hots, gaztainondoa. Azken mendeetan, gainera, kultura horrek gizartearekin elkarreraginez, jakintza zabala eragin du, lan, sinesmen, usadio, ohitura, elezahar, ipuin eta paisaia ezberdinek osatuta, eta horiek ere gaztainondoaren kulturaren parte dira.

Iturria: Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Amaitzeko, gaztainondoari lotutako ahozko tradizioaren hainbat adibide aurkeztuko dira, jakintza horren erakusgarri.

  1. Santa Katalina garbia, gaztaina urte handia. Esaera horren arabera, apiriletik aurrera eguraldi ona eginez gero, gaztaina-urte aberatsa izango da. Ziurrenik udaberrian gaztainondoaren hostoak duen garapenari egiten dio erreferentzia.
  2. San Juan su, San Juan su, gure gaztainak mamitsu eta besteenak azaltsu. San Juan suak kutsu magikoa daukala eta, gaztaina uzta oparoa eskatzen zaio.
  3. San Juan berde, San Juan berde, batere koskolik gabe, hiru ale, hiru ale. Berriz ere, suari gaztaina uzta oparoa eskatzen zaio; oskol gutxi (hots, gaztaina huts gutxi) eta hiru ale dituen gaztainak izaten baitira hoberenak.
  4. Sanpedroetan katu pixa hainbat euri bada, gaztaina izango da. San Pedro egunaren inguruan euririk egin ez edo gutxi eginez gero, gaztaina-uzta ona egongo da.
  5. Madalena bero, hagatara gero. Madalena egunez bero eginez gero, gaztaina-urte aberatsa izango dela esan nahi du (hagatzeak gaztainak arbolatik erauztea esan nahi baitu). Loraldiarekin lotuta dago.

Gaztainondoaren kultura Iberiar Penintsulako beste hainbat lekutan ere garrantzitsua izan denez, gaztelaniaz ere badira halako esaera zaharrak:

  1. Relámpagos en san Juan, las castañas las pagarán (San Juan egunez tximistak egonez gero, gaztainek ordainduko dute). San Juan egunean eguraldi txarra eginez gero, gaztaina-uzta galdu egingo da.
  2. Si el día de san Pedruco llueve, las castañas se pierden (San Pedro egunez euria egiten badu, gaztainak galdu egingo dira). Aurrekoaren esanahi berdina, San Pedro egunari dagokionez, eguraldi txarrak loraldia zapuztuko baitu.
  3. Calor en julio, castañas seguro (Uztailean bero, gaztainak ziur). Uztailean eguraldi ona eginez gero, gaztainondoaren loraldia eta polinizazioa onak izango dira.

Aintzane Cortajarena – Antropologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~