Etnografia atalak

Árbol de Gernika e iglesia juradera. El oasis. Viaje al país de los fueros por Juan Mañé y Flaquer. Barcelona, 1880. Euskal Biblioteka. Labayru Fundazioa.

Badira munduan, batez ere Europan, auzo-batzarretako lekuko isil izan diren zuhaitzak. Horien ondoan, normalean, ermita edo edikulu bat eta harrizko mahai bat egoten ziren, edo, Gernikaren kasuan bezala, zin egiteko tribuna bat. Caro Barojak dionez, zuhaitzek, eta bereziki haritzak, esanahi sakona dute bizitza kolektibo, politiko eta legalean.

Hamaikatxo adibide daude Euskal Herrian, baina Gernikako Arbola nabarmentzen da denen artean, gure herriaren zuhaitz bereizgarria den haritza, luzaroan irauteagatik, bizi-bizirik jarraitzeagatik eta tradizioaren ikurra izateagatik. Beste horrenbeste gertatzen da sinbolizatzen dituen foruekin, Euskal Herriak gogoz eta adorez defendatu dituenak.

Bizkaiko Batzar Nagusiak —gaurko hizkeran Bizkaiko Parlamentua bezala definituko genituzke— Arbolaren itzalpean ospatzen ziren antzina. Euria egiten zuenean, gertuko ermitan babesten ziren batzarkideak, denborarekin handitu eta gaur egun den eraikin ederra bihurtu zen horretan. Bizkaiko Jaurerriari eragiten zioten gaiak aztertu eta lurraldea arautzen zituzten legeak egiten ziren bilera horietan. Ondoren, foru horiek berretsi egiten zituzten erregeek, horienganako errespetua eta fideltasuna zin eginez.

Árbol de Gernika e iglesia juradera, 2013. Segundo Oar-Arteta. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Gernikazarra izeneko inguruan daude Juntetxea eta Arbola, hiribildu foralari izena eman zion Lumoko elizateko lurretan. 1742tik 1892ra bitartean iraun zuen zuhaitz zaharraren enborra (lehenagotik ere bazeuden) tenplete batean gorde zen, eta egungoa 2015. urtean landatu zen. 1826. eta 1836. urteen artean altxatu zen eraikin neoklasikoa, eta horren barnealdeko Andre Mariaren elizan egiten zen zina. Antiguako Andre Mariaren eliza izena hartu zuen XV. mendearen erdialdean, hiribilduko tenplu berria eraiki zenean, hori ere Ama Birjinari eskainia.

Antzinako kondairaren arabera, deiadar-mendietatik egiten zen Batzar Nagusietarako deia, eta elizateek beren ordezkariak bidaltzen zituzten. Ahaldunek jabeak izan behar zuten, eta, sarritan, izen ezagunak izaten ziren, Bizkaiko familia handietako buruzagiak, hain zuzen ere. 1876an, foruak indargabetu egin ziren, eta Batzar Nagusiak 1979an berrezarri ziren arren, eskumen asko galdu ziren denboraren poderioz. Gogora dezagun, adibide gisa, bizkaitar bat epaitu ahal izateko, “Gernikako Arbolaren itzalpera” deitu behar zitzaiola aldez aurretik.

Gaur egun, Gernikako Batzarretxean egiten dira Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkurak; eta, han bertan, Arbolaren aurrean, hartzen dute kargua Euskadiko lehendakariak eta Bizkaiko diputatu nagusiak. Halaber, Iparragirreren Gernikako Arbola kantak euskaldun guztien askatasunen sinbolo bihurtu du Arbola betiko.

Segundo Oar-Arteta – Labayru Fundazioa

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~